Baloiaren jantzea
2018-07-11 17:30Gauza sano jakina da kirolik gehientsuenek futbolak dakarren musikearen arabera egiten dabela jantzan; txirrindularitzea, zelan ez, multzo horren parte da.
Beti itaundu izan dabe ziklismoaren zaletuek zer dala eta hautatuten daben oilar haundienek hiru asteko itzuli bakarra (Tourra) edo itzuli-segida berbera (Tour-Vueltea kateaketea) egitea. Horren esanahia errekuperazinoan datza, hau da, Frantziako Tourraren eta Espainiako Vueltearen artean aste gehiago dagoz eta, ondorioz, karrera bi horreen artean bai gorputza, bai burua errepukeretako dagoan astia esanguratsuagoa da.
Era berean, ze pasetan da Italiako Giroa eta Frantziako Tourragaz? Kontu horren azalpenak be ez dauka sekretu handirik: Giroaren ostean, ia-ia ez dago modurik lasterketa italiarretik guztiz errekuperau eta Frantziako proba erregea ganoraz zein taiuz preparetako, izan be, Indurain, Rominger nahiz Pantaniren sasoitik, inork gitxik kateatu ditu Giroa eta Tourra. Aurten, baina, egoerea dezente aldatu da.
Munduko Futbol Txapelketeak ziklismo-egutegia hankaz gora ipini dau. Errusiako ekimen horrek baldintzatu dau, hain zuzen be, Giroaren eta Tourraren arteko denpora-tartea. Gauzak holan, tartea luzatu egin da eta, horrenbestez, txirrindularitzako izarrik gorenek karrera bietan azalduteko hautua egin dabe, besteak beste, Froomek, Pozzovivok edo Dumoulinek. UCI erakunde nagusia, afizinoa, txirrindulariak zein babesleak, hortaz, irabazle urten dira futbolak sorrarazo dauen egoereaz.
Nire dudea nahiz iradokizuna, alabaina, bestelakoa da. Argi esan gura neuke: ez al dauka nahikoa indar eta pisu txirrindularitzeak (eta, horren barruan, UCIk) egutegian aldaketak egin eta, modu horretan, izar nagusienak lasterketa bietara joan daitezan zeozelako erraztasunak emoteko? Berbarako, futbolaren esperoan egon bage, Giroaren eta Tourraren arteko alkarlana sustatutea eta bi karreron arteko denpora-aldea apurtxu bat luzetutea.
Azken baten, entzutetsuenak zein zalegoarentzat erakargarrienak diran ziklistek —Froome, Nibali, Valverde, Landa, Quintana, Dumoulin, Kittel, Greipel, Groenewegen, Uran, Bardet…— emoten jakezan erraztasunak piloa baloretan ditue eta, ganera, euren presentziagaz kirolari berari mesede egin. Danok dakigu futbolaren jantzatik hanka egitea afera konplikadua dala, baina, beharbada, honezkero bada garaia bestelako musikak orrazteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!