Sindrome barri baten atarian

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-06-14 16:26

Bada jokera bat idazleen (eta kritikoen, eta editoreen, eta kazetarien, eta literaturaren ingurumariko beste batzuen artean) testuari buruzko eztabaidak ebitetako.

Liburuez kezkatu behar genduanok, zepzelan, liburuak ahaztu doguz edo, behintzat, liburuen barruan datorrena. Inportanteena ez da liburua bera, nork argitaratu dauen baino; ez hori bakarrik: baita zein dan haren laguna eta zein bere arerioa bere. Liburua argitaratu orduko, esamesak zabalduko doguz gure interesen arabera, baina titularren bidez besterik ez. Ez dogu liburua aztertzen denporea galduko; erdi egiak, egia errukiorrak eta guzurrak nahastauko doguz, garrantzitsuena ez dalako zorroztasuna edo sakontasuna, literaturearen jokoa baino. Esgrimea. Erregearen gorteko konspirazinoak. Edarra da konspirazinoa; edarra ez eze, beharrezkoa be bada. Are gehiago de vive voix danean, lagunarteko intimidadean. Bizitzea alaitzen dau. Maite dogu, plazer emoten deusku. Non topau leiteke plazer handiagorik, lagun ilustreen artean falta dan lagun ilustrea egurtzen baino? Lagun ilustrea laidoztatzeak dezente ilustreago bilakatuko zaitu, eta horretarako ez dozu ez esfortzurik, ez talenturik beharko, ez bada mihin zorrotz sibilino bat.

Badakit nire kolegaren bat —nire adiskideetako franko ez esatearren— berbotan bere arrastoaren bila ariko dirala. Ez egizue denporarik galdu, ez nabil honetaz edo haretaz: gu guztiotaz nabil, izan be, ez da  (ez baikara) libretan. Idazle on eta txar, saiatu nahiz alfer. Idazle finek zein zabarrek, goi arnasekoek nahiz komertzialek, langileek edo egundo lerro bakarra idazten ez dabenek… dan-danek daroe ezpata bat galtzarpean gordeta, arerioa biratzen danean atara eta, ahal bada —zigorbakotasuna bermatuta badago—, bizkarrean ziztatzeko.

Askotan aitatu izan da geure literaturean badirala lauzpabost txirrindulari iges eginda, eta euren atzetik tropel handia datorrela amorruz. Baina niri lartxu begitandu izan jat  irudi hori. Geure literaturea ez ete dan Alvaro Pino ha lakoa, bere azken urteatan (1989an), lasterketa batean, karrerista guztien grebea aprobetxau eban, ha karrerea irabazteko. Hainbesterainokoa zan bere irabazteko beharra, bakarrik lehiatzen konformau baitzan, eta ganera irabazle sentidu. Ez eban jakingo, seguruenik, lehena ailegeteaz aparte, azkena bere ailegau zala.

Orain denpora gitxi, eztabaida literario bizienak Twiterren izaten dirala irakurri neban. Benetan idea patetikoa gordeten dau bere barrenean esaldi horrek, geure literatura txikerraren eztabaideak 140 karakteretan ebazten dirala. Literatura handiak, beraz, unibersidade handietan eta literatura aldizkari entzutetsuetan ebazten dira, eta geurea, ostera, txio ziztrin batean —edo dozena bi txio-tan, bardin deutso—.

Entzun izan dodaz, eta beharbada geure idazleren baten ahotan (ez dot gogoratzen), etorkizuneko literatur kritikoak, iraganera begira hastean, geure txio-ak begiratzen ibiliko dirala, eta hau dala, hortaz, txiogintzearena alegia, geure gaurko benetako literaturea. Alde batetik, disparate itzela da, bistan danez, boutade zoro eta fribolo bat; baina, bestetik, badauka zentzurik. Izan be, gure gaurko literatureari gure gaurko pentsamenduak ze tarte eskaintzen deutson ikusita, ulertzekoa da esperantzaren bat izatea, nahiz eta eldarniozkoa izan, inoz inor gutaz arduratuko dala… zelan eta gure txio zaharrak arakatzen!

Honegaz guztiagaz esan gura dodana da, geure literaturea txikia,  ezdeusa,  eskasa dala, ados; baina geure literaturea dala, eta geurea izanda, akaso, honetaz kezkatzen hasi beharko ginakeela, txikerra, ezdeusa eta eskasa izanagaitik, ez daukagulako besterik. Honegaz adierazo nahi dodana da ezin dala ulertu Orbanak eta Twist eta Atzerri eta Sinplistak moduko liburuak atara diran urtean hareen inguruko eztabaida seriorik ez sortu izana, edo apenas sortu izana (bada salbuespenik, jakina), zergaitik eta geure inguru literarioa irakurten ibili barik ezpatea zorrozten emoten dabelako denporea, ondorio literario ganorazkoak eta serioak eskaini barik, geure uniberso literarioa, ezinbestean, Pino sindromera kondenatuz.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu