Oporretako berreskuratze musikalak
2018-08-21 07:18Oporretan joateak zera dauka ona, jente, leku, esperientzia eta, zelan ez, doinu nahiz musika barriak ezagutzen dozuzala, baita aspaldian ahaztuta izandakoak errekuperau be.
Musika taldeak banatu egiten dira azkenean, eta bakarlariak, unedaren batean, erretirau ei dira: hori egia unibersala da. Baina hori bezain unibersala da, orobat, handik urte batzutara barriro alkartu eta oholtzara itzuliko dirala, arrazoi ia beti krematistikoakaitik (nahiz eta hareek dibersinoa, fanen eskakera etenbakoak, inspirazinoaren itzulerea eta antzeko kontzeptu etereoakaz mozorrotu erabagia). Itzulera horreek bi motatakoak izaten dira: 1) diskorik bakoak (horreetan musikariak bere greatest hits-ak kasik karaoke moduan paseatzera ateratzen ditue mundu zabaletik), eta 2) diskoagaz (modalidade honetan karaoke-bira bera egiten dabe, baina, ganera, atxakia lez, disko txar bat kaleratzen dabe, zeinaren kanta bat edo bi joko dituez, gehienez, hit zaharren artean). Dana dala, badagoz itzulera-disko batzuk duintasun maila minimoa iristen dabenak, eta, tamalez, oharkabean pasetan diranak. Hona halako hiru.
The Chameleons 80ko hamarkada hasikerako talde siniestro-depresibo onenetakoa izan zan, arrakasta handirik izatera heldu ez bazan bere; bi LP independente kaleratu ondoren, multinazional batek (Geffenek) hareekan sinistu eta disko bat grabatu eben 1986an, enpresearen espektatibak bete ez zituana (jakina); ondoren, abentura arraro pare bat, eta ohiko banaketea. Hori bai, kultuzko jarraitzaile oinarri on bat eukan Chameleons-ek, eta kontzertu batzuetarako juntau ziran 2000 urtetik aurrera; berralkartze horretatik, miragarriro, disko distiratsu bat sortu zan: 80ko hamarraldiko hiru disko hareen jarraipen bikaina, hamabost urteko etenaldirik jazo izan ez balitz lez; zaharren artean random moduan ipini ezkero, zinez, ez da diferentzia igarten (ragamuffin aire batzuk txertatzen dituan Miracles and Wonders abestia alde batera itxita, akaso), hots, aurreneko hirurak bezain ona, iluna eta angustiaz betea. Zoritxarrez, ez zan inor enterau; besteak beste, irudipena daukat, goizegi alkartu eta grabau ebelako jazo zala ha. Urte gitxi batzuk itxaron izan baleukiez, post-punk dalakoaren olatua hartu ahal izango eben, eta nekezago egingo jaken Editors edo Interpol moduko taldeei The Chameleons-en ondarea horren modu mimetikoan (eta zigorgabean) lapurtzea…
Honeek bere apurtxu bat garaiz kanpo ibili ziran: euren gitarren popak (psikodeliko samarra) ez eban oso ondo bat egiten laurogeiko hamarkadako bigarren erdialdeko Zeitgeist bonbastikoagaz, eta Madchesterreko mobidara nahiko trakets egokitzen saiatu ziran gero. Emoitzea: bi disko kolosal (homonimoak, 1986 eta 1990ekoak, hurranez hurran), eta maldan beherako beste bi, 1993ko banaketara eroan ebenak ihesbiderik bage (kideen arteko ohiko iskanbilen artean). 2005ean, ustebakoan, lider hasarratuek taldea atzera osotu eta disko dotorea kaleratu eben. The Chameleons-en itzulera-diskoaren ereduaren aurka, Days Run Away honek zerikusi gitxi dauka The House of Love-ren hasikerako disko gitarrero hareekaz: hamen ez dogu topauko Shine on edo I don’t know why I love you lako hitazo independenterik; izan bere, diskoa nahiko akustikoa da, aitzindarien elektrizidade gozoagaz alderatuta (horren arrastoak geratzen badira bere Love you too much edo Kill Carter kantatan). Imajinetan dot fan zaharrek beste zeozer espero ebela; halanda be, ahotsak, koroak eta melodiak hor dagoz, etxeko ohiko markeagaz, eta disko ona da: entzun bestela Kinda Love (popean erromantizismoaren biziraupena bermatzen daben kanta horreetako bat), eta egingo dogu berba.
Kate Bush rara avis bat izan zan 1970eko hamarraldiko akabuan eta 80koan zehar: pop histrioniko samar bat praktikau eban, nahiko teatrala, muzin egiten ez eutsona (garai hartan, sikeran) rock progresiboaren ekarpenari. Halaber, ez zan ahots soil bat, bere abestiak konposatu, koreografiatu eta ekoizten zituan eta; bere karrerearen kontrol osoa izatera iritsi zan lehenengo emakumeetarikoa izan zan (Madonna baino dezente lehenago); zordun handiak ditu Björk, Tori Amos edo Bat For Lashes, besteak beste. Baina, halako batean, gailurrera iritsi ondoren (Running up that hill klasiko ochenteroagaz), eta LP diskretuago pare bat eta gero, plaf, eklipse erraldoia. Amatasuna, erretiroa landa ingelesean; legendak dinoanez, EMI etxeko exekutiboak, kezkatuta, etxaldera joan jakozan bisitan, galdezka ia zertan ebilen beharrean, eta Bush-ek azenario-tarta ederra eroan eutsien, labatik atara barria: Honexetan!
Baina ez zan egia osoa, antza: hamabi urteren buruan, Aerial diskoa publikau eban (bikotxa, ganera), aurrekoak lako fina, hetereogeneoa eta, horregaitik, ezbardina eta bardina aldi berean (nire kanta gogokoena: Nocturn luzea). Kate Bush ez da eszenatokien lagun, eta, ordukoan, ez eban birarik egin; beharbada, horrexegaitik lan honek ez eban lortu merezi eban oihartzuna. Baina merezi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!