Aro barrira pasau orduko...

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-05-11 12:55

Nire erreferenteetako bat dan idazle portugaldar Rui Pereira-k esaten eban: Munduko edozein lekutara noala, kazetari bat fidagarria ete dan jakin ahal izateko, Euskal Herriaz galdetuten deutsat.

Zizelkatuta geratu jatan esaldia: euskal gatazkea, munduko kazetaritzearen balio ororen neurgailu. Portugaldar batek esana, edo autortua. Ez da harritzekoa: hemengoa zan azken txinparta iraultzailea, munduko zerbitzu sekretu guztiak guri so egozan. Munduko aireportu danetako poliziek eukien euskal abizenez osotutako zerrenda baltzen bat. XV. mendeko amerikarrak ginan, geure narruzko gonak eta geziak soinean. Euskaldun bat non, polizia bat han.

Testuinguru horretan, euskaldunon kontrako gerra globala puri-purian egoala, gatxa zan —ezinezkoa ez esatearren— euskaldunoi buruz eretxi fundamentuzkoa emongo eban inor topetea. Ez bakarrik Espainian. Seriotasuna han ez da kontu garrantzitsua, munduan baino. Eta, jakina, egin kontu zein zabala dan mundua; hain da zabala, askotariko kazetariek daukie tokia bertan: emakumezkoek nahiz gizonezkoek, gazteek zein  aguretuek, gorbatadunek edo alternatiboek. Horreen artean, ostera, euskaldunon alde jarduteko hautagairik ez. Ez esan gero ez dagoanik adostasuna eskuratzeko moduko gairik, humanidadea deritxogun aberri nahasian…

Jordi Evole Espainiako kazetaritzan agertu zanean, laster eskuratu eban kazetari independente eta sakatzailearen ospea. Hori dala eta, Rui Pereira-ren berbak oroitu nituan orduantxe. Zeren eta bai, egon eitekean AHTaren kontra, bai, egon eitekean energiaren oligopolioen aurka, baina Euskal Herriaz galdetu behar jakon, zinez nor zan jakiteko. Ganera, aro haretan izan zan (oker ez banago, behintzat) Otegigaz egindako alkarrizketea. Bere moldeko alkarrizketa izan zan guztiz, gertuegia eta desegokia errespetuaren ikuspegitik; biolentziaren kondeneaz jardun eban alkarrizketearen erdia baino gehiago, biolentzia gora eta biolentzia behera. ETArena —baino ez—, noski. Sotana jarri izan bageuntso, benetan gatxa egingo jakun haren eta Torquemada-ren arteko aldeaz jaubetutea, halangoa eban gura ebana entzuteko temea, alkarrizketatuak behin eta barriro galdereari izkin egin arren.

Kazetaritzeak kontau ez dauen biolentzia mordoa dago geurean. Kuarteletan, hasteko. Kazetaritzeak egundo kontau beharko dauen emakume bortxatuen auzia hortxe dago. Baina inork ez dau hartu nahi. Ez kazetaritzan, ezta legebiltzarrean bere. Era berean, ezta unibersidadeetan nahiz gobernuz kanpoko erakundeetan bere (Emakunde: non zagoze?). Gai odoltsua, mingarria eta zinez paradigmatikoa da. Hartu eizu azken 20 urteotan segurtasun indarrek inkomunikautako edozein emakumezko, eta dana ulertuko dozu; dan-dana. Baina Jordi Evolek gurago dau Otegiren aldean pailazoarena egiten ibili, bere ugazaba madrildarrek entzun nahi dabena galdetuz, lurpean dagozan kontu horreek azaldu baino. Izan be, kontua horixe da: Espainiako potere faktikoak prest dagozala elektriken inguruko kritikak entzuteko, baldin eta gero kazetari errebeldeak euskaldunen kontrako dosi egokia erakusten badau. Peajea dauka, beraz (munduko beste kazetari guztien modura). Eta ordaindu egiten dau. Eta kitto.

Rekarte preso ohiari egin eutson alkarrizketea interesgarria izan zala irakurri dot han-hemenka. Interesgarri berbearen esangurea ahaztu egin jat antza. Espainiako kazetaritzeak 50 urtetik hona esandako gauzak esan ziran alkarrizketa horretan, ia danak be guzurrak, edo erdi gezurrak: zentzubakoa, ezelako funtsik bakoa, eta historiaren kontrakoa dala, ETA 50 urtez politikeaz ezer ez ekian jentez elikatu zala, eta abar luze bat. Tira, kontrakoak bere esan izan deuskuez Espainian: danak zirala herriko tabernetan eta ikastoletan gogor adoktrinautako gazte biolentoak; jente oso prestatua zala, garai bateko komunistak lez, danak zirala liburu artean asko eta jendartean bape ibilitakoak: otso bakarti eta kalkulatzaileak. Oraindino ondo gogoan daukagu Interviú aldizkariko Los escritores de ETA izeneko kazetaritza lan bikain ha. Han, hain zuzen be, Rekarteren tesiaren kontrakoa defendiduten zan: listoegiak zirala persona fidagarriak izateko. Eta ha guztia be egia zan, irudiz; kontua ez dalako egia bilatzea, errealidadearen parodia zoro bat egitea baino. Kazetaritzearen izenean, hori bai.

Kazetaria ez da bufoia: bufoia bufoia da, eta kazetaria, barriz, kazetari. Lehenaren zeregina erregea dibertidutea litzateke; bigarrenarena, ostera, egia bera da, hots, benetakoak bilatzea eta kontetea. Jordi Evolek Rekarteri behin eta barriro torturak faltsuro salatzeko (ETArenak, beti be) aginduak aitatu eutsazanean, ez ebilen egia bilatzen, erregea dibertiduten baino, eta, bide batez, Euskal Herriko tonto asko be bai.

Argi daukat era honetako gaiak azaleratuteko ez dirala arorik egokienak; argi daukat, orobat, Jordi Evole erreportari iaioa dana, sarritan —nire ustez, sikeran— hankasartze eta burubakokeria larregi (eta larriegiak) egiten dituan arren.

Baina guk alkarrizketa interesgarria izan zala esaten segiduko dogu, demokraziaren eta isiltasunezko omertá arauaren izenean. Bego.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu