Unisex-a ez da moda bat
2018-06-01 00:25Genero arteko bardintasunarena gaur egun puri-purian dagoan gaia da, zalantza barik; are gehiago, umetatik modu eraginkorrean landu beharreko zeozer dala deritxot, oraindino be ikusi, entzun edo irakurri behar diranak kontuan izanda.
Hori dala ta, unisex mundua apurka-apurka errotuten eta indartuten dabilen fenomenoa da eta, jakina, nabarmendu behar da, izan be, sano normala zein ohikoa begitantzen jaku gizonezkoantzako eta emakumezkoantzako balio daben erropak egotea, hau da, unisex erropak; baina, era berean, oraindino ez gara heldu genero arteko bereizketatik harago dagozan ganerako elementuetara ohitutera. Kontzeptu horreetako bat unisex komunena izango litzake, hau da, gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat balio daben komunena.
Leioako EHUko Arte Ederren fakultadean izan neban lehenengo aldiz tera horretako komunen barri —dana dala, ez dot uste unibersidadeko eremu danatan dagozanik—. Baina, azken baten, ze abantaila edo aurrerapausu dakarre komun honeek? Hasteko, mutikoak dituen amentzat nahiz neskatilak dituen aitentzat lanak erraztuteko modukoak dira eta, ganera, sortu daitekezan egoera deserosoei aurre egiteko. Era berean, LGBT komunidadeko personentzat be erabilgarriak izan daitekez eta, berebat, ezgaitasunen bat daben seme-alaben gurasoentzat, zein ezgaitasunen bat daben edadeko personen seme-alaba arduradunentzat onuragarriak leitekez.
Oro har, egoera deseroso eta konplexu horreek danak alde batera ixteaz gan, gizartean alboratutako sektore edo sail franko gizarteratuteko, bardintasunean txertatuteko eta integretako osogai egokia dira unisex komunak. Ez da neurri gatxa edo potoloa, egunerokotasunean erraz asko sartu daiteke, baina ondorio positiboak eta eraikitzaileak dakarzela deritxot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!