Ahots bat ezerezean
2018-06-29 17:54Joan dan astean izan neban nire adiskide eta umetan euskerako maisu izandako Josuren seme Urtziren heriotzearen barri.
Banekian makalik egoala, baina irudikatu bere ez neban egiten haren bizitzea garaion amaitu ahal zanik. Azkenekoz, Barakaldoko merkataritza-zentro handi baten ikusi neban: mutil puska sendoa, sasoikoa eta bere aita lako dotorea zan. Eta orain, jada, joana da betiko.
Lantzean behin gertatzen da ahots bat entzun uste izanaren sentimendua; batzutan ez dakizu seguru entzun ete dozun, ez daukazulako modurik hori egiaztatzeko. Esate baterako, kalean zagozanean eta ez dozunean inor ikusten, baina inor egoteko aukerak errealak dirala jakin badakizunean. Beste batzuetan, ostera, kontua askozaz be garbiagoa da: badakizu bakarrik zagozala eta, halanda be, ahots baten antza eukan zarata bat aditu dozu, ahots bat ete dan ez dakizuna. Eta, jakina, badakizu zarata hori, seguruenik, imajinau egin dozula. Entzun, entzun egin dozu, baina. Edo hori begitandu jatzu. Eta, normalean, unetxu bat dardarka emoten dozu, zinezzoratu ete zaren edo beharbada zure etxean espirituren bat bizi ete dan erabagi ezinda.
Lehengo baten, ugerlekuan, urpean jazo jatan halango barre bat entzun izanaren sentipena. Nire lehengusu gaztearen —Peruren— barrea zan, eta, berehala, nire barruan kabalak egiten hasi nintzan. Zer litzake inoz hildako hurrekoren baten ahotsa entzutea? Kaletik zoaz, edo ohean zagoz, lokartzeko tenorean, edo ezkatzean bazkaria atontzen, eta, halango baten, ezustean, hildakoaren ahotsa sumatzen dozu; berbetan, barrez, oihuka… bardin deutso: ahotsa.
Burua uretatik atara neban, Peru bilatu, eta han egoan, ugerlekuaren beste puntan, bere gorputz meharragaz, salto egiteko prest. Eskua altzau eta dei egin neutson. Berak, barriz, beste puntatik agurra itzuli eta eskua bajatu barik, uretara bota zan, alai-alai.
Zorionekoa naz: Peru han egoalako, hari agur egitea posiblea jatalako. Zorionekoa dinot, oraindino ez nagoalako oso hurreko inor galdu dabeen horreen multzoan, nahiz eta jakin badakidan hara joatea inoz egokituko jatala. Bizilege gordina da. Kontua da orain arte izkin egin deutsadala, hamen ditudalako guraso, neba-arreba, seme-alaba eta bestelakoak. Baina hasia naz jaubetzen, inoz, ahots bat entzutean, ha ez dagoan bateren batena izango dala, akaso.
Ezin dot pentsau zelakoa izango dan Josuren sufrimenduaren nahiz oinazearen sakona, uneotan. Kontsolagarri izan ahalko jakon berbarik be ez daukat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!