'Pokemon go'

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-05-03 17:27

Zeure sakelekoagaz izaki birtualak ehizatutea eta, halan, besteakaz hartu-emonak egitea da azken modea; azkena dinot, aurretik beste hamaikatxu izan diralako, moda guztiak bezela hasi ziranak: lotsati, tontamentean, eta gero hedatuten joan ziranak, uste ez genduanean, geu bere harrapatu gintuezan arte.

Zