Trokan sartuta
2018-08-04 13:29Barrankismoaren munduan ez naz inongo aditua, baina honezkero eginak daukadaz hamabost bat eta, horrenbestez, zer edo zer badakit mundu horren ganean; dana dala, Pirinioatako egonaldi edar honetan egitea subertau jatan trokea —Sorrosal errekakoa, hain zuzen— 4. kategoriakoa da eta, beraz, teknikoki nahiz fisikoki sano latza.
Latzena zein ikusgarriena egin jatana, baina, gugaz etorri diran monitore bien jokaerea izan da: ez da inondik inora erreza bihotzaren taupadak 180ra doazenean, errekearen indarra pertsona-talde bat eroateko modukoa danean edo beste pertsona batzuen bizitzak zeure eskuatan dagozanean tajuz nahiz lasaitasunez behar egitea.
Txalogarria begitandu jat horrenbesterainoko tentsino zein nerbio artean zelango abilezia daukien errekan barrena lerrorik, pasabiderik, estrategiarik eta trazadurarik onenak aukeratzeko. Egia esateko, inoz ikusitako gidaririk profesionalenak eta iaioenak iruditu jataz biak ala biak —hala Mario, nola David—.
Sorrosaleko trokea amaituta, alabaina, bizitakoak komentatzeari ekin deutsagu eta, orduantxe, zera esan deuskue, mendi-agentziako monitorerik trebe zein beteranoena, Carles izenekoa, orain hilabete pare bat zendu zala guk egindako trokartetik oso urrun ez dagoan beste baten eta, ganera, biek egundo ezeturiko gidaririk onena ei zala. Azken finean, abenturak abentura eta adrenalinea adrenalina, gogoan eduki beharreko urrezko lege bat dago kontu honeetan guztiatan: mendiak ez dau inoz parkatzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!