8.000 metroko altuerako farmaziak
2018-10-26 12:19Alpinismoaren aita pontekoak, Reinhold Messner ahalguztidunak, ez dauka zalantza txikerrenik be: mediku bat behe kanpalekura joango balitz eta bertakoen odol-laginak hartu, mendizaleen % 90 kokoteraino dopauta doala ondorioztatuko leuke.
Himalayismoaren guruak Desnivel aldizkari entzutetsuan eginiko adierazpen potoloetan, ez dau inongo erreferentziarik egiten UIAAk, hau da, Alpinismoko Erakundeen Batzorde Ofiziala danak dopintzat joten dauenari. Entidade horrek, hain zuzen be, oxigeno-bonbonak modu ofizialean dopajetzat joten ditu edozein lasterketatan; eta, jakina, zortzi milakoak konkistetakoa lasterketa danen gurasoa da. Mendigizon beteranoa, esan bezela, harago doa: zortzi milakoen industrian produktu farmazeutikoen erabilerea guztiz zuztartua dago. Jomugak, besteak beste, errendimendu muskularra areagotzea edo odolak garraiatzen dauen oxigeno-kopurua handitzea dira. Bestela esanda: dopina definidu dau alpinista ohi italiarrak.
Everest, K2, Nanga Parbat, Annapurna… mendiak izateaz gan, merkaduak dira, merkadu hutsak; logikoa dan lez, merkadua edo show business distiratsua dagoan lekuan, begibistakoa da goi-mailako konpetentzia egongo dana, alegia, diru-kontuak, gordin-gordinean. Mendian ibilteko esperientzia —eta espedizinoak ordaintzeko beste diru— daukien bezeroak hamaikatxu agentziagaz hartu-emonetan jarten dira, munduko gailurrik altuenak zapaltzeko. Agentzia edo marken egitekoa, horrenbestez, bezerook tontorra harrapau deien eskura dagoan dan-dana egitea da —eta, dana dinodanean, dana dinot—. Egitekoen artean, hurranez hurran, aireportuetatik (erabiliena Lhotsekoa izan ohi da) behe kanpamendura arteko tramite zein bitarteko danak kontrolpean eukitea, materiala —jana nahiz edana, sokak, aseguruak, eskailerak, piolet edo kranpoiak edo bestelako atazak— kudeatzea eta, zelan ez, gailurrera heltzeko sustantzia egoki edo pertinente oro arteztea dira.
Messnerren berbetan, orain dala hamarkada ugaritatik, mendizaleen poltsetan ez dira faltau Edemox, Diamox, Epipen edo Decadron lako farmakoak. Hori gitxi balitz, zelan ahaztu Dexametasona ospetsua: mendi-hiztegian Dex modura ezagutzen dan botika horrek, hain zuzen, altuera handian gagozala, garunak bere tamaina ez handitzea eta, holan, infartu zerebralik ez izatea ahalbidetzen dau. Makaltasun hau dezente normala da altuerea 6.500 metroz gorakoa danean. Kontuak atera deizuezan, farmako hau kimioterapietan ibilten dan gogorrenetakoa da, gaixotasun larri samarrak trataukeran errezetetan dan Hidrokortisonea baino 30 aldiz latzagoa.
Kontu hau guztia, jakina, ez da inondik inora be barria: 1953an, historiako mendizalerik entzutetsuenetakoa dan Hermann Bulh Pakistaneko beste erraldoietako batetik (Nanga Parbatetik) itzuli zanean, normaltasun osoz autortu eban anfetaminak konsumidu zituala. Ez zan ezertxu be pasau: beste aro batzuk ziran. Gaur egun, ostera, pilulok oraindino be konsumiduten jarraitzen dabe. Hori bai, inork ez dau txintik autortzen: beste aro batzuk dira. Bien bitartean, atletismoan, txirrindularitzan nahiz kulturismoan dabizanei begira emoten doguz egunak, mendizaletasuna munduko aferarik sanoena zein euskaldunena dalakoan.
