Presondegia

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-05-07 13:18

Batzuetan, nik uste, kosta egiten jako preso ohiari gatibu egon zala sinistutea.

Aspaldi da hango kontuez berba egiteari itxi eutsala, ez dakit zergaitik, lehen natural —edo ia-ia natural— esaten ebana, egun, sano nekeza egiten jako. Beharbada, zera soziala dalakoaren irudipena dauka eta, gaur egun, ostera, kontu delikaduegia dala deritxo kartzelz berba egiteari, horretarako baimena eskatu behar izango baleu lez (parkatu, ezin izan dot galazo), eta abar. Behinola,  preso egon izana betiko birtude bat izango zalakoan egoan, kontetan hasita, danak begiak zabal-zabalik mirestuko zituana. Urteak joan ahala, ostera, geroz eta anakronikoagoa egiten jako zuloaz eztabaidatzea; Milan Kundera-k erbestea definiduteko erabilten dauen kontzeptua jatorko gogora, kartzelea azaldatzeko baliogarria dana: aurretiko laguna erbesteratu gura dabe; baita bere, erbestetik itzuli dana, baina ez tartean ibili zana be.

Nahiago dabe ez entzutea, ez jakitea. Beraz, kartzelea egon aurreko presoa gura dabe, eta ondorengoa bere bai, baina ez tartean izan zana —arimea be han itxi ebana, sufridutearen sufriduteaz—. Kundera-k, ganera, figura eder bat erabili eban biografia lapurtu hori irudikatzeko, sorbaldeari (besoa kenduta) jositako eskuarena, hain zuzen bere. Eta haregaz moldatu beharra ezer jazo izan ez balitz bezela. Berba ia edozertaz egin lei, izan daiteke munduko tiporik harroena edo hutsalena, izan daitek antzua zein guzurtia, zinez friboloa nahiz banala; baina, arren, ez daiala espetxeko gaia atera, ez daitela kartzela aitatu. Eta egin daigun kontu noraino izan leitekezan aspergarriak egunero jasan behar izaten diran barriketaldiak! Ba, horreek, baita gogaikarrienak bere, beti izango dira kartzelako pasarteak baino egokiagoak.

Baten batek esango dau dana modu personalean hartzen dauela, hau da, kontua gehiago dala politikoa, eta, agian, arrazoi izango dau. Izan bere, presoena gatazkearen barruan enbarazu gehien egiten daben gaietako bat da, atea edegita itxi eta bentanea korrontearen eraginez kolpeka hasten danean lez: kanpoko haizearen freskurea gura geunke, baina haizea atea joten tematuten da, harik eta leihoa indarrez zarratuten dogun arte. Akaso, geure iraganari parte hori erauzi nahiko geunskio. Halan, imajinau daigun geure historia, 58tik aurrerakoa, ez dala egundo jazo. Egin daigun salto 1958tik 2018ra, erre daiguzan artxiboak, zarratu kanposantuetako ateak giltzarrapoakaz. Eta inork oraindino presoak badirala gomutarazoten badeusku, igon daigun irratiaren bolumena, askozaz be kontu interesgarriagoak dagoz-eta goizeroko magazinetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu