Testuak hibrido egiteko nahiz gaurkotzeko obsesinoa
2018-05-28 13:26Azken urte eta, esango neuke, hamarraldi honetan, behin eta barriro aldarrikatu izan da hibridazinoa, hau da, generoen arteko nahasketea, literaturearen garapenerako eta batzuetan, salbamenerako bideetako bat lez.
Seguru asko, nik neuk bere hala defendidu izan dot noz edo noz, gure garaiko postmodernidade atzeraezinari arpegia erakusteko eta moldapenerako eredu modura. Baina edadeak maiz dakarren erretxinamendu eta sasi-ostontze nire prozesu partikularraren eraginpean, bildur naz eretxiz aldatzen ez ete nabilen. Hori emoten deustie aditzera, behintzat, negu honetan irakurritako bi libururen —guztietatik hautatu dodazan bien— aurreko nire erreakzinoek, hibridazinoaren arriskuez hausnartzera eroan nabenak.
Bata Kirmen Uriberen azkeneko nobela izan da, Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016). Onartu behar da —eta txalotu—, autoreak egindako izugarrizko ahalegina argumentuaren erdigunean kokatzen dan Txomin Letamendi eta Karmele Urrestiren familiaren historia berreregiteko ikerketan, mueta guztietako iturriak –artxibistikoak, bibliografikoak, ahozkoak…– erabiliz. Ez-fikzinozko nobela bat eregi gura izan dau holan, boladan ei dagoan genero hibridoa, jazoera errealetara oso lotuta, eta fikzinoaren esku hartze oso mugatuakaz.
Eta hor ikusi dot nik liburuaren ahuleziarik handiena: egileak bere buruari ezartzen deutson autodiziplina horren ondorioz, nerbio nobeleskoa falta jako nabarmen, nire ustez, Elkarrekin esnatzeko ordua-ri —alde horretatik, inoz ekarri deust gogora Andolin Eguzkitza zanaren Herioaren itzalpeetan nobelea, nire ustez huts egindakoa—. Autor dot, era beretsuan, izan leitekeela nire irakurle izakerearen akats astun bat, baina, horretarako, beharbada gurago neuke historia liburu konbentzional(ago) bat, bere oin oharrakaz eta erreferentzia bibliografikakaz. Hori guztia alde batera itxita, liburuan nagusitu egiten dala begitantzen jat euskal historia garaikidearen interpretazino jeltzalefiloaren kutsu nabarmena; hori, alabaina, bestelango gaia izango litzake, jakina.
Beste eredu baliozko bat Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia (Pamiela, 2016) izan da, Hondarribiko alardearen auziari buruzko saiakera-kronikea, gogotsu hartu nebana, iruditzen jatalako Bidasoaldeko jaien inguruan emakumeen kontra gauzatutakoa gure historia sozial hurrekoenaren mugarrietako bat dala —mugarri lotsagarrienetako bat, esan barik doa—. Kontua da liburuaren saiakera izakerea osotzeko eta egilearengandik harago joango litzatekezan ikuspegiak sartzeko —izan be, ni-ak, literatura garaikideenaren jokerei jarraituz, presentzia handia dauka liburuan aurrera egin ahala—, idazleak gaiaren inguruko fikzino pasartetxu laburrak tartekatzen dituala. Hain zuzen bere, hori arazo bihurtu jat, kasu batzuetan, ez baitago argi ze puntutaraino dagozan benetako jazoeretan oinarrituta, ala fikzinoaren aldera lerratzen diran gehiago.
Eta arazo bat dala dinot, liburuaren testuinguru hibridoagaitik: Urretabizkaiak Alardearen inguruko ipuin liburu bat idatzi izan baleu, ez legoke arazorik, olgetea zein dan jakin badakigulako danok; baina —oro har— saiakera-kronika itxureagaz aurkeztu dan neurrian, inportantea izan daiteke istorioen egia mailea neurtzeko modua izatea (adibidez, eskolatako ume batzuek sufridutako erasoen kontabilidadea daroan dendariaren pasarteatan); ez daigun ahaztu, horrezaz gan, ikuspegi praktiko batetik besterik ez bada be, kontuak daukan karga polemikoa, oraindino be —ipuinok ez jataz borobilak iruditu, kontakizun lez…—.
Bestalde, deigarria egin jat Urretabizkaiaren liburuan alardearen gai korapilatsuaren inguruan idatzi dan piloari egiten jakon erreferentzien urritasuna, niretzat generoaren ikurretako bat dana, behinik behin. Baina hori be, azken batean, bestelango gai bat izango litzake, zer esanik bez.
Ez dakit: beharbada, honezkero heldu da hibridazio literarioaren kontra berba egiten hasteko ordua; apurtxu bat, sikeran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!