Antzerki politikoaren olgetea
2018-10-29 12:29Espektakuluari abesten deutso Garik; eskandaluari, barriz, Rafaelek. Eta halantxe gabiz: Espainiar Estaduan eskandaluz eskandalu; euskaldunok, aldiz, espektakuluari begira.
Ikusle finak lez, telesailaren ale guztiak irensten gabiz, banan-banan. Lehenengo denporaldian ustelkeria; bigarrenean, ostera, ogasunari iruzurrak nahiz master eta abarretako titulu faltsuak; hirugarrenean, ostera, estoldetako bilkura zein grabazinoak, ministro-kideei irainak… Gura beste luzatu daiteke tramea, argia ikusteko prest lozorroan dagoanak horrexetarako emoten baitau, nahi besterako. PP eta PSOE tartekatu dira Gobernuan, Espainian frankismoa erreformau eta demokrazia izentetan dabeen hori hasi zanetik. Denpora-tarte horretan eta gaur arte, alderdi horreen kide inportanteenak izan dira —potere ekonomikoakaz batera— Estaduko potere sarea ehundu dabenak, non eguneroko ogia, pribilegioak, eroskeria, klientelismoa eta, batez be, guztia izkutetako paktu ez idatzi bat izan diran. Estamentu guztiek hartzen eben parte, baita komunikabideek be. Interesak interes, brotxa lodienetik kotoi zuriaren probara igaro ei dira orain.
Printzipioz, pentsa leiteke alderdi horreentzat eskandaluen dinamika hau mingarria eta latza izan daitekeela. Baina PP eta PSOE batzen dituan jomuga sakrosantuari jagokonez, hau da, Espainiaren batasuna betikotzeari begira, ez da bape kaltegarria sortutako eskandaluen dinamikea; are gehiago, Estaduko punta batetik bestera Madrilgo metropoliari so bizitea da, hain zuzen be, lekukoa jaso ebenei frankismoak itxitako desideratuma: arreta gunea non, eskema mentala han; proiekzino mediatikoa zerk, horrexek garrantzia. Hortik sortzen dira erreferentzialtasun politikoak. Telebista minutuen eta bozka kopuruaren arteko loturea zuzenean proportzionala da ikuskizuna eta politika batzen diran garaiotan. Hortaz, zalantzarik ez: egin dagiela berba, nahiz eta txarto esan.
Zorionez, Euskal Herrian badaukaguz zurrunbilo horretatik kanpo euskal politikea nahiz euskal gaiak agendearen erdigunean kokatzen dituen komunikabideak. Ez da kasualidadea komunikabide horreek euskerazkoak izatea. Alabaina, ezin leiteke esan gure jendartea hortik kanpo bizi danik. Atzo, pasilloko alkarrizketa informalean, ikasleei galdetu neutsen ia ba ete ekien zer gertatzen dan EAEko aurrekontuakaz: erantzunik ez. Ondoren, klasean bertan, beste kontu bat atxakia hartuta, talde osoari galdetu neutson ia ba ete ekien Ogasun sailburua nor dan: arrastorik ez. Madrilen azken boladan protagonista izan diran ministro guztien izenak, ostera, ezagunak egiten jakezan. Ez da harritzekoa, Teleberri-n be zuzeneko konekzinoa egin eben-eta, Osasun ministroak dimitidu eban egunean bertan.
Politikearen banalizazinoaren aurrean, ikusle hutsak diran herritarrak sortzen dira, eta eguneroko bazka politikoagaz zerikusi gitxi eta personen ibilbide pertsonal malkartsuakaz lotura handiagoko gaiak dira. Espektakularizazino horretan, zelan edo halan esateko, jentearen bizimoduan benetako eragina daben gaiek —aurrekontuek, berbarako—aspergarriak dirudite. Euskal eremu politiko zein komunikatiboa indartu gura badogu, nik uste, aukera bi baino ez ditugu —tarteko grisak albo batera itxita—: edo politikearen muina beste gune batzuetara ekartea, albistegi eta titularretatik hasi, aktualidadeko programatatik nahiz eretxi artikuluetatik igaro eta kaleko alkarrizketetara arte; edo espektakulu barri baten aktore bihurtzea. Bestela, gure ordez, beste batzuek jarraituko dabe antzezten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!