Aurreretxien lerro zorrotzak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-05-17 21:53
Ba al dau ertzain batek nobela baltzetako detektibearen papera jokatuterik? Horra galdera sinple eta, aldi berean, korapilatsu bat; areago joanda, galde daikegu: zentzurik ba ete dauka betiko nobela baltz mardul eta bizi horreetako batek, euskeraz?

Nire lagun idazleak —gitxi dira eta, nor dan idazle eta nor ez epaituteari behar gogorra (gogorregia, akaso) deritxot— irudikau ditzakedaz: keinuka, baietz esanaz, hizkuntzeak ez dabela zertan inongo oztopo izan. Baina ez naz hizkuntzeaz ari, kokaguneaz baino: liburuaren testuinguru sozialaz, alegia. Izan bere, ezin jako azken horreri izkin egin; non bizi dan idazlea, eta, jakina, non bizi diran bere irakurleak.

Joxean Agirreren Adiskide bat nuen nobelea irakurriz sortu jat zalantzea, hango ertzainari erreparatuz. Ez dago modu eskasean sortua; alderantziz, elabarri baltzetako poliziek izan ei dituezan ezaugarriak ederto beteten ditu, baina arazo txiki bat dauka: ertzaina dala. Danok ezagutzuten dogu ertzainen bat geure herrian. Batzuk gizaseme arruntak dira, izan zitekezan igeltsero edo elektrizista; ule urdinak dituez, tripa handi samarrak, eta gatxa dirudi hareek uniformez imajinatutea. Beste batzuk kirolariak dira, gihartsuak eta muturreko abenturazaleak, eta ez neurona frankokoak. Baina, gitxi gorabehera, danok konpartiduten dogu geure herriko ertzainak ez dirala nobela baltzetako detektibe intuitibo, bakarti, aske eta hierarkiarik bako pertsonak. Nobeletako detektibeak, izan bere, balio moral eskasekoak izanagaitik, ondo dakie maitagarri eta, are, liluragarri izaten, ez baitira ‘edozein izkinetan’ aurki ditzakeguzan izaki arruntak. Zuk eta nik ez ditugun abilidadeak daukiez: usaimen izugarria daukie, edozein aztarnak balio deutse egiaren alde aurrera segiduteko, ez dabe aginterik onartzuten, ezta legerik bere. Balio daben gauza bakarra, ‘kasua’ da; hain da handia honekiko izan ahal dabeen obsesinoa, dana galdutera be irits daitekez, baita beronen bizitzea bera bere. Oro har, ez dira inondik inora bateragarriak gaizkile trebe baten azken muturrerainoko peskizea eta bizimodu arrunt bat. Edo bata, edo bestea.

Elabarri baltzak irakurten doguzanean, bestetik, hareek sinesteko arauetako bat urruntasuna da, ‘han urrunean’ halangoak izan edo gerta daitekezalako sinesmen ia-ia itsua. AEBetako handitasunak bere lagunduten dau: kontinente oso batez ari gara, eta han bildu daitekezan zoro, gaizto eta izaki arraro (eta bikain) guztiez. Estadistikagaitik besterik ez bada, dana da posible. Eta horrexegaitik, dana posible nahiz egingarri dalako, erlaxatzen gara, dana posible dalako usteagaz irakurtera. Ez da bardin gertatuten, ostera, nobela batean nor eta ertzain bat agertzuten danean; geure instituzinoen ateatan ikusi doguz txapel gorriagaz tapauta, edo kasko batez hornituta jenteari pilotak jaurtiz; mila egoeratan ikusi doguz, baina egundo ez kasu handi, izugarri, nahasi eta korapilatsu baten ikerketa arrakastatsuan.

Euskal idazlea beraz, dilema baten aurrean agertuten da (ia) beti: zer egin poliziagaz? Konta al daiteke hareen parte-hartzeagaz liburu sinesgarri bat sortuteko tenorean? Eta hor idazleak baloratu beharko eluke darabilen pertsonaia —ertzaina— horren pisu sinboliko handia; milaka bider ikusi eta pairatu ditu euskal irakurleak (zer esanik ez euskarazko irakurleek) bere herriko poliziak, hareen manerak eta hareen gristasun erabatekoa (hareen basakeria nahi menpekotasun politikoa ez aitatzearren), eta haiekaindik gitxieneko karismea izango dauan inor ataratea, niri, behintzat, ariketa ezinezkoa irudituten jat. Kontua, azken batean, ez da zer esaten edo egiten daben, hau da, zein dan idazlearen gaitasuna pertsonaia bat egoki eraikitzeko, baizik eta irakurleak aurretiaz daukan eretxia pisutsuegia zein baldintzagarriegia dala, idazlearen truku oro sinesteko; hain zuzen be, trukuak ikusi egiten diralako, eta ez nobela batek eskatzuten daben un morceau de vie betikoa. Eta nahitaezkoa.

Zer egin, hortaz, geure trama batean, bai ala bai, polizia bat agertuten danean? Ba, ez dakit. Baina Joxean Agirrek erabiltzen daben whiskyaren trikimailua (polizia ‘klasikoen’ moduan edaten dau-eta geure ertzainak), niretzat, sikeran, alperrekoa da. Neronek, behintzat, ezin dot polizia hori sinistu. Nire aurreretxiak dira, ados, baina hareen kartzelean bizi naz —gara—.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu