Pankartearen gomutak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-07-25 17:28

Atzo Donostiara joan nintzan familiagaz, eguna pasetan. Han, orain urte batzuk berebiziko berbagai izan zan hormea ikusi neban, Refugees welcome, tourists go home pankartea euki ebana eta Ertzaintzeak kendu ebana.

Jazokera ha, gogoan dot, telebistako pantailan ikusi neban; lau polizia nahikoa zibilizau kontau nituan, euren udako uniformeakaz. Gustetan jataz, bide batez, geure poliziaren udako uniformeak: kanpotar eskuzabalei zerbitzu egiteko apropos-aproposak dira, jatorragoak, eta irudi gizatiarra eskaintzen dabe, suhi perfektuaren eta kirolari olinpikoaren artekoa.

Pankarteak, poliziek kenduriko harek, hain zuzen be, polemikatxua sortu eban sare sozialatan, turistakazko bidebakoa zein esker txarrekoa ei zalako. Bitxia da pankarten kontua, ezta? Berez, testu bat izkiriatua daukan testu-zati txepel bat baino ez da; berbak besterik ez. Baina, dana dala, geurean beti izan dabe halako abilezia estimagarria titularrak eta titularrak beteteko. Bietako bat: edo berbak, poetak esan bezela, balak dira; edo egunkariek halako albisteak gura izaten ditue. Ez neuke jakingo guztiz seguru esaten, baina, nago, munduan inon ez dabela berbaz beteriko plastiko zati horreek horrenbeste zeresanik emoten.

Pankartearen edukinari jagokonez, ezin esango dogu, honezkero, Europako putetxea ez garenik. Geure sare industriala Asiara eroan ebenetik,  desindustrializazinoa emon zanetik, horixe izan da geure patua, eta geroz eta indar gehiagogaz beteten ari da: Europako aberatsak entreteniduteko lur zati txiki kaskarina bihurtu gara. Hori izan nahi al genduan? Nik uste batzuek, seguru asko, baietz eta besteok, ostera, ezetz.

Zalantzan jarterik ez dago turismoak gizarte batenu pelako eragina daukala, bai onerako, eta bai, jakina, okerrerako. Onerakoa, argi dagoana, egunkari guztietan ikusten doguna, sosak dira; diru gordina. Ados.

Arazoa da turismoaren eragin txarra, gehienetan, izkutatu egiten dala. Berbarako, geure paisajearen aldaketa gogorra, geure bizitzearen (zerbitzuen, garraioen, erosketen…) karutze etenik bakoa. Ez dira kontu hutsalak: hain dago geure gizartea turistei begira egoteko eregia, turismoa hartuteko, geure herriak hustu behar doguzala emoten dau. Eta hori, industriagaz, onestak izan gaitezan, ez zan jazoten.

Balantzearen nahiz orekearen, hau da, bizi-kalidadearen ikuspegitik, turismoa sekulako nahastea da uri turistikoetako herritarrentzat; eta baten bat, bere eskubidea danez, kexu agertuten da: zein da, ba, arazoa?

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu