Ostadarraren bileteak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-10-01 17:59

Munduko txapelketak txirrindularitzearen urteroko egitarauko puntu beroenetakoak izaten dira; urtero-urtero, munduko ziklista onenen jomugea hurrengo denporaldi osoan zehar ostadar elastikoa jantzita eroatea izaten da. 

Denporaldiko azken hitzordu horretan, zaldun gehiegi egoten da tronu bakarra lortzeko. Zilegizko erregea —atzora arte, sikiera— Eslovakiako Peter Sagan da, hiru munduko txapelketa erreskadan bereganatu ostean. Innsbruck-ekoa, alabaina, ibilbide gogorregia zan Saganentzat; ez, ostera, Alejandro Valverde murtziarrarentzat, hau da, munduko txapeldun barriarentzat.

Gizonezkoen elite mailako iraupeneko lasterketan edo, betela esanda, mundialeko proba nagusian, Espainiako selekzinoak, hurranez hurran, sei domina ditu, horreetako hiru Torrelavegako Oscar Freire sprinterrak irabazitakoak —1999an, 2001ean nahiz 2004an, behinik behin—. Beste biak, aldiz, euskaldunen merituak dira: batetik, Abraham Olano anoetarrak irabazitakoa —1995ean— eta, bestetik, barriz, Igor Astarloa ermuarrak etxera ekarritakoa, 2003an. Hainbeste urtetako sikatearen ondoren, Valverdek, horrenbestez, seigarren urrea eskuratu dau Espainiarentzat.

Seguru asko, Bala ezizenez ezaguna dan horrentzat azken tiroa izan da Austriakoa, eta ez dau, inondik inora, kale egin. Zazpi dominaren jaube izanda —urrezko bat, zidarrezko bana zein brontzezko lau—, amesetako palmaresa osotu dau Movistar taldeko gizasemeak. Baina, horreek holan, joan gaitezan kopuruetara: hiru dominadunentzat diru-sariak emoten ditue munduko lasterketa goren honetan. Lehenengoari, hau da, Valverderi 7.667 euroko saria emon deutsie; 5.367 izan dira bigarren amaitutako Romain Bardetek partikerara eroan dituanak; brontzezko dominaren irabazleak, Michael Woods kanadiarrak, aldiz, 3.067 euroko zakua osotu dau.

Mundialetako diru-sarien faktorerik esanguratsuena, baina, generoen arteko bardintasunaren alde emondako aurrerapausuena da, zalantzarik bage, izan be, bai gizonezkoen kasuan, bai emakumezkoenean, sarien diru-kopurua berbera da. Berbarako, gizonezkoen bakarkako erlojupeko proban, irabazle subertau zan Rohan Dennis australiarrak 3.833 euro zakuratu zituan; bigarrenak, Tom Dumoulin nederlandarrak, ostera, 2.300 euro eta hirugarren geratutako Victor Campenaerts belgikarrak, barriz, 1.633 euro. Emakumeen kasuan, lehen hirurek —bide batez, hirurak holandarrak—, goian aitatu lez, kopuru bera poltsikoratu eben.

Gizonezkoetan, Quick Step Floors taldea eta emakumezkoetan Canyon taldea gailendutako taldekako erlojupekoan, ostera, diru-sariak 33.333 eurokoak —irabazleentzat—, 20.833 eurokoak —bigarrenentzat— nahiz 16.666 eurokoak —hirugarrenentzat— izan ziran; kuriosoa, batik bat, proba horretan laugarrenak zein bosgarrenak be sariak jaso ebezela: 8.333 eta 4.166 eurokoak.

Junior maileari jagokonez, inork ez dau Remco Evenepoel belgikar gazteak baino irabazi potoloagorik lortu. Flandriarra etorkizuneko izar distiratsuenetakoa da daborduko eta bere kategoriako urrezko dominea irabazi eban erlojupekoan —767 euro— eta errepideko karreran —1.533 euro—.

Argi dago goi-mailako kirolak upelako diru-kopuruak mobiduten dituala, datuei erreparau, besterik ez dago hori holan dala jaubetzeko; eta, zelan ez, hori guztiori, teorian behintzat, kopuru ekonomikorik altuenak mobiduten ez dituan kirol periferiko baten kasuan. Ez gara, badaezpada, futbolaren, golfaren, saskibaloiaren edo baseball-aren uretan sartuko.

Hurrengo munduko txapelketak Yorkshire-en izango dira, hau da, Erresuma Batuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu