Pantailearen atzerabidea
2018-09-25 17:15Urtebete eta piku pasau da igazko Cannesko Zinema Jaialdian zinemearen munduko 100 izar baino gehiagok emakumezkoen eta gizonezkoen arteko soldata-desbardintasunaren kontrako manifestu bat hitzartu zein idatzi ebenetik.
Industria zinematografikoa, egia esateko, hankaz gora ipini eban aitatutako manifestu harek: lehenengo aldia zan gidoilariak, errealizadoreak, agenteak, zuzendariak nahiz aktoreak batu eta soldata-bardintasunaren edo industria honetako genero arteko parekidetasunaren alde paretan zirana; ez zan izan, inondik inora bere, ahuntzaren gauerdiko eztula.
Manifestu hau, zorionez, gure mugetara heldu da, daborduko: Donostiako Zinemaldiak be, Emakumezkoen bardintasunaren eta Zinemarako inklusinoaren aldeko ituna sinatu barri dau. Emakume Zinemagileen Erakundeak eta Espainiako Komunikabideen Batzordeak adostu dabe, hain zuzen bere, dalako akordio hori. Besteak beste, ondorengo jomugak daukaz xedatuta hitzarmenak: genero-estadistikak sortzea —jasoten diran zintetan nahiz argitara emoten diranetan—, emakumezko beharginen egoerak eta kopurua neurtzea —zinemagintzako alor danak kontuan izanda, jakina— eta bardintasunaren aldeko plan estrategikoak bideratzea.
Zinemagintzea, oraindino be, sektore zeharo maskulinizadua da; hori gitxi ez, eta txarrera doala emoten dau. 2017. urtean, emakumezkoek postuen %24 hartzen zituen, eta gizonezkoek, aldiz, %76; horrek zera adierazoten dau, 2016agaz alderatuta, puntu pare bat bajatu dala emakumeen presentzia profesionala —%26 2016an—. Bai Emakume Zinemagileen Erakundeak, bai Espainiako Komunikabideen Batzordeak be, behinik behin, zazpi eremu zinematografiko aztertu ditue. Jasotako emoitzen artean, hurranez hurran, honakoa ziurtatu dabe: ikertutako zazpiretatik bost gizonezkoek menderatutakoak direla eta emakumeak, ostera, ganerako bietan baino ez dirala agertzen. Eremu bi horreek, egin-eginean be, uleapaindegia nahiz makillajea eta jantzitegiaren diseinua izan dira, emakumeen %72ko presentziagaz.
Produkzinoari jagokonez, gizonek %74ko presentzia daukie, gaur egun; zuzendaritzan, barriz, %88koa; gidoigintzearen kasuan, %87koa da presentzia maskulinoa eta produkzino musikalean, aldiz, %96koa. Argazkilaritzea edo muntaia be, zelan ez, gizonezkoen sailak dira —%93ko eta %80ko protagonismoagaz—; soinuaren ardurea daukan arloan, bestetik, %93koa da maskulinidadearen oihartzuna eta, amaitzeko, efektu bereziak be, zeharo gizonezkotuta dagoz, zelan edo halan esateko —%99ko protagonismo maskulinoa, hau da, ia-ia erabatekoa—.
Zinemea arma poteretsua da, estereotipo sozialen espilu fidela. Hori bai, estereotipo zein aurreretxiok eraldatu eta irauli egin behar diran neurrian, derrigorrezkoa da espiluak be behar dan moduan isla egitea. Bide batez, Zinemaldiko zuzendariak, daborduko, festibalaren hurrengo etapea emakume batek gidatua egongo dala adierazo dau. Ez da aurrerabide makala, atzerabidea pantaila handiaren modan guztiz zuztartua dagoan mundu honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!