Ardurak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-10-10 18:24

Joan zan barikuan aspaldiko lagun bigaz geratu nintzan kafe bat hartuaz batera geure kontuez patxada ederrean berba apur bat egiteko. Edariaren bigarren zurrutadeagaz batera, baina, bai bata, bai bestea bakotxaren bildurrak, trapu zaharrak nahiz egitekoak plazaratzen hasi ziran.

Arinago be aldarrikatu izan dot: bizian gauza gitxi dagoz kafeagaz batera doan alkarrizketea —edo, sarritan, bakarrizketea— lako zuztartuak. Eta, beno, lehengo pasadizoari atzera helduaz, hantxe nengoan ni, musturren aurrean neukazan norbanako bien sapuak eta sugeak entzuten, biei buruagaz gora eta beherako baiezko keinua egiten neutsien artean. Bataren zein bestearen kexuak edo ardurak, egia esateko, nahiko parekideak ziran: ezkerrekoak osaba izan behar zala eta bidean etorren umetxuari ze izen jarri behar jakon itauntzen euskun —izendegi osoa zerrendatu ebalakoan nago, ganera—; eskumakoak, ostera, beharrez aldatzeko upelako beharrizana eukala adierazoten eban, ez egoala inondik inora gustora ugazabearen lanerako moldeakaz eta bere lankideen pasibidadeagaz —honek be, zelan ez, bulegoko behargin guztien izen-abizenak erreskadan bota euskuzan—.

Nik, kanpoko berba-uriola haretatik iges egin guran edo, nire arduretan bilatzen neban aterpea: egunkarian irakurritakoak —Alemanian muturreko eskuindarrek eskuratu daben poterea, aurton Mediterraneoan ito diran etorkinen kopurua, egunean-eguneango eraso sexistak, dolarraren debaluazinoa eta abar luze bat— edo kafetarako etenaldi haren ostean egin behar nebazan errekaduak neukazan gogoan. Baina, bapatean, zera etorri jatan burura, edadean aurrera egiten dogun neurrian gure kezkak, ardurak, bildurrak, buruhausteak… zelan aldatzen diran.

Akordura etorri jatan, berbarako, goizean LHko hirugarren mailako umeakaz egon nintzala eta hareen ardura esanguratsuenak klasetik ahal bezain arinen urtetea eta korridorean lehen postuetan kokatzea zirala, futbol-zelaia hartu ahal izateko eta jantokira lehenengo heltzeko, hurranez hurran. Gogoratu nintzan, halaber, ordu batzuk beranduago batxilergoko lehenengo mailako nerabeakaz EGA esaminea prestetan izan neban barriketaldia: zalantzatan murgilduta egozala unibersidadeko graduari jagokonez, selektibidadea lar kantsagarria dala, zapatuko parrandea…

Kafez beteta egondako kikarea guztiz hustuteko puntuan dagoala, batxilergoko nahiz LHko umeak eta aurrean dodazan bi persona helduak pare-parekoak dirala pentsau dot, bi moltsoetakoak arduratzen dirala gehiago bizitzako arazoez, aukerez baino; bi moltsoetakoek uste dabela euren arazoak besteenak baino larriagoak dirala, ondokoaren egoerea ezagutu ordez; azken baten, biak sentiduten dirala zoritxarreko, euren inguruan dagozan gauza onak ganoraz balorau barik. Ostean, neska-lagunari deitu deutsat, barreneko ardurak norbaitegaz hustuteko beharra sentidu dot-eta…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu