Jaia bai; burrukea be bai?

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-08-07 15:10

Bart, Sopuertako lagun bat topau neban Lekeitioko kaian; aspaldi beragaz berba egin barik eta esan eustan, asteongo eguenean herriko jaiak hasiko jakozala eta jaiotako lehen egunean —bajada egunean, hain zuzen be— herriko koadrilen karroza-jatsierea egiteko ohiturea ei daukiela.

Gure herrian be koadrila arteko jatsierea egiten dala autortu neutson orduan, baina ez, ostera, karrozakaz. Egia esateko, karrozen kontu hori bitxia eta kuriosoa begitandu jatan eta, hori dala eta, apurtxu bat gehiago azalduteko eskatu neutson; berak, barriz, ondorengoa argitu eustan: koadrila bakotxak atontzen dauen karroza bakotxak animazino edo gai orotarikoak izaten dituala baina, bere ustez, nahiko higatua dagoan kontua dala. Horen ostean, gaien arteko aniztasuna dezente makurra dala azaldu eustan, hau da, karroza gehientsuenak gai bera jorratuten dabela. Orduan pentsau dot horren pareko pasadizoak herri nahiz ekimen frankotan emoten dirala, hau da, irudimen zein aniztasun faltea itzela dala.

Dana dala, atoan bueltau nintzan nire aspaldiko lagunaren speech-era eta, jarraian, kontau eustan ez egoala bape pozarren bere lagun-taldeak erabagi eban karroza-dekorazinoagaz. Antza danez, herriko jaietarako pentsautako gaia ertz askokoa zan: alde batetik, Altsasuko auziaren aukakoa; bestetik, aldiz, eraso sexista nahiz matxisten kontrakoa; horreez gan, herriko ume txiki bategaz subertau dan polemikearen harira egindako figurazinoa be badaroa karrozeak; ez horreek bakarrik, ze askotako tematika antifaxistak, antiarrazistak zein abertzaleak be ei daukaz karroza horrek.

Lagunak esaten eustana, eta neronek be hausnartu nebana, ondokoa izan zan: gai horreek danak modu bardintsuan jorratu eta atrezzo berberaz aurkeztea zilegi eta egoki al da? Zein ete da gai sozial larriok plazaratuteko erakusleihorik egokiena? Herriko jaiak? Ez dakit ba…

Horreez guztiez harago joanda, eta nik lagun artean eduki ei dodan esperientziatik abiatuta, nire buruari galdetu neutson ia karrozearen dekorazinoa cuorum bidez hautatua izan ete zan edo koadrilako sasi-buruzagi pareak beste danen ordez erabagi ei eban; ganera, jaia eta auzi sozialak eszenatoki berean beste barik buztartutea jomugarik zentzudunena dan pentsau dot —ez nago inondik inora be ziur— eta horren garrantzizkoak nahiz berebizikoak diran kontuok —nire aburuz— horren modu merke nahiz azalekoan ibiltea egitasmorik zuzenena ete dan. Afera hau, nik uste, ez da ezelan be ahuntzaren gauerdiko eztula.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu