Bizitea eta antzeztea

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-07-05 17:54
Sarri, gatxa subertetan da gauzari benetan merezi dabeen prioridadea —handiagoa nahiz txikerragoa— emotea eta, ondorioz, bizitzako konturik inportanteenak ez doguz ikusi beharko geunkezan modurik argienean baloretan.

Juan zan zapatuan, Barakaldoko BEC erraldoian C2 mailako euskera-esaminea eduki genduan. Laugarren hizkuntza-eredua lortzeko azkenengo urratsa zan azterketa ha, ahozko-probea, hain zuzen bere. Egiteko sano argia geunkan: gai jakin baten ganean, hamar bat minutuz mintzatzea. Nik, eskoletan landutakoari urtekerea emon guran eta, bidenabar, apur bat prestatuta neukanari probetxua atara nahian, ikasturtean zehar egindako proiektua aukeratu neban nire mintzamen-txandarako. Azken baten, nik neuk eginiko zeozer da proiektu edo lan hori, ados, baina, era berean, ez da barrua beteten deustan gauza bat; beste berba batez, neure barrutik ezer gitxi dauka proiektu horrek, hau da, ez dot benetan bizi.

Dana dala, ikastea barik gainditzea esanguratsuena eta ardura dauen bakar-bakarra dala erakutsi deuskun sistema honen baitan, tiro ziurrera jotea erabagi neban eta, hortaz, proiektuaren gaia hautatu. Nire harridurea, baina, azterketa-gelara sartu orduko itxarongela txikian erne zan, bai ondo erne be. Izan bere, nik laneko puntu naguiak errepasetan nituan bitartean, nire aldameneko emakumeak ezertxo be ez ebala egiten ikusi neban, hots, ez eukala inongo apunterik eta, beste bage, aurrera so egoala. Orduantxe, nire burua lasaitu eta, bide batez, zelanbateko konfidente bat —urduritasuna baretzeko, beste ezer bino gehiago— egin guran edo, azterketea zeren ganean egin behar eban itaundu neutson 30 bat urteko andra misteriotsu hari.

Bere erantzuna ondokoa izan zan: HBK nire bizitzan. Nik, inozoa lez, adostasun- edo baiezko-keinu tuntun bat egin neutson, gai ha ezagutzen nebala erakutsi guran… edo batek jakin zergaitik. Esaminea, ostean, dezente ondo joan jatan: agindutako tonuari, egitekoari, egokitasunari, aberastasunari… ahal bezain txukun heldu neutson eta dana emon neban sentsasinoagaz urten nintzan BECeko gelaxka hartatik.

Etxera heldu nintzanean, probean esandakoak birgogoratzeari ekin neutson: zer galdetu eustien, ze sinonimo erabili nituan, kataforak ondo baliau ete nituan, eta akabuera bako abar bat. Bapatean, alabaina, HBKren kontu ha bururatu jatan eta bilaketea hasi neban agudo-agudo. Hartutako Burmuineko Kaltea zan siglen atzean ostonduta egoana; ez hori bakarrik, andra bitxi haren izen-abizenak be topau nituan —jakina, hamen agerrarazoko ez dodazanak— eta baita bere istorioa be. Emakume hark kotxe istripua izan eban eta hamabost hilabetez koma induzituan egon zan; ondoren, beste bospasei hilabetez istripuko postura berberean, begi bakarra edegi ahal ebala eta, halaber, ezker eskuko atzamar batzuk bakarrik mobiduz; gerora, sei-zazpi urte inguru behar izan zituan berbetan, zentzumen galduak berreskuratzen, bizi soziala modu progresiboan egiten eta ahaztutakoak —ia gauza danak— berrikasten hasteko.

Momentu hartan, nire esaminara bueltau jatan garuna; batetik, lehengo hariari tiraka, ondo egin ete neban galdetu neutson nire buruari; bestetik, ostera, aukeratutako gaia egokiena eta sinisgarriena ete zan. Andra haren gaia eta pasadizoa, barriz, gaba oso-osoan izan nituan ohean bueltaka. Orain be, halantxe daukadaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu