Sorpresak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-06-07 10:34

Gaur, autobusean Bilbora bidean noala, kapitalera noanero egin ohi dodan txip aldaketea egin dot —atzera be—.

Jada modu automatiko edo mekanikoan urteten jat azal eraldatze hori. Uri nagusirako bideari ekin bezain pronto, neure buruagaz hitzordu express bat hitzartu eta kontu pare bat argituten deutsadaz, iraganean jazo izan jakozan —jatazan— moduko gertakerarik atzera emon ez daiten: jaioterrian ez nagoala eta apurtxu bat hotzagoa edo mantsoagoa izan naiten, jente ezezagunagaz aurrejuzguatan jausi ez naiten, diosal zein agurrak sarri ez deustiezala bueltauko onartuteko eta, batez bere, eremu nahiz inguru jakin batzutan euskeraz erantzungo ez deustien jakitun izan naiten.

Jakin badakit egon badagoala beste Bilbo bat, Bilbo euskaldun bat. Baina, dana dala, ikusgatx subertetan jat usu, ostonduta dagoala emoten dau. Hizkuntzeaz harago, ganera, uriburuetako biztanleen —gehiengoaren— izakera hotza da arretea gehien deituten deustana, izanbe, bizilagunek lur-zulo berean buelta-bueltan dabizan txinurriak emoten dabe: ez dabe aldamenekoaz ezer jakin gura (izan metroan, izan parkeatan edo izan tranbia orlegi horreetan), bakotxa norberaren munduan sartuta doa, hurkoak beharbada berba sendagarriren batzuk nahiz entzuteko prest dagoan hartzaileren bat behar dauela planteau bage.

Baina, bapatean, tabernako zerbitzaria berbetan hasi jat: neure eguneko kontuak atsegin ditu eta, horrezaz gan, neronek bere pasadizoak adi-adi entzuten dodazala ikustean, alkarrizketea gogo handiagoakaz hartu dabela begitandu jat. Handik urten eta lagun bat topau dot espaloian; Gernikara ei doa eta autoan hurreratuko ei nau. Parkineko segurtasun-beharginak be aho bete hortz itxi nau, ahoko hortz-hagin zuriakaz altu bezain atsegin agurtu gaituenean. Uria itxi orduko, ganera, bidesariko postuko langileak —nik neuk ezagutu dodan gremiorik ezatseginena dana, bide batez— arratsalde on, mutilak epel batez hartu gaitu bere estalpean kristalezko leihoa bajatuteaz batera.

Etxeratukeran, burutapen bakarra okurridu jat: demontre, oraindino ez dago dan-dana galduta. Bizitzeak ez deust sorpresa txikerrak emoteari ixten, kapitalean badira be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu