Kakahueteak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-07-30 12:14

Enkargau deustien testu edizino baten harira, Jorge Oteizaren ganeko dokumental bat ikusten nago aspaldion. VHS formatuan grabatua emoten daben bideo kaskar baten eta irudi makur baten erdian agertzen da artistea, poltergeist baten moduan, interferentziek etenda lez.

Apenas ikusten jako, baina ha ikustea gitxienekoa da, egia esateko: entzun egiten jako; hori gitxi ez, eta ez da kamera aurrean inongo huskeriak esateko jesarri, bistakoa danez. Gobernuaren, diputazinoaren, politikarien zein alkateen kontra berbaz dabil. Ignoranteak dira, salduak eta morroiak. Artearen funtzinoa, dino, enbarazu egitea da, ez da gortea entretenidutea, ezta dekoretea bere: hatza begian sartzea da. Mundua hankaz gora ipintea. Bestela, ez dau ezertarako balio; eta balio ez dauenez, harek itxita dauka —artea—, eta zeharo dago poesiari emonda, horretarako nahikoa jakozalako orria nahiz lapitza.

Erretxin berbalapikoaren tankerea dauka, uleak nahasi, udaletxean harrerako funtzionarioagaz bronkan dabilen agurea bezela, beheko bizilagunak berandu arte ez deutsolako lorik egiten ixten. Oinatan txapinak daroazala imajinetan dot, ez dakit zergaitik. Ez dau jantzi dotorerik behar mundua gorrotateko. Bukowskiren bersino oriotarra da, galbahe barik, neurririk bage botaten ditu sugeak ahotik. Baina, dana dala, ez dago hordituta: halakoxea da. Emoten dau urteak daroazala gorrotoa sustatzen bere inguruan eta, koska bat istuago joten daben bakotxean, maitasun dosi handiagoa emoten deutsola gizarteak bueltan eta, jakina, horrek askoz bere gehiago sumintzen dabela. Ez dau ulertzen zelan dabilen behin eta barriro difamazinoaren hazia ereiten eta zelan hazten dan hazi madarikatu haretatik maitasun loretxu bat, baten batek ate aurrean ipinten deutsona, malizia izugarriz.

Beharbada —dinot neure artean—, inork ez eban egundo Oteiza entzuten. Eta ha laudatzera, ha omentzera etorten ziran etenik bage; izan be, gauza sano jakina dan moduan, omenaldia egiten dabenak bere burua omendu gura izaten dau sarritan. Omenaldi bat beti izaten da mediokreren bat salbetako atxakia. Eta, modu horretan, artistearen azkeneko urteak joan ziran. Bere burua omendu gura eban eta zeharo gorra egoan jentez inguratuta egoan, artistearen berba zantar bakotxeko bizkarreko bat emoten eutsona. Tximu bati kakahuete aleak botaten jakozenean lez, gitxi gorabehera.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu