Poesia idaztea
2018-10-24 15:13Olerki bat idaztearen zutabea behera botateko nahitaezkoak diranen zerrendan, hasikeran, ez daukazu deus: daukazu boligrafo herdoildu bat, daukazu zalantza-itsaso bat, daukazu halako misterio-irrika txiker moduko bat.
Hasieran, daukazu zure etxe barriko leihoko irudi berbera mila aldiz, isiltasunaren konplizidadea eta ahal dan bizkorren amaitzeko beharra, ez besterik. Poesia basapiztia ederra da, beti erasorako prest. Ez da afera erraza mobiduteko beharrizana daukanari erretratu bat ataratea, ezkontza-egun euritsu baten lez: lausoegi atera zintekez, akaso; geldoegi, bestela. Beraz, lehenengo ta behin, piztia horri argazkia ateratzen saiatzeko borondatea behar dala adierazoko neuke; aitzitik, adierazten dot.
Poesiaren munduan berezia da maiz, gatxa dala asmetea denporea galtzen ala irabazten ete gabizen. Orduan, badaezpada bezela egiten dogu gauza oro: jan, lo egin, irribarretsu agertu, eskerrik asko esaten ikasi, etxera deitu, maitatu, sentidu, erretratuak atera… baietz esateko ordua heltzen dan arte. Hortaz, berben ablazinoa egiteko predisposizinoa bigarren premisa beharrezkoa dala ziurtatuko neuke; ziurtatzen dot. Ez bazagoz gauzak norbere modura egiteko gertu, ezin poesiaren uretan sartu; ez bazagoz poesia hamaika porroten kontaketa perfektua dala autortzeko prest, debalde lapitzari hatzamar artean men egitea; ez bazagoz poesia bizitzari egiten deutsagun kleptomania-ariketa hutsala zein banala dala onartzeko pronto, ez dau zentzurik papel zuriaren aurrean parateak.
Batzuetan, behar doguzanei behar doguzala esatea munduak izan beharko leukeenari buruzko hausnarketa sakona dela deritxot, poesia bezelaxe. Baina, beste askotan, poetena —nire begietan, behintzat— ez da nerabeentzako joko inozoa besterik, huskeria bat, ilusino idiliko bat. Bizitzeak era horretako hausnarketen aurrean ipinten zaituanean, baina, definizino bi horreen artean nonbait, zeure tokia bilatzea komenidu da. Osterantzean, mundua zabalegia zein luzeegia subertau dakikezu, nahiz eta nik neuk mundua bolalumearen erritmora eta letren konpasera baino ez dodan ulertzen.
Mila gauza egongo dira, segurutik asko, poesia idaztea baino zirraragarriagoak diranak, baina ahaztu egin jataz. Memoria kaskarra neurea. Oraindino ez dogu asmau hori egitean nozitzen dana behar bezela espliketan, jentea merezidu daben neurrian eskertzen, ezetz esaten. Gure burua engainetan dogu, hori lortu bitartean pakerik izango ez dogula —eta parekoak— behin eta barriro errepetiduta. Baina jakin badakigu berben atalaiatik ikusten dan hori ez dala guzur eder bat besterik; berbok altu ahoskatzea atxakia bat baino ez dala, bizirik gagozala aldarrikatzeko, eta haren atzean ostenduta gordeko dogula betiko guretzat bakarrik gura genduan ha.
Ni oso memoria txarrekoa naz; baina, bai, segurutik, mila gauza egongo dira poesia idaztea baino ederragoak diranak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!