Profesional adierazgarrienek azaldutakoaren arabera, gakoa Himalaiako garaiera ikaragarrietara ohitzean datza, hau da, aklimatazinoan. Arazoa, baina, horrexegaz lotutakoa da, izan be, guztiz zilegi —eta beharrezkoa— da farmakoak eskura izatea, altuera-kota inportanteetan mendizaleren bat gaixoak jota sentidu ezkero, ganoraz tratau ahal izateko; dana dala, medikamentuak modu automatizatu zein sistematikoan erabilten hasten diranean, aklimatazino-faseari agur esaten deutsie: kontu fisiologiko huts-hutsa kanpo-baliabide sintetiko eta kimikoakaz bardintzea. Hau Everest ahalguztidunaren kasura ekarrita, Luklara —kotarik bajuena, 2.850 metrotara, atera kontuak…— ailegeteaz batera emoten jako hasikerea aklimatazinoari: anfetaminen, Dex-aren edo oxigeno-txuteen barra librea. Modu progresibo edo gradualean egin beharreko ohitze-prozesuaren garaiak joan ziran: farmakoen iraultzea hemen da. Everest? Ia-ia 9.000 metrotzar? Zer da hori, ba? Non dago arazoa? Horreetan gagoz.
Argi dagoana zera da, alpinismoaren ikuspuntu epikoa —eta, beharbada, klasikoa— betiko galdu dala, oxigenoak edo soka finkoek bidea edegi daben heinean. Helmugea, honezkero, ez da tontorrera heltzea; horren ordez, asmoak bestelakoak dira, haragokoak dira: ahal bada, azkarrena izan beharra dago eta, batez be, lehenengo gailurreratu. Egiteko hau garbi nahiz modu guztiz legalean egitea ez da baloretan, ez dau jada inongo zentzunik. Azken baten, horixe da bezeroek nahi dabena, horixe da alpinismo-enpresek gura dabena, horixe da aldizkariek edo ikusleek behar dabena. Gaur egun, badirudi Everest egun bateko denpora-tartean, praka laburretan eta puro bat erreten igoten ez dauena, zuzen-zuzenean, ez dala ezer. Giltzurrunetako gaixoa, gatx hepatikoa zein arazo kardiobaskularrak, beraz, jokoaren parte dira daborduko. Aukera bi baino ez dagoz: jokoa onartu eta parte hartzea edo aldizkarietako nahiz youtubeko titularrei muzin egitea. Hautuaren erantzuna, ostera, bakarra izan ohi da, normalean; argi dago ospearen eta bizi osorako lesioen artean zein dan aukeratu behar dana.
Messnerren aipuakaz amaitu gura neuke, lekukorik ziurrenak dirala deritxot-eta. Mito transalpinoak historiaren bahean zehar nabarmenduriko mendizaleen testigantzak aitatu zituan: Maurice Herzog eta bere taldeak, 1950ean Annapurnara eginiko espedizinoan, azukre-koxkorrak adrenalinatan bustiten zituela autortu eben; Lionel Terrayk Huntsan —Mendikate Zuria— konkistetako kokaina-orriak erabili zituala kontau eban, 1952an; Hermann Buhl eta anfetaminen konsumoa goian azaleratu dogu; Tom Hornbein, Lute Jerstad nahiz Barry Bishopek, 1963ko Everesteko trabesian, anfetaminak, hormonak zein bestelako kapsulak konsumidu zituen, orain dala urte gitxi batzuk azaldutakoaren arabera; Steven Venables handia, barriz, kafeinea erabili eban 1998an Everesteko Kangshung lerroa igaroteko.
Ni neu ez naz kirolaren eszeptikoen zakuan sartzen, baina horrek ez dau esan gura eszeptikook ulertzen ez dodazanik. Sarritan, altueratako karrera hau hamalau zortzi milakoak konkistetako lehia barik, Himalaiako farmazia partikularra dalakoan nago. Amaitzeko, testu xume honetan ez neuke sartu gura negozio honek mendian ixten dauen sekulako hondakin-kopuruaren, enpresen ustelkeria konpulsiboaren edo aldizkarien saldukeriaren uretan… oraingoz ez, behintzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!