Portaleko atean

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-07-17 17:46

Konturatu orduko, etxera bueltetako sasoia heldu jaku; isilik eta kantsauta ekin deutsagu itzulera-bidaiari, lagunak bere etxera joateko bidegurutzean ezkerretara egin daben arte.

Orduantxe, diosal —gazi-gozo— bat alkarri egin eta bihar arte agurtu gara. Nire etxera heltzeko, ostera, dezente falta jat oraindino. Dana dala, bidea benetan ezaguna dot: neronek ikasi neban ikastolearen ondotik pasau, lehenengo; autobus-markesinatik, ostean; hotel zaharretik, gero; udal-polikiroldegitik, azkenik. Hori da, hain zuzen be, etxera orduko azken koskea, eta horixe izan da arrabots misteriotsu bat aditu dodan lekua.

Nire ingurura begiratzean otu naz atzetik gizon ezezagun bat daukadala, itxura ez oso fidagarriduna, ganera. Gitxinaka-gitxinaka, erritmoa igoten joan naz eta, momenturen baten, bateren bategaz telefonoz berba egitearen plantak be egin dodaz, ha uxatzeko asmoz. Ez dot lortu, baina. Hori dala eta, itxurakeriaz egin ez dodana zera izan da, 112 larrialdietarako telefono zenbakia markau eta, badaezpada, prest eduki.

Bapatean, giltzen irudia etorri jat gogora. Hasikeran, atzamarren atean gotortu dodaz, pelikulatan ibilten diran puño americano horreen erako zer edo zer eskura izateko. Hori bai, laster baten aldatu dot keinuz eta, horren ordez, portaleko giltzea zehatz oratu dot, bertara ailegau eta atea ahalik eta arinen edegiteko. Atea musturren aurre-aurrean daukadala, gizonezko horren pausuak neure gainean igarri dodaz; besoa luzatu ezkero, ia-ia eskuaz oratzeko moduko distantziara dago, justu atera heldu nazen unean.

Espasmo baten erdian izartu naz, izerdi patsetan. Zorionez, ohean nago, portaleko atean barik; zorionez, gizonezkoa naz —beste misteriotsu haren parekoa, hau da—, emakume baten ordez. Atzera loak hartu orduko, pentsau dot, emakumeek, beharbada, gurago izango dabela etxera bueltan libre izan, ausart baino. Seguru asko. Ondoren, loak beste kalezuloren batera eroan nau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu