Negurako aterpea
2018-10-22 16:26Negu aroak beti sortu izan ditu sentimen oso ezbardinak nigan, beharrezkoa dozun baina, aldi berean, minbera jatzun zera hori lez.
Joan zan barikuan, arraro jagi nintzan; ez nekian zergaitik, baina dana iluna begitantzen jatzun sentsazino autodestruktiboak bahitu eustan horrenbesteko estimuan dodan barikua. Oasis taldeko abeslariari —ez dakit adibiderik egokiena ete dan— irakurria neutson, aldizkariren baten edo, badagoala zaurien zikloa deritxon zeozer. Antza danez, logeleak irensten zaituan egun hotz, pisutsu nahiz hipokondriako horreetan edegiten dira zauririk sakonenak, baina, era berean, egun horreek guztiz nahitaezkoak dira zauriok zolitu eta zarratu gura baldin badoguz.
Halantxe, helburu ez oso argi baina bai oso beharrezko bategaz, jarri nintzan Zallara bidean; Izarok herriko kulturgune/antzoki/zinema baten joten ebala nekian. Zinemea, bidenabar, beti iruditu izan jat leku berezia: izan oroitzapenakaitik, izan hor arnasten dan atmosfereagaitik… edo batek jakin zergaitik. Kontua da jakin banekiala Izaroren kontzertua, afera melomano edo musikazalea albo batera, terapia baten parekoa zala. Jakitun nintzan, musikea psikiatren, farmakoen nahiz medikuen arerioa dala —esperientziaz dinot— eta formatu akustikoa zinema baten entzutea, aldiz, lotsatien mendekua.
Zorioneko sentiduteko gau egokia zan Zallakoa, halan igarri neban. Batetik, egia esateko, ez dot uste ikuslegoko batzuen jarrerea egokiena zanik, eta horrek are harroago sentiarazo eustan: Gurasook, arren, mesedez, faborez, karidadez, otoi, mesede bat eskatzeko balia leitekeen edozein formulagaz, seme-alabakaz bariku iluntze batez zer egin ez badakizue, ez egizuez beste barik antzokira eroan! Behin emonaldia hasita, ez zan erreza subertau umeen arineketak, garrasiak eta, oro har, trabea galazotea. Zuzenekoatako pasadizoak dirala esan beharko da… Ganera, hain gaztetxuak ez diranek be jakin beharko leukie fokuak argitzen diranean euren segapotoatako flash-ak amatetan, atzeko lerrokoakaz tabernako barrea bailitzan berbetan ez hasten edo partikeratik aurreko tabernazuloko pintxo bat zuzen-zuzenean ez ataraten —bai, bai, halan izan zan…—. Kanteak dinoan moduan: zenbat astez ostera.
Hasikerako bertso-saio laburraren —polita iruditu jatan— eta beste neska horren kantaldiaren ostean —ez dakit nor dan, baina jakin beharko leuke berari, taula ganean egon zanean, arretea zein isiltasuna eskaini geuntsan neurrian, berak be ondorengoa joten dabilela isilik eta geldi egon beharko leukela, eta ez kuadrilakoakaz jugadea komentetan edo familiakideakaz ataratako bideoak txekeatzen—, Izaro mallabitarra agertu jakun; lasai antzean, oinak taulakaz zuzenean harremanean jarriaz eta akats txikitxu bakotxari burdina kentzen eutson irrifarretxu bat eskainiaz, seguridade sentimena transmitidu eustan. Hori bai, aitamen bereziak egin behar diralakoan nago: batetik, beragaz dabilen musika-bandeari eta, batez be, gura bezela ibili zan Iker Laurobari; bestetik, ostera, horren sonoridade ona lortu eben teknikariei.
Gaur, ez neuke emonaldiaren sinopsi edo laburpenik egin gura; beste batzuetan be eginikoak gara, bai kalidade edo zehetasun aldetik, bai sentipen zein adierazkortasunari jagokonez. Esango dodan gauza bakarra da, itzulerea ze ederra izango dan gogorarazo eustala: Tanzania aldetik bizkarra apurtu beharrean daukadan laguna Zallara ekartea lortu eban bere musikeagaz eta hori, beste inorentzat gitxi samar izan leitekeen arren, niretzat asko da. Ez dakit zer dala-eta, baina emonaldian aurrera egin ahala, berba jakin batzuk jatorstazan gogora, Imanol Larzabalek orain dala hamarkada asko musikara ekarriak:
Maite zaitut, zorion,
inon ez zelarako,
ezer zeralako,
maite zaitut, zorion.
Amaitzen zeralako,
edozein gauerditan,
kale baten ertzean,
maite zaitut, zorion.
Hitz soil bat zeralako,
poetek asmatua,
zorionik asmatzen
ez zekitelako.
Denona zeralako,
ezer zeralako,
maite zaitut, zorion.
Zure burua lau horma artean mehartua sentiduten dozun egunetan, ezin gehiago eskertzen dira, trabak traba eta usteak ustel, zure barruko negurako aterpetxu bat eskaintzen deutsuen norbanako horreek. Eskerrik asko, Izaro.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!