Littérature de nulle part
2018-05-14 13:22Idazlearen heriotzeaz pentsau zein idatzi izan dot, noz edo noz —modu hipotetikoan bada be—. Aspaldikoa dau kritikeak idazlerik bako literaturearen apetea.
Erantzi daioguzan idazleari argazkirako dakarzan txanoa, gabardinea, pipea, makilea, patrikako erlojua eta ganerako erlikia guztiak. Ezabatu daigun idazleaz idatzi diran eretxi, legenda, istorio eta esames oro. Egin daiala berba bere testuak, eta kito.
Ez litzake txarra, idazlea nor dan jakin barik testua epaitu ahal izatea; edo epaitu behar izatea. Jakingo al geunke erreserbako ardaoa eskailerapekotik bereizten? Parau François Mauriac-en testua, izenik bage, edo Scott Fritzgerald-ena, eta emoiozu, bere biluztasunean, edozein kritikori. Kendu azal, argitaldari, aipu eta parafernalia alperrikako horreek guztiak; jakingo leuke (kritikariak) historiak (idazleari) emon deutsazan sona eta pisua egoki epaitzen? Jakingo leuke idazleak ustez historiaren ate handitik sartuteko izan eban (eta besteek ez eben) zera ha bereizten?
Idazleak, mintzo jakunean, izakerarik ba ete dau? Ba ete dau, berebat, iragan bat? Ba ete dau lekuren bat literaturan, historia-liburuetan, hemeroteketan edo wikipedian? Edo bere testua da, zentzunik zurrunenean, berbetan jabilkuna? Bereizten ete doguz, halaber, liburuan agertzen jakuzan pasadizo, pertsonaia zein gaiak, idazleaz dakigun guzti horretatik?
Galdera horrek guztiak egiten deutsaz literatureak bere buruari aspalditik. Literatureak beti izan ditu-eta ahaide deserosoak, batez be komertzialak; eta komertzioak ez dau egundo literatureaz ezer jakin gura izan, liburuak (nahiz egileak) saldu egiten diran arren. Eta, hain zuzen bere, horrexegaitik, liburuak saldu egiten diralako, literatureak betidanik sentidu dau salerosketearen joku sasikoaz defendiduteko preminea. Horixe da, eta ez beste ezer, idazlea akabetako desirearen atzean izkutetan dana: berbak zein txanponak bereizteko gogoa.
Literaturea, izan bere, idazlez beteta dago, eta ez obraz. Ez dira liburuak geure eskola-liburuetan letra larriz irakasten jakuzanak, ez bada idazleak; idazle batek honegaitik edo hagaitik lortzen dau erdipurdikeriaren kartzelatik iges egitea, eta, lortu orduko, derrigorrezko aitagai bilakatuten da (ez irakurgai), leku guztietan. Eta aitatze hutsez aseko gara, aitatzea eta irakurtea antzeko ariketea bailiran. Mundua irakurri bako klasikoz beteta dago.
Hemen daukat, nire begien aurrean, John Fante-ren Ask the dust liburuxka txikerra; Bandini mozkor herabearen kontu xelebreak dakarz liburuak. Bandini-k, alegia, idazle bizimodua atera gura leuke bere gela txikiko bizitza miserablea atzean ixteko, maitasuna behingoagaitik topetako; baina errealidadearen giltzarrapoagaz egingo dau topo, behin eta barriro. Liburua amaitu eta liluratuta ixten zaituen liburu horreetakoa da, txinpartaz zein magiaz betea. Baina liburua ez eban inork ezagututen, harik eta Charles Bukowski-k kazetarien aurrean aitatu eban arte: aitamen txikitxua izan zan, baina ahanzturearen atzaparretatik librau eban Fante gizarajoa, eta, gaur egun, ostera, literaturearen orri guztiatan topau daiteke. Nor da, baina, Bukowski dalako hori? Idazle soila ete da? Bere testua ete da epaituten dana? Zer dakigu, bada, Bukowski-ren idatz-moldeez?
Zikin eta gordin eskribiduten ebala esango deutsue han eta hamen, putez eta mozkorrez ziharduala. Baina horrek ez dau Bukowski-ren obrea azaltzeko ezertarako bere balio, hautu-mautu hutsalak dira: Bukowski hori baino askozaz gehiago da. Baina bardin jaku, Bukowski aitatu orduko, bere irudia jatorkulako burura, arpegi pitzatua, bizar urria, soildutako buruan atzerantza orraztutako uleak… eta bere bizitza kalekoa, hartu-emon gaiztoak, gaizkile lagunak, ginebra botila hustuak, hotel abandonatuak, purrustea eta iskanbila hordituak. Eta, orduantxe konturatuten gara, akaso literaturearentzat egokiagoa litzakeela testua eta idazlea bereiztea, testuaren aurrean birjinea agertzea. Baina birjintasuna aspaldi galdu genduan, Bukowski-k botilea edegi eta hustu ebanetik, gitxienez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!