Etarren amek
2018-10-19 17:47Lehengoan, Bilbotik Santurtzira arteko metro-bidaia egiten nengoala, Espainiar Estaduko telebista-kate batek atarako daben saio barria —La víctima número 8 izenekoa, edo holako zeozer, oker ez banabil— iragarten eban kartela ikusi neban, eslogan deigarri bategaz.
Esaldi harrapari haretan, gitxi gorabehera, ondorengoa ipinten eban: Zoritxarrekoa da zure semea norbaitek hiltea, baina are zorigaiztokoagoa da hildakoa zure semea bera izatea. Hasikeran, itaun bat bururatu jatan: zergaitik semea eta ez, ostera, alabea? Hori, seguru asko, izkutuan nahiz modu zeharkakoan konsumiduten dogun eredu patriarkal heteronormatiboaren ondorioa da, pentsau neban, artean; beste berba batez, historiak, hain zuzen be, semeak hiltzaileak izan dirala erakusten deusku eta, alabak, barriz, mapatik desagertzen dan mutil edo gizon horren amaren hileta-erostariak.
Dana dala, musika-erreproduzitzaileak abestiz aldatu ahala —jaungoikoak edo hor goian dagoanak bedeinka dagiala erreprodukzino aleatorioa—, buruak beste nonora egin eustan salto: Imanol Larzabalen kanta bat entzuten parau nintzan. Ez zan edozein abesti, inondik inora be: berez, ez dakit zein dan bere egiazko izena, Etarren amek dala sumatzen dodan arren —track 19 deituko deutsagu—; jakin banekiana Gabriel Arestik jaso nahiz transkribidutakoa dala da eta, nire eretxiz, euskaldunon garai historiko bat hiruzpalau minututan jasoten dauala.
Etarren amek asko sufriduten dabe semeak hilten deutsiezanean, baina, batez ere, semeek hilten dabenean, horixe dino kantu honen estrofa batek; ostean datorrenak, aldiz, hauxe: andre urrikari hauez urriki zaitezte; hainbeste otoitz, hainbeste ezpata-jantza, euskal-meza, zortziko nagusi, alboka, txistu, hainbeste hostia, alu eta potro… Herri honi erditzeko tenorea tokau jako. Argiago izaterik ez dago, kritikoago jokatzerik bez.
Orduan begitandu jatan gogorra izan behar ebala seme-alabea etarrek hildakoa izatea, zeharo odolustuta, baina, modu beretsuan, benetan latza behar dauela izan seme-alabea etarra izatea, besteen oinazeaz eskuak odolez blaituak dituana. Ez hori bakarrik: orain ez dago sigla horreen pean dabilen borrerorik —han behean, eta ez hain behean, askok holakorik onartu gura ez arren—, baina, hori bai, seme-alabea bere familia-etxetik botaten ikustea gogorra izan behar dan neurrian izan behar da zinez garratxa etxe-kaleratzea egiten dabena; seme-alabea herritik kanpora joaten ikusi beharra benetan tristea baldin bada, modu berean gogorra izango dala helmugako herrialde amestu horretan sartzen ez deutson seme-alabearen gurasoa izatea. Horreek danak etorri jatazan burura, momentu haretantxe.
Ondoren, kantea amaitu eta aleatorioak arpegi maltzurra erakutsi eustan, berba askoko baina txintik esaten ez daben abestiena, alegia. Badakizue, garraio publikoa erabiliz denpora asko emotearen aje txikiak…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!