Idazlearen heriotzea: testuaren jaiotzea
2018-06-20 20:08Idazlearen heriotzeaz dabil, bere lan txukunetako baten, Garazi Arrula, modu hipotetikoan bada be.
Borrau daiguzan idazleaz idatzitako eretxi, legenda, istorio edo esames danak. Berba egin daiala bere testuak, eta kito. Ez litzake txarra, idazlea nor dan jakin barik testua epaitu ahal izatea. Jakingo al geunke erreserbako ardaua eskilarapekotik bereizten? Parau François Mauriac-en testua, izenik bage, edota Scott Fritzgerald-ena, eta emoiozu, bere biluztasunean, edozein kritikori. Kendu azal, argitaldari, aipu, eretxi zein parafernalia alperreko horreek guztiak; jakingo al leuke (kritikariak) historiak (idazleari) emon deutson sona nahiz pisua egoki epaitzen? Jakingo leuke idazleak —ustez— historiaren ate handitik sartzeko izan eban (eta besteek euki ez eben) zera ha bereizten?
Idazlea zuzentzen jakunean, izakerarik al dau? Ba ete dau iragan bat, ba ete dau lekuren bat literaturean, historia liburuetan, hemerotekatan zein wikipedian? Edo bere testua da, esangurarik zurrunenean, berbetan jabilkuna? Bereizten ete doguz liburuan agertzen jakuzan pasadizo, pertsonaia eta gaiak, idazleaz dakigun informazino guztitik?
Galdera horreek danak egiten deutsoz literatureak bere buruari aspalditik. Literatureak beti izan ditu ahaide deserosoak, batez be, komertzialak; eta komertzioak, behinik behin, ez dau egundo literaturaz ezer jakin gura izan, liburuak (edo egileak) saldu egiten diran arren. Eta, hain zuzen be, horregaitik, liburuak saldu egiten diralako, literatureak betidanik sentidu dau salerosketearen joko sasikoaz defendiduteko preminea. Horixe da, eta ez beste ezer, idazlea akabetako desirearen atzean izkutatzen dana: berbak eta txanponak bereizteko gogoa.
Literaturea, izan be, idazlez beteta dago, eta ez obrez. Ez dira liburuak geure eskola-liburuetan berba larriz erakusten jakuzanak, ez bada idazleak. Idazle batek honengaitik edo haregaitik lortzen dau erdipurdikeriaren kartzelatik iges egitea, eta, lortu orduko, derrigorrezko aitagai bilakatzen da (ez irakurgai) leku guztiatan. Eta, zelan ez, aitatze hutsez aseko gara, aitatzea eta irakurtea antzeko ariketa bailiran. Mundua irakurri bako klasikoz beteta dago.
Hemen daukat, nire begien aurrean, John Fante-ren Ask the dust liburu txikerra. Bandini mozkor herabearen kontu xelebreak dakarz liburuak. Bandini-k idazle bizimodua atera gura leuke bere gela txikiko bizitza miserablea atzean ixteko, maitasuna behingoagaitik topetako, baina errealidadearen giltzarrapoagaz egingo dau topo, behin eta barriro. Liburua amaitu eta liluratuta ixten zaituen liburu horreetako bat da, txinpartaz eta magiaz betea. Baina liburua ez eban inork ezagutzen, harik eta Charles Bukowski-k kazetarien aurrean aitatu eban arte. Aitamen txikia izan zan, baina ahanzturearen atzaparratatik librau eban Fante gizarajoa, eta, gaur egun, literaturearen orri guztiatan topau leiteke.
Nor da, baina, Bukowski hori? Idazle soila ete da? Bere testua ete da epaitzen dana? Zer dakigu, bada, Bukowski-ren idazteko moldeez? Zikin eta gordin idazten ebala esango deutsue han eta hamen; putak eta mozkorrak zituala ardatz. Baina horrek ez dau Bukowski-ren obrea azaltzeko ezertarako be balio. Bukowski hori baino askozaz gehiago da. Baina bardin jaku, Bukowski aitatu orduko bere irudia jatorkulako burura, arpegi pitzatua, bizar urria, soildutako buruan atzerantza orraztutako uleak… eta bere bizitza kalekoa, harreman gaiztoak, gaizkile lagunak, hutsitutako ginebra botilak, hotel abandonaduak, purrusta eta iskanbila hordiak. Orduantxe konturatzen gara, beharbada, literaturearentzat egokiagoa litzakeela testua eta idazlea bereiztea: testuaren aurrean beti garbi agertzea. Baina, egia esateko, garbitasun birjinala aspaldi galdu genduan, Bukowski handiak botilea edegi ebanetik, gitxienik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!