Hemen eta gero

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-09-28 15:51

Laguntzea joatea bere bada, ez egotea eta ez izatea, eta ez aholkatzea.

Kontu honen ganean noz edo noz idatzi izan dodalakoan nago, heztea ezetzera ohitzeko bide bat lez irudika leiteke; hezkuntzea ezezkoatan trebatzea da, zer ez bereizten jakiteko bide sigi-sagatsua, alegia. Zalantzarik ez daukat, zer ez moduan, inportantea da zer bai jakitea, baina aukeratu behar baneu zer ez-ak finkatuko neukez, eta zertzuk bai, hezi beharreko personearen eskuetan itxi.

Umeak tuntuntzat edo tontotzat hartzen doguz askotan, plastilinazko eta kotoizko azalpen erpinik bakoak eskainiz, baina uste dot jarrera hori, umeak bezela, hazten dagoala, eta ahazten jabilkula gauzak ez esatea, ikuspegi ez-manikeistea erabiltea eta azalpenak zabalik lagatzea.

Alkar laguntzea, edozein komunidaderen komuneko papela izan behar litzakeen arren, laguntzeagaitik laguntzearen zurrunbiloan zorabiatu gaitekez: laguntzea norberak norberarentzat nahi leuken laguntzea emotea balitz lez, eta laguntzen saiatzen garen guztietan, lagunduko bagendu lez. Laguntzeko gogoa nondik jatorkun aztertzea izan leiteke honen guztiaren  oinarrizko gakoa. Nori laguntzeko asmoa daukagu benetan? Hurkoari? Geure buruari? Geure buruari eta lagun hurkoari? Azken itaunaren baiezko erantzunaren bilaketa bidean, sarritan galtzen gara erabilitako tiritetan.

Laguntzea, akaso, ez baita —kasu guztietan, behintzat— ustez pattal dabilen lagunari, aldiro, pattal dabilela gogorarazotea nahiz emotikonorik transzendentalenak bialtzea, funeral-aurreko errukiaz; laguntzea, agian, ez baita minari iges egiten deutson lagunari minari iges egiten jarraitzera bultzatzea, bere argudioei buruagaz baietz-baietz eginaz; laguntzea, apika, ez baita pisua hartu gura eta hartu dauenari zorionak emotea, edo galdu nahi eta galdu dauenari bere aldaketea loraz aitatzea. Laguntzea, goian esan dodan modura, joatea be bada, hau da, eszenan ez egotea.

Negar eginarazoten deuskuenak gehien —edo hoberen— maite gaituela irakurri izan dot, falaziarik eraginkorrena lez, hainbat aldiz. Bildurgarria da esaldi hori oinarritzat hartuz bizitea, eta ez jat hedagarria begitantzen; ez, ostera, kontrakoa be: ondo sentiduarazoten zaituanak zein pakea emoten deutsunak lagunduko deutsula gehien. Hori guztia, nire aburuz, ez dagoalako inor bere bizi ibilbide osoan zehar parean jarrera bera behar dabenik, hots, gordintasun edo gozotasun berbera behar dabenik. Batzuetan, hasarratu egiten gara lagundu gura eta laguntzen gaituen horreekaz. Erredura baten lako bat isiotzen deuskue eztarrian; eta halanda be, sarri, ez dira gure hasarreagaz hasarratzen, eta denpora batera laguntzino itxurarik ez eukan laguntzino ha eskertzeko gai izaten gara. Laguntzino hori emoten daben lagun horreek estimu berezitan daukaguz, askotan. Baita hori egiten daben sortzaileak bere.

Alderdi politikoek be, nire eretxiz, gehiagotan jokatu behar leukiez lagun horreen funtzinoak. Erresistentziak izango dirala jakinda; aldi batez, hautesleak galdu leikiezela kontziente izanda; erabat ulertu edo onartu ez eta erredurea eragin ahal dabela asimilatuz, aurrera sendo egiteko. Frankotan, jendarte oso bati laguntzinoa eskaintzen ibiliko diralako, hain zuzen be, gerora eskertu egingo deutsien jendarte oso bati. Laguntzea, azken baten, ez baita hemen eta orain: batzuetan, hemen eta gero da.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu