Euskal kritika literarioaren dekalogoa

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-06-12 12:19

Isla txikerra da geurea; txikerra ez eze, tamainu murritzekoa izateak beregan dituan aje, neura zein trauma danak ditu eta, sarritan, kanpokoa imitau baino ez dogu egiten. Literatureak geure ukutu propio behar dau, nahasketea, mestizajea, gauzak geurera moldatzea; edozer beste barik iruntzi barik, geure egoerara atondu.

1.- Euskalgintzea eta euskalkulturgintzea maitatuko dozuz ganerako guztiaren ganetik. Baita literaturearen ganetik be.

2.- Ez dozu Harold Bloom-en izena egundo erabiliko, gaitzesteko ez bada. Gogoan izan, dana dala, erlatiboaren nahiz kalidadearen erispidea erabiltea beti dala guzurtia bezainbesteko hegemonikoa.

3.- Iruzkinaren entrega-eguna santuetsiko dozu: ez zara sekula atzeratuko; baita iruzkina bera ahul edo oso ahul geratu bajatzu be.

4.- Atxaga eta Sarrionandia ohoratuko dozuz, eta, eurekaz batera, gitxieneko estatusa eskuratu daben edozein idazle, gazte zein ez horren gazte: kontuz gero esan zeinkezanakaz.

5.- Ez dozu kritika eskasik egingo, eta erdipurdikoak zein zalantzazkoak be ebitauko dozuz. Beste erremediorik geratzen ez bada, iruzkin informatibo grisa hobetsiko dozu. Gogoratu liburu guztiek, txarrak izanda be, badaukiela beti zer edo zer on euren barrenean: horixe azpimarratu, besterik ez bada bere; eta tentazinoa handiegia bada, ez hurreratu testu prozesatzailera: gogoratu isiltasuna dala kritika negatiboaren metadonea.

6.- Idolatria bakarra eukiko dozu baimenduta: modernolatria, hau da, barritasunaren gurtze konpulsibo eta jarraikia.

7.- Ahal dala, iruzkinduaren estiloa mimetizauko dozu, egileari zor deutsazun miresmenaren erakusgarri: idazleek eskertu ei daben keinua da, kritikea irakurten badabe (lasai: beti irakurten dabe). Alternatiba bat liburuaren jatorrizko aipu piloa txertatzea da: modu horretan, ez dozu zertan zure (benetako) eretxian luzatu beharko, ezta argia izan be.

8.- Ez dozu testigantza arriskugarririk emongo, ez eta bihotz bihotzez pentsetan dozuna idatziz adierazoko be: halakngoak gorde konfiantzako zure tertuliakideentzat, edo zure fake-txiolariarentzat.

9.- Ez dozu pentsamendu edo ekintza lizunik onartuko: pasinorik ez, ahal dala. Salbuespen bakarra zeure burua izango da, jakina: kritikeak, ganerako genero danak lez, autobonborako, autobiografiarako eta are autofikzinorako zabal-zabalik egon behar dau, bai ala bai.

10.- Ez dozuz besteren ondasunak desiratuko, ezta euskal literaturearen produkzinoaren konparaketarik egingo be, inguruko edo nazinoarteko beste literaturearenagaz. Gogoratu lehenengo mandamendua zein dan, eta babestu maite dozun hori.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu