Borreroaren arpegi guztiak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-05-16 12:57

Apirilak hogei, 1993. urtea; mende laurena, daborduko. Fermin Muguruzak 30 urte bete zituan egunean bertan kaleratu eben Borreroak  baditu  milaka  aurpegi, Negu Gorriak-en hirugarren diskoa.

Diskoak garai haretan taldekideek eukien idea ugaritasuna islatuten dabelako 22 kantu eta 70 minutu pasautxutan. Maoren Liburu Gorria. Neguren manifestua, Muguruzak, erdi serio, erdi olgetan, Rockdelux aldizkariari adierazo eutson lez. Zalantza handirik bage, taldearen lan inportanteena izan zan, goraipatuena eta Negu Gorriak euskal rock-aren erreferente nagusi bilakatu ebana. Ispilu bat belaunaldi eta talde barrientzat. Eta 2018an bete dira 25 urte borreroak bere aurpegi guztiak erakutsi zituanetik. Urteen zamea.

Beste data bat, hiru urte lehenagokoa: 1990eko zezeilaren 25a. Argia-n idatzitako 100 ginen izenburuko zutabean iragarri eban Muguruzak Negu Gorriak-en sorrerea, baita taldearen lehenengo diskoa martian grabauko ebela bere. Ferminegaz batera, haren anaia Iñigok eta Kaki Arkarazok osotu eben taldearen estreinako diskoa grabauko eban hirukotea. NeguGorriak bagilean argitaratu eban Oihuka-k. Gero etorri ziran Herrera de la Manchako espetxe atarian emondako lehen kontzertua —ordurako Mikel Kazalisekin (Anestesia)—, Esan Ozenki zigiluaren sorrerea, Mikel Abrego (Bap!!) bateria jotzailearen talderatzea, eta Gure jarrera diskoaren (1991) grabazinoa nahiz argitalpena. Azken horrek izandako arrakasteak eta oihartzunak indartuta heldu zan Negu Gorriak 1993ra —Euskal Herrian erreferentzia nagusia bilakatuteaz gan, kanpoan be emoitzak lortzen hasia zan taldea: Rockdelux Bartzelonako aldizkari ezagunak Espainiako Estatuko urteko disko onena izendatu eban 1992ko urtarrilean—. 

Zezeilean sartu ziran bost negugorriak Donostiako IZ estudioan taldearen hirugarren diskoa izango zana grabetan. Taldea sendotuta egoala, Arkarazok apirilaren 19an Irungo Bertso Hop dendan, lanaren aurkezpenean, adierazo lez: Bandea erabat gorpuztua agiri dan lehen diskoa da honako hau; soinua bandearena dela esan daiteke orain, taldearen barruko loturea sendotu dalako; soinua bere mardulagoa da. Paradoxikoa bada be, taldearen sendotze horrek bandearen izakera edegia indartu eban: aurreko bi lanek bide batzuk markau zituen, baina Borreroak baditu milaka aurpegi-k, izenburuari zelanbateko keinua eginaz, mira edegi eban, ordura arte atzemon ezin eitekezan arpegiak erakutsiz. Fermin Muguruzak Egunkaria-ri emondako alkarrizketan azaldu eban kolore-narotasunaren arrazoietako bat zein izan eitekean: Taldekide bakotxa mundu desbardin batetik dator; Mikel Bap!! hardcorea-ren mundutik dator [...], Mikel Anestesiak, barriz, trash eta rock gogorra entzun izan ditu; Iñigo Black rock coalition mobimentuan kokatuko neuke. Kaki abangoardiako gitarra jolea da, produktore lanetan dabilena, eta nik danetarik entzuten dot. Elkartuten garenean, zeozer mestizoa sortuten da.

Zaletasun ugaritasun horren islea da diskoaren ugaritasun estilistikoa. Gitarra zorrotzakaz hasten da (“Bi doberman beltz”), baina ganerako 21 pistetan, hardcorea  (“Dollar area”), metal kutsuko oinarriak (“Hiltzeko era ugari”), hip hop-a (“J.F.K.”), ska britainiarra (“Kolore bizia”), funk-a (“Bost gehiago”), erritmo karibetarrak (“Chaquito”), oinarri programatuen ganean eratutako maitasun-kantak (“Hemen izango bazina”) eta dentsidade handiko piezak (“Itxoiten”) bilduten dira. Iraganagaz apurtu barik, ateak edegiten dituan bildumea da. Ez da hain kontinuistea. Sampling gitxiago dago. Abiadura gutxiagoko kanta franko, trash-metal gitarra batzuk, haize ugari, erritmo kutxak —bateria akustikoakaz buztartuak—, gitarra-hormak dituezan baladak, bertsinoak… Gure jarrerea baino edegiagoa da. Kontinuismoa? Zabaldu eta pista bilakatuten dan bide bat lez.

Taldearentzat ez zan barria bertsinoak egitea —lehen diskoan Rich Kids on LSD hardcore taldearen kantu bat moldatu eben (“Bide baten bila”), eta Gure jarrera-n, Fugazi taldetzarraren beste bat (“Song Number One”)—, baina Borreroak…-en Euskal Herrian izandako «bi talde onenetakoak» omendu gura izan zituezan: M-ak (“Pistolaren mintzoa”) eta Delirium Tremens (“Kaixo”). Horreez gan, “Arrano beltza” grabatu eben, Mikel Laboaren “Gernika (Lekeitio 4)” piezan oinarrituta.


Gure jarrera-n, Jon Maiaren laguntza inportantea izan eban Fermin Muguruzak berbak idazteko aroan —Xabier Montoiarena zan, ostera, “Azkena”—, eta Borreroak-en ere, nahiz eta berak idatzi letra gehienak, beste hainbaten kolaborazinoa izan eban. Aurrenekoz, Arkarazok bi kantutako hitzak egin zituan —”Bost gehiago” eta “Dollar area”—; Mikel Antzak idatzitakoak dira “Euskaldunok eta zientzia” eta “J.F.K.” —azken hori Muguruzagaz batera—; Jon Sarasuarena da, aldiz, “Borreroak baditu milaka aurpegi”; eta Anton Reixak idatzi eta kantau eban “Denok gara Malcolm X” collage-erako pieza harrigarria.

Kantu bakotxaren letrea mundu bat da, onartu eban bere garaian kantariak; Kortaturen garaitik, urte batean jazotakoaren hamaikatxu gauzaren kronika gisakoak eginak eukazan taldeko abeslari eta letragile nagusiak, eta NG-ren lehen diskoa bere holan atara zan, ipuin-bilduma bat izango balitz bezela. Gure jarrera-n, aldiz, nobela bat egiten saiatu nintzan. Horrexegaitik zituan “Sarrera”“Lehenbiziko bala” eta “Epilogoa”. Euskal Herriaren erradiografia egiten tematu nintzan». Borreroak…-ekin, ordea, barriro ipuin-bilduma bat egin eben. Izenburuak dinoan moduan, borreroaren aurpegi asko topau daitekez disko honetan. Bernardo Atxagak idatzi eta Ruper Ordorikak kantu bihurtutako “Zenbait bertso xelebre”-tik hartu eban taldeak diskoari izenburua emon eutson esaldia.

Dana dala, Muguruzak eta ganerako letragileek beren inguruari begiratuten jarraituten eutsien: Euskal Herrian eta munduan jazoten zanari. Lenin-en ondarea berreskuratuten eben (“Dollar area”), Luis Mariano homosexual eta gorriari agintari frankistek egindako agurra gogoratu (“Hipokrisiari stop!”), John Fitzgerald Kennedy laguna bere lekuan jarri (“J.F.K.”), Lucrecia Perez Matos dominikarraren hilketa xenofoboa salatu (“Kolore bizia”), Erdialdeko Amerikako askapen mugimenduei alkartasuna erakutsi (“Chaquito”), eta musika-industriaren trikimailuak lehen planoan jarri (“Rock & Rollaren jukutria”). Baina harreman pertsonaletan bere jarten eben begia “Bost gehiago”-k eta “Hemen izango bazina”-k. Gaur egun dekadentzian dagozan hainbat kontzeptu berreskuratu gura izan doguz. Guretzat alkartasunak balio erabatekoa dau, gaur egun. Alkartasuna. Baita indarkeria zein sufrimendua jasaten ebenakanako sentiberatasun handia be.


Aurreko lanetan bere hainbat laguntzaile izan zituan taldeak, baina Borreroak baditu milaka aurpegi-n ugaritu egin ziran: Reixaz aparte, Xabier Montoiak be kantau eban “Borreroak…” eta “Arrano beltza” kantuatan, Joseba Tapiak koruak eta abots moldaketak egin zituan, Anjel Valdes M-akeko kide ohi eta Esan Ozenki zigiluaren orduko arduradunak perkusinoak jo zituan, eta zenbait kantutan haize-taldea bere erabili eben. Manolo Gil arduratu zan diseinuaz eta “Borreroak baditu milaka aurpegi” kantuaren bideoklipaz; azpimarragarria da, batez bere, Asisko Urmenetak egindako beharra, kantu bakotxarentzako ilustrazino bana egin eban-eta.

Diskoa 1993ko apirilaren 20an kaleratu eban Esan Ozenki-k, martitzenez, eta, astebetean, lehen edizinoko 7.000 aleak salduta egozan; bagilerako 15.000 ziran banatutako diskoak. Baina publikoaren erantzuna bezain beroa izan zan hedabideena, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Rockdelux aldizkarian, Xavier Cervantesek ondokoa idatzi eban: Amorrua kontrolatuagoa dago. Kolpea gogorragoa da, zehatzagoa; nahasmen garaiotan, badaukie nortasuna. Euren konpromisoa egiazkoa da, inondik inora bere panfletozalea. Baina ez zan bakarra izan. Espainiako Abc egunkari eskuindarrean be, kritika ona jaso eban diskoak, eta ordura arte muguruzatarren proiektuak zarratuta eduki zituen beste komunikabide batzuetan bere aitatu zituen, modu positiboan. Ez da ahaztu behar bi urte lehenago Espainiako Diario16 egunkariko musika-kritikoek urteko bost disko onenen artean sartu ebela Gure jarrera, baina zuzendaritzeak zerrendatik kenduteko agindua emon ebala.


Diskoak kalean hiru aste eskas eroazala, Negu Gorriak-ek zuzenean aurkeztu eban aurrenekoz, non eta Saran (Lapurdi), Herri Urratsen bezperean. Milaka lagun batu ziran herriko plazan, eta, NG oholtzara igon aurretik, Lin Ton Taun taldeak grabatzear egoan lehenengo diskoa aurkeztu eban —urte akabuan kaleratu eban Esan Ozenki-k—. NGk, barriz, oso ondo olioztatutako zuzeneko makinea zana erakutsi eban.

Maiatzaren 15ean, ostera, Etsaiak-egaz jo eben, Lekeition (Bizkaia); 22an Banda Bassotti-gaz, Oñatin (Gipuzkoa), eta irailean taldearen birarik luzeena abiatu eben: Itxurakeriari Stop!! Hypocrisy Tour 93. Hogeita hamar bat data izan ziran, eta Erromara —6.000 lagun batu zituen—, Zurichera (1.200), Munichera, Bruselara, Parisera (1.400) ailegau zan… Ordurako, Negu Gorriak-ek eskuratua eukan, zelan edo han esanda, espazio bat Europako hamaikatxu zirkuitutan, baina Borreroak… aurkeztuteko bireak agirian itxi eban gero eta areto handiagoatan eta ikusle gehiagoren aurrean joten ebela. Birearen akabua etxean izan zan, urriaren 30ean, Bilboko Erakustaretoan, eta 9.000 lagunen aurrean. Orduko hartan bere, Lin Ton Taun-ek jo eban aurretik, baita Radio Bembak be, Manu Chao eta Mano Negra-ko kideak izkutatzen zituan taldea. Amnistiaren Aldeko Batzordeek antolatutako kontzertua izan zan, eta Xabier Kalparsoro Anuk irailaren 26an Espainiako Poliziaren Bilboko komisarian hildako ETAko militantea ekarri eban gogora taldeak emonaldian.

Kontzertuan, disko barriko piezez harago, kantu zaharragoak be jo zituen: ”Lehenbiziko bala”, “Ez dezagun sal”, “Esan ozenki”, “B.S.O.”, “Gora Herria” eta “Radio Rahim”, besteak beste; baita taldearena bihurtutako ereserki bat bere: “Hator, hator”. Kontzertu ha grabau egin eben, eta hurrengo urtean disko bihurtuta argitaratu: Hipokrisiari stop! Bilbo 93-X-30.

Taldea bere onenean egoan, baina harrezkero lainp baltzak be azaleratuten hasiak ziran zerumugean. Maiatzaren 25ean, Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko kuarteleko buruak Negu Gorriak-en kontrako salaketea jarri eban, Ustelkeria kantuak Guardia Zibilaren teniente koronela droga-trafikoagaz lotuten ebalakoan. Zortzi urte behar izan ziran Espainiako Auzitegi Gorenak kasua atzera botateko. Borreroa garaituteko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu