Nibali etxera

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-07-20 07:55

Gatxa da gaur Vincenzo Nibali txirrindulari siziliarrak zer pentsauko ete eban, zale batek Alpe d’Huez mitikoan gora enbarazu egin eta lurrera bota dauenean.

2017ko zemendia: hilebete honetan hasten da Tourrerako prestaketea; materiala, logistikea, gimnasioa, denporaldi osorako oinarriak egoki zuztartzea, ibilbidearen azterketea, taldearen osoketea nahiz altuerako kontzentrazino gogor-gogorrak dira etapa honen ezaugarri nagusiak.

2018ko zezeila: denporaldiaren hasikereagaz batera, Tourrera bideraturiko karrera-multzoa abian jarten da. Lasterketon egitekoa, hain zuzen be, garagarrilean burua zein gorputza egoerarik muturrenekoetan egotea da, hau da, dan-dana prest eukitea.

2018ko bagila: altuerean azken kontzentrazino-saioak egiteko ordua; era berean, Tourraren atariko azken probetan gorputza bene-benetan estutu behar da, esfortzu-maila altuenetan zelan moldatuten dan ganoraz ikusteko. Horrezaz gan, zenbat ordu gelan sartuta, deskantsetan; zenbat ordu ibilbidearen txoko danak aztertuten, familia edo laguneakandik sano urrun; zenbat ordu psikologoagaz, fisioterapeuteagaz nahiz osteopateagaz beharrean.

2018ko garagarrila: lehen asteko tensinoa, urduritasuna eta golpeak atzean itxita, norberaren indarra atarateko unea heldu da, hau da, Alpeatako mendi-etapa latzak berton dira. Egun handia gogor hasi da lehen mendatetik —25 kilometro akabu bakoak aldatsean gora—; ostean, bigarrenagaz eta hirugarrenagaz —8 eta 15 kilometro, hurranez hurran— bizkor kateatu eta, egun gogorra biribilduteko, Alpe d’Huez bildurgarriko helmugara igotea falta. Taldean zelan eutsi dozun ez dakizunean, ia-ia onenakaz helmugara heltzeko moduan zagozala eta esfortzuaren esfortzuaz begiak lanbrotuta daroazuzala, burubako batek lurrera botaten zaitu. Ez dakizu selfie bat atarateko asmoz ebilen, beste aurkariren bat hurregi animetako intentzinoz ibili dan ala, inungo azalpenik bilatu bage, lerdo hutsa ete zan. Hori bai, segundu biren buruan ia urtebeteko behar guztia kareletik behera joan jatzu. Etxera.

Honetatik guztitik eskasena, baina, zera da, hainbeste zaletu arduratsu eta presturen barruan, holako kokolo eta tuntunek hartuten dabela protagonismo osoa eta, ondorioz, kirol honen zalegoari izen txarra emon, azken hau horren noblea nahiz zoragarria izanda. Domaia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu