Urriaren 11ren osteko egun hori
2018-10-16 01:00Urriaren 12an, hau da, joan zan eguenean, telebistearen aurrean harrapatu ninduan indar armaduen desfilearen hasikereak, gaur egun TVErentzat egutegiko jarduerarik inportanteenetakoa izan leitekeenak.
Hasteko, Sanchez presidentearen aurkako oihu nabarmenak aditu ziran pantailan zehar: fuera, ocupa, dimisión… Benetan harritu ninduana, baina, zera izan zan, zein gitxi errespetetan daben euren jaia, norainoko gorrotoa daukien barruan euren nazinoaren momentu horren esanguratsu zein adierazgarri hori arrabots bortitzez itsusteko. Espainiar nazionalismo bete-betea ikusi neban, gizalegetik urrun eta a por ellos-etik hur —hurregi, egia esateko—.
Espainia aldean, antza danez, askorentzat, poterea beti betikoen esku egon behar da; besteak gobernetan baldin badagoz (sozialista honeek, berbarako), ostera, edozer da zilegi egoera anormal horregaz amaitzeko. Eta, jakina, bardin da, funtsean, sozialistek eta eskuindarrek antzeko politikea egiten badabe gauza gehientsuenetan. Kontua da agintea nork eduki behar dauen; hain sakon zuztartutako idea arraro hori frankismoaren herentzietako bat da, nik uste.
Guztien buru, hor, estatuaren jaubetzan, erregea egoan, Franco berak hor jarri eban errege eredugarri horren semea eta, horrenbestez, oinordekoa: Felipe. Zelan ez, oraintsu Kataluniako parlamentuak gaitzetsitako hori berori. Komentario edo iruzkinik ez.
Jarraian, Espainiako eroriei edo a los caídos por España dalakoei egin eutsien omenaldia. Kontua da caídos adierazpide hori urte luzeatan bando frankistearen hildakoei erreferentzia egiteko baino ez ebela erabilten; era berean, ez dau emoten urriaren 12ko omenaldi hori errepideetako bazterretan erori ziran demokrata, ezkertiar edo abertzaleentzat danik —oraindino gehienak lurperatze duinik bage dagoz, Franco zendu eta 43 urtera…—.
Eta jaiak holantxe egin eban aurrera: guztiak, erregea, Defentsa ministro anderea… a capella tamalgarri eta erridukuluan kantetan hasi ziran: Tú nos dijiste que la muerte … Kanta katoliko-katolikoa, estaduko zeremonia zibil azpimarragarrienean! Estaduko potere-arduradun nagusienak fede baten oinarrizko ideak aldarrikatzen, estaduko ekintza ofizialean; hori guztia, ez daigun ahaztu, —ustez— sozialistak izanda. Pluraltasunari, beste siniskeriei nahiz sinismen gabeziari ostikada makala estaduaren poterearen arduradunen partez. Horra hor titularra. Ez deritxot, inondik inora be, Francoren estadu nazional katolikotik oso urrun gabizenik.
Gaurko Espainiak frankismoari zenbat zor deutson gogorarazoteko ospakizun benetan egokia da urriaren 12ko hori. Gaur egungo Espainiaren gatazka gorena, hau da, Kataluniakoa, errez asko ulertzen da urriaren 12aren argira; oso egun aproposa da, zelan ez, espainiar oso espainiarren jairako. Ez naz sartuko Hispanidadearen egunaren gaian, ezta 12an bertan ospatzen dan jazoera historikoaren analisian. Beste batzuek egin izan dabe ondo, hamaikatxu komunikabide, barriketaldi, saio edo tertuliatan.
Espainiar nazionalismoaren jarrerea eta ikuspegi honeek begiratzeak kezka eta asmoa ekarri deustaz gogora: gure abertzaletasunagaz —edozelakoa izanda be— ez daigun egundo ezer antzekorik egin: hain zarratua, hain sinplea, hain manikeoa, hain motza…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!