Fantastikoaren lilurea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-07-27 12:12

Euskal literatura garaikidearen historian momentu bat egon zan eta pentsau eikean fantastikoak aparteko garrantzia irabaziko ebala, gure letra barrituen osogarri ezinbesteko bihurtuko zala.

Kafka, Calvino, Cortázar, Borges eta abarren eskutik barrikuntzea heldu zan —euskal ipuingintzara, eta generoaren aldakera desbardinen zaleok izugarri poztu ginan Joseba Sarrionandiak, Bernardo Atxagak, Mayi Pelotek, Juan Garziak edo Karlos Linazasorok, besteak beste, egindako ekarpenakaz, 1980-90 hamarkaden arteko buelta loriatsu haretan: euskal literatureak, azkenik -eta, eskaintzearen aldetik, behintzat–, Munduko Letren Errepublikearen trena harrapatu ebanekoa.

Gero Carver heldu zan eta arlo hori menostuta geratu gure literaturan: errealismoa nagusitu da —nabarmen, ganera— azken hamarkada honeetako euskal unibersoan —ingurukoatan lez, bestalde: ez gara horren berezi nahiz orijinalak—. Errealismoa, fikzinoaz gabizenean, beste konbentzino bat baino ez dala ahaztuta, fantastikoa lako formulaikoa izan leitekeena. Hurrengo urratsa, zer esanik ez, zintzotasun literarioaren oldarrarena izan da, egotismoaren ordaina dan auto-errealismoarena —autofikzinoak ez ditu ia egundo elementu fantastikoak barruratzen—, eta are ez fikzinoa dalakorena.

Horregaitik guztiagaitik bakarrik sano seinale ona begitandu jatan Urt Zubiaurreren lehenengo ipuin liburuaren kaleratzea, Izenik gabeko lurrak  (Erein, 2016); lan bat, tamalez, oihartzun berezirik bage pasau zana gure kulturearen erakusleihoetatik —hau da, ohikoa dana baino oihartzun txikiagoagaz—. Opera prima gehienei jagokezan gorabeherak alde batera itxita, aire freskodun arnasaldi bat iruditu jatan;  egileak bertan darabilen fantastikorako hurbilketa kontzientea, eraginkorra, lotsarik bakoa, klasikoa zein berritua: fantastikoa ez da, generoko idazle onengan bezela Zubiaurrerengan, errealidadetik iges egiteko bide bat, egiari —batzuetan, egia sakonei— tamainua hartzeko beste modu bat baino. Bakardadea, Zoroarena edo Zama lako narrazinoak irakurtea besterik ez dago horretaz jaubetzeko.

Antzeko kontua jazo jatan Pasazaite argitaletxeak Idazle Eskolako ikasleori egiten deuskuzan opari edar horreetako bategaz: Hassan Blasin-en Kristo Irakiarra bildumeaz ari naz (2017). Ekialde Hurbileko egoera belikoa hain da lazgarria, ezen ematen dau, hala ipuin horreetan nola gaztelaniaz topau daitekezan El loco de la plaza Libertad liburukoatan (Galaxia Gutenberg, 2015), fantastikoaren erabilerara baino ezin dabela jo, idazleari jazotakoa ulergarria subertetako —baita irakurleari be—. Blasin-ek berak iradokitzen dau Irakeko gerrea nahiz gerraostea amesgaizto bat izan dirala, eta, beraz, amesgaiztoetako elementuakaz baino ezin dirala kontau; naturaz gaindiko —edo azpiko— zehetasunek eragin ei daben disonantziak beste dimensino bat hartzen dabe izugarrikeria hareen guztien erdian; izugarrikeria batzuk, bidenabar esanda, ez diranak mugatzen gerra “urrun” hareetara: gure Europa gotorlekura sartzen saiatzen diran errefuxiatuen istorioak be elementu fantastiko esanguratsuez zipriztinduta agiri dira —Blasin berak, egun Finlandian bizi danak, Turkiako zein Bulgariako mugatan egin behar izan eban ibilbide luze, klandestino eta —gu, europarrontzat— ezin lotsagarriago hori–

Julio Cortázarrek Berkeleyko Kaliforniako Unibersidadeko ikasleei 1980. urtean emon eutsiezan eskolatan esan eban moduan: Nik maite dodan fantasia, hain zuzen be, fantastikoa, imajinagarria, neure obrea egiten saiatu nazena, inguratzen gaituan errealidade hori argiago nahiz indartsuago islatzeko balio daben guztia da, funtsean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu