Tupustean
2018-05-23 00:55Aspaldi ez neban nire laguna ikusten, eta harrigarria egin jat, gu guztiongan kalte nabarmenak eragindako denporea zein delikaturo ahaztu dan berataz.
Ez dakit berbetan geratu beharko neuken, herrian ikusi neban azken aldiatan agur soil bat botaten geuntson alkarri, espaloi batetik bestera; harremanen akidurea. Eta, beharbada, barre egin dauelako edo, agian, jakin-gura handiegia daukadalako, geratu egin naz. Ahalik eta azkarren trukatu doguz oinarrizko kontu zein protokoloak; ostean, ondokoa esan dau: Ikusten dot liburuakazko zaletasunari eutsi deutsazula. Esaldia amaitu orduko gogoratu dot, ez larritasunik bage, aspaldian oparitu neutson liburu ha, garai haretan harremanaren barruko keinu sotila izan ahalko zana. Baina orain, denporearen joanaren poderioz, sedukzino-keinu garbi bezela agiri jat, bat-batean geure harreman osoa keinu salatzaile horretan kontzentrauta balego lez.
Gaia aldatuteko imintzinoa egin dot, liburua honezkero ahaztua izango dauan esperantzeagaz, baina gaiari eutsi deutso harek, eta aitatu dau tarteka egunkariatan ikusten nabela, beti egiten deutsola grazia ni horren pose edo aldarte serioan ikustea; desenkusatuten saiatu naz ni, beti ahalik eta pose naturalena jarten dodala esanaz, eta eskuagaz keinua egin dot ardurabakokeria azaldu guran. Jarraian, ganera, zorokeria berbea aitatu dot, geure mundu hau (literaturearena) zoroa dala adierazoteko; kontua garbi ixteko, zirkua eta fartsea berbak erabili dodaz.
Denda baten parean gagoz, ezusteko topaketen ohiko zailtasunen atrezzoagaz: banatzaile bat pasau da bere orgeagaz; emakume bat, eskuatan erosketen poltsak hartuta… Orduatxe, alkarrizketea eten egin behar izan dogu apurtxu bat hona edo hara mobiduteko, eta tarte horretan zinez sentiduten dogun urduritasuna ikusi da —edo urduritasuna izkutatuteko trebezia eskasa—, han geratu garelako hankak eta besoak zelan jarri jakin barik, hau da, orain hanka batean bermatuta, gero besoak kurutzauta, edo eskuak partikeratan sartuta.
Handik arineketa batean hanka egiteko tentazinoa sentitduten hasia naz, baina urduritasunaren ondorioatakoa izaten da, hain zuzen be, agur esaten ez jakitea, hau da, despediduteko berba aproposakaz ez jotea. Baina gaia aldatutea lortu dot, gitxienez (oparitutako liburuaren mamua uxatutea); une horretan hasi jat bere bizitzeaz berbetan: egia esateko, ez da oso bizitza alaia, ezta tristea bere. Bizitza arrunta da, jazoera nahiz sentimendu gatazkatsurik bakoa. Berbak txarto hautatuz esan ei dogun lez, bizitza normala dauka. Nire artean, mendekuaren gozoa sentidu dot, bere gristasunean orduan eta garbiagoa agiri jat-eta inoiz neskea limurtuteko izan neban plana eta porrotak nigan sortu eban etsipen mingotsa; horra hor, bere ni bako bizitza emozino bakoa, esan dot nire barrurako. Hain da patetikoa pentsamendua, burutik kentzen saiatu naz; alperrik, dana dala.
Neskeak berbetan jarraituten dau, eta daborduko ahaztua neukan ulea begien paretik kenduteko keinua egiten dauela behin eta barriro, eta konturatu naz behinolako edertasuna daukala oraindino, handiagoa ez bada: halango sendotasun bat begiradan, edo patxada bat, akaso. Eta bere edertasunagaitik (barriro) liluratutear nagoanean, zera entzun dot: Neuk ez dot irakurten; egia esan behar badot, nire bizitzan irakurri dodan liburu bakarra zeuk opari egindako ha izan zan… gogoan dozu, ezta? Hantxe gagoz, espaloiaren erdian, Cyrano zapuztua eta neska lerdena, biak parez pare, eta ez dakit entzun dodana benetan entzun ete dodan edo berbok imajinau egin dodazan. Hori bai, matrailak gorrituten hasi jatazala sentidu dot bat-batean, eta neskeari halango irrifarretxu maltzurra sortu jakola, aurretiaz aitatu dodan bizitza normalagaz inongo zerikusirik ez daukan keinu landu zein sofistikadua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!