Nahaste lehergarria

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-06-23 19:00

Espero dot aurten igaz bolo-bolo ibili zan Euzkadiko bazterretan turismoaren kontrako kanpaina zentzunik bako ha ez errepetidutea.

Bai, zentzunik bakoa, hori bultzatzen dabenen buruaren kontra be badoalako. Kanpaina horren sustatzailea Ernai da. Ernairi, sortu zanean, EPPK-k, Sortuk eta LABek emon eutsien ondo etorria. Bejondaiela! Izan be, Lizarrako sortze-agiriaren akabuan esan ebenez, Iritsi zaigu unea! Orain herri eta auzoetara! Piztia piztu da, ekin! Harrigarria da, alabaina, Ernaik bere buruari piztia deritxola, eta horren arabera ibili ziran uda osoan baztarrak nahastetan, etxekalte bezela; etxekalte dinot, ze etxekaltea da jokaerea horregaz bere etxearen hondamendia ekartea.

Ernai, hasteko, xenofoboa da; xenofoboa da, oro har, pertsonez, taldeez zein kidekoez berba eginez, xenofobia ibilten dabena, eta xenofobia atzerritarren nahiz atzerriko gauzen kontrako jokera edo gorrotoa da, hain zuzen be. Egundo atzera ez errepetidutea espero dodan turisten kontrako kanpaina horren ispilu gardena da.

Ernai, ganera, ergela da; izan be, ergela da —gizarteko beste sektoreren bati burla egin bage, jakina— zentzu edo adimen txikikoa, zentzunik barik berba egin edo jokatzen dauena. Udan Ernaik erakutsi eban ekintzea zeroko adimenetik oso-oso hur dago, kanpotarren bisitakaz bizimodua ataraten daben euskal herritarren kontra dabil-eta.

Ernai, berebat, gaiztoa da; nire aburuz, gaiztoa zintzotasunik zein ontasunik ez daukana da. Ernaik darabilen jarrerea ez da norbanako on batena, kaltea egiten baiteutso, modu berean, bere jokamoldeagaz, pertsona frankori —batez bere, berak ahoz defenditen ei dituan herritar andaneari—. Baina garbi dago Ernai piztia dala, berak esan ebanez, eta garbi dago piztiak ez dabela inongo intentzino presturik.

Ernai ekintzailea da (zentzu on zein txarrean, dana esan beharra dago); zeren ekintzailea da, oro har, negozio edo lan barriei ekiteko eta lotzeko gaitasuna daukana. Ernaik berak Lizarrako sorrera-batzar haretan autortu edo adierazo ebanez, ekin egin behar da Euzkadiko auzo eta herrietan. Bide batez esanda, Ernai beste arlo batzuetan be ekintzailea izango balitz, askozaz hobeto danontzat, berbarako: euskerea hobeto landuko baleu; izan be, holantxe dino bere aldarrietako baten: Gora Euskal Herria sozialista eta feminista! DBHko edozein ikaslek ondo daki jakin Herriaren –a horrek ez daukala lekurik. Halanda be, txarto bideratuta dagozan ekintzaileen ale ugari daukaguz historian zehar.

Hortaz, Ernai ergel, gaizto, ekintzailea da. Hiru nolakokeriak bateratzen ditu, eta horixe da gerta leitekeen nahasturarik okerrena, ergelak ez baitau pentsetan zein ondorio ekarri ahalko leuken berak egin nahi dauanak; gaiztoak mina emon gura baitau eta ekintzaileak, ostera, ez baitaki geldi egoten. Lehertzeko moduko nahastea.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu