Gosari osasuntsuak
2018-10-05 14:09Gosaria edo armosua, antza danez, eguneko otordurik esanguratsuenetakoa da, egun osorako energiak nahiz umorea baldintzatzen dituena.
Batzutan, plagioa errentagarri subertetan da: Cabronazik bere logotipoa jarriko deutso umeentzako zereal marka bati. Orain dala urte dezentetik, Cabronazi interneteko gaztelaniadun munduan errealidade ukaezina da: lau miloe jarraitzaile baino gehiago ditu eta, ganera, danatariko sailak (kirolak, politikea, gizartea, eta abar).
Azken hilebeteotan Cabronaziren itzala pixkatxu bat apaldu dala emoten dauen arren, entidade honen kanpaineak aurrera darrai: Cuetara markeak Cabronazigaz loturea ezartzeari ekin deutso umeentzat bideraturiko zereal batzuen irudia osotu daian. Bestela esanda, Cabronaziren irudi ospetsua, sare sozialatan barrena Hitlerrez mozorrotuta barra-barra zabaldu dana, zereal-marka baten logo bihurtuko da. Lema antzeko bat be osotu ei dabe bi erakundeok: Umeok, jan egizue hau zuon garunetara azukera asko hel daiten eta besteen talentua ohosteko modua bururatu daizuen. Eta, jakina, Cabronazik eslogan hau be, fakturau egin dau. Bien bitartean, Htiler faltsuak lagun egingo deutsie gure seme-alabei euren gosariatan.
Gosariaren orduan gure etxeetan klasikoa izaten dan beste elementua irratiarena da, izan be, armosua jan bitartean, albisteak, podcast-ak edo bestelakoak entzuten dituenak asko eta asko dira. Hori bai, eguna hanka onez hastekotan baldin bagagoz, hoba da irratsaio jakin batzuetara ez jotea, etxeko atetik umoretsu urtengo bagara, sikiera. Berbarako, Juanma Castaño kazetariaren edozelako eretxia gaitzetsia geratu da berak hamaikatxutan esan —eta berretsi— dituanen ostean: COPE irratiaren mikronoan adierazotakoen arabera, gizonezko futbolariek ez leukie gauean zehar jagi behar euren ume txikiak jagotera, deskantsua euren beharraren zati nahitaezkoa dalako. Ez dau ezer esan, ostera, euren futbolari ibilbidean umedun geratzen diran emakumezkoeen kontura —oraindino be tabua dan gaia, bide batez—. Horrezaz gan, ez dau sartu gura izan — lankideek behin eta barriro tira eta tira eginagaitik— gai jakin batzuetan; esaterako, zelakoa dan gauez parrandan urteten diran futbolari profesionalen deskantsua —zoritxarrez, horreek be argitara urten dira-eta—. Castañorentzat inportanteena da, kirolariok guraso lez dituen arduretatik nahiz obligazinoetatik libre egotea. Kafeari azken zurrutadea emon eta zuzenean kalera, hoba da holako astokeria gehiagorik ez entzutea, gaurkoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!