Fikzinoaren mundutik
2018-08-09 14:37Batzuetan, egia da sare sozialatan esaten doguna: benetako penea emon eustan orain hilebete batzuk jazo zan Ursula K. Le Guin idazlearen heriotzeak (Berkeley, 1929-Portland, 2018).
Gaztaroan lagundu deutsun liburu nahiz musiken bildumea, irudipena daukat, betiko gelditzen jatzu gogoan, noizean behin eroaten zaituana atzera, ildo sakon horreetara bueltan. Eta Le Guinegaz behin baino gehiagotan gertatu jatan: konpainia edarra izan zan niretzat.
Zientzia-fikzinoa, une haretan, mundura eta, batez bere, hausnarketara edegitako leiho bat izan zan niretzat. Sinistu gura neuke kritikoago izaten lagundu eustala; pertsona lez edegiago, gauzak zalantzan ipinteko kapaz. Beharbada, garai bertsuan irakurri nituan filosofiako liburu askok baino areago: hamalau-hamabost urte nituanean, hori zan nire letrazko bazka nagusia, eta baita inguruan ezagutzen neban jente dezenterena be. Ni noizean behin itzultzen naz generora, baina irudipena daukat lehen baino gitxiago egiten dogula, oro har.
Egon baegoan, jakina, aurreretxi bat zientzia-fikzinoaren kontra, irakurketa sinpleagaz, kontsumo bizkorreko azpiliteratureagaz lotzen ebana: institutuko irakasleek horixe iradoki eustien, zuzenean zein zeharka, nire irakurzaletasuna eremu aberatsagoetara —Italo Calvino, Juan Goytisolo, Marguerite Yourcenar, Julio Cortázarrengana…— “bideratzen” saiatu ziranean —baita lortu be—. Egia da irakurten genduanaren ale askok —Isaac Asimoven lan batzuek, berbarako—nahiko maila literario eskasekoak izan eikezala, irudimenaren prodigioak izan eitekezan arren. Baina baegozan jada beste egile batzuk, Stanislaw Lem, Philip K. Dick, J.G. Ballard edo Le Guin bera lez, beste duintasun batez janzten ebizanak zientzia-fikzinoa, literaturzale asko horretaz oraindino jaubetu ez badira bere.
Bitartean, zientzia-fikzinoak beste eremu asko kolonizau zituan —gero eta modu eraginkorragoan—, hala nola, ikus-entzunezkoen alorrean. Gogoan dot zein zoragarriak eta ohiz kanpokoak begitantzen jakuzan Star Wars-en lehenengo filmak, edo Alien-en Nostromo ontziko giro itogarria, edo Blade Runner-en paisaje uritar aurre- edo post-apokaliptikoak. Egun hori guztia eta gehiago ohiko eta nonahiko bihurtu da gure pantailatan: pelikulatan, telesailatan nahiz bideojokoatan. Ez dogu zientzia-fikzinoaren bila liburuetara jo behar honezkero: gure inguruan daukagu, kontsumo errazeko —errazagoko—ehunka produktutan sakabanatuta.
Etorkizuna gero eta gehiago hurreratu da gugana; bestalde, orainaren iraungitze-datea garai batean baino bizkorrago pasetan da. Turbokapitalismoak eragindako denporearen azelerazino orokorrak kalte egin deutso, seguru asko, zientzia-fikzinoaren tasun “antizipatzaileari”, literatura horren euskarri inportanteenetakoa zana. Zertarako pentsau etorkizun urrunak, berehala harrapatuko bagaitue edo, okerrago dana, laster geratuko badira erremediorik bage zaharkituta?
Baina, are modu paradoxikoagoan, mainstreameko egileak hasi ziran zientzia-fikzinoagaz gero eta gehiago interesetan, eta lotsa barik ekin ahal izan eutsien generoagaz esperimentatzeari Doris Lessing, Paul Auster, Margaret Atwood, Roberto Bolaño edo Kazuo Ishiguro moduko egileek. Literatura orokorraren ondare bihurtu da holan, neurri baten, behintzat; akaso, horrek bere apaldu dau eremu berezi —ia-ia sektario— lez eukan estatusa.
Kontua da ze literatura garaikidea egiteko beste biderik ez dagoala egun, zientzia-fikzinoa erabiltea baino. Asmo garaikideko nobelak argitaratu eta laster bihurtzen diralako, nahi bage bere, elabarri historiko —eta nobela historiko modura sortzen diranak, prehistoriko, esan geunke…—. Ez dakit, beraz, gainbeheran dagoan generoa dan ala, azaleko inpresinoa bestelakoa izanagaitik, goraldi betean.
Edozelan be, eta hasikerara itzuliz: gora Ursula K. Le Guin!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!