Halakoak gara: txikiak

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-05-08 17:43

Nazino txikerrak ez dira nazino handiakaz bertako biztanleen kopuruagaitik bakarrik ezbardinduten; zeozer sakonagoa da: euren existentzia ez da behin betikotzat joten dan ziurtasuna, kezka bat baino; erronka bat, arrisku bat.

Historiaren aurrean defensiban dagoz. Eta zer da, ba, historia? Nazino txikinak gaindituten dituan indar handia, konsiderazinoan hartuten ez dituana, ikusi bere egiten ez dituana. Berbok Milan Kundera-renak dira, Frantzian bizi eta frantsesez idazten dauen idazle txekiarrarenak. Jakin badaki, beraz, zertaz dabilen nazino txikiez dabilenean. Kundera-k, hain zuzen be, Sobiet Batasunaren inbasinoa bizi izan eban, eta handik iges eginda bizi da, egun, Frantzian. Asimilazinoaren mamuari aurrez aurre begiratu deutso, horrenbestez: bai sobietarrek Txekiar Errepublikea kolonizau ebelako, baita bere sorterritik urrun, beste hizkuntza (arrotz) batean idazten dauelako be.

Literaturearen historian nazino handiak baino ez dira agiri, eta euren hizkuntza hegemonikoak. Hasi Cervantesegaz; Rabelais, Flauvert, Shakespeare, Sterne, Tolstoi, García Marquez… danak hizkuntza hegemonikoetakoak. Hizkuntzea ez eze, potere politikoak be baldintzatuten dau literatura baten nortasuna, sendotasuna, preminea edo patxadea: Poloniarrak nahiz espainiarrak parekoak dira kopuruz, baina Espainia potentzia zaharra da, bere existentzia mehatxupean egundo ikusi bakoa; Poloniak, ostera, badaki zer dan ez izatea, Historiak erakutsi deutso, dinosku idazle txekiarrak. Jarri Euskal Herria, berbarako, Poloniaren ordez.

Egia ete? Hamaika bider entzun dogu ez dala hizkuntzea, baizik eta obrea historiaren harri ezin landuzkoan lekua topauko dauena, geure mundu demokratiko hipertolerante honetan; mundu guztia bizi dala kalidadeari begira, ez horrenbeste obrearen kokaleku geopolitikoari. Geure literaturean bertan, oparoak dira euskal estadu balizko baten aurrean zalantzati agiri diranak, geure literaturearen patua eta bizirautea geure erronka politikoakaitik bereiztuten dabenak. Idazle txekiarrak askoz ziurrago berba egiten deusku honi guztiari buruz: Kafka idazle txekiarra dela esatea zentzunbakokeria da. Kafka-k alemanez baino ez eban idazten, eta idazle alemaniartzat eukan bere burua. Pentsau daigun haren liburuak txekieraz idatzi zituala; nork ezagutuko leukez? Bere aberrikideen arteko inork ez leuke nahikoa aginpiderik izango urruneko hizkuntza haretan idatzitako testu arraro hareek ezagututera emoteko; ez, sinistu egidazue, inork ez leuke Kafka ezagutuko.

Literaturearen Historiaren barruan sartu gura izatea, euskaldunon gaur egungo begietatik begiratuta, zorokeria da. Ez da aintzat hartuten. Ez gura ez dalako, asmoak eta aukerak alkar lotuta doazen kontzeptuak diralako baino. Badaki morroiak morroiaren alabeagaz ezkondu beharko dabela. Sano motza da —zinikoa ez esatearren—, ostera, batzuk justiziari egindako kontzesino handi horri zelan esaten deutsien umiltasun; inori morroi izatea gustauko baleuskio lez.

Frantsesak eta espainolak, errusiarren eta alemanen modura, leku naturalean dagoz, historian dagozanean. Ia-ia esango geunke historia eurentzat asmau zala. Ba ete zan historiarik erreinu handien aurretik? Ez, historiaurrea ei zan! Eta hori holan danez, hareek sortutakoa izango da artea, eta hareek adostutakoa izango da kanonikoa; edarto arduratuko dira, holan izan bedi… aniztasunaren izenean!

Kanboko Arnaga etxeaz akordau naz, bat-batean; nerabe garaian bisitau genduan ikastoleagaz, Elmond de Rostand idazle handiaren etxe (palazio) zoragarria. Euskal estiloko eraikina, fantasiazko lorategi baten erdi-erdian, Pariseko lorategiak irudi. Nor zan, baina, etxe haretan bizi izan zana? Les dangereux liaisons (Harreman arriskutsuak) liburu bikainaren egile ospetsua, Euskal Herrian jaiotakoa. Euskalduna.  Hara hor, euskaldun bat Literaturearen Historiaren Orrialdeetan! Ez, ordea, Rostand-ek frantsesez idazten eban-eta, Frantziako literaturearen testuinguruaren barren-barrenean… munduarentzat!

Euskadi Sarietan gaztelaniaz idazteagaitik baztertuak izan dirala salatu izan daben idazle kaskar horreek guztiak jatortaz burura; badagoz batzuk mikrofonoen aurrean marmarka eta marruka jardun dabenak, eurei zor jaken errespetua, begirunea, miresmena zein sona lortu ez zituelako. Eta, neroni, behintzat, benetan bitxia egiten jat, hareen aurrean txaloka eta alkartasun keinuak eginaz zelan ibili izan diran euskeraz idazten daben idazleak, euskeraz sortuten dabelako inork inoz aintzat hartuko ez dituan egile handiak tarteko. Halakoak gara: txikiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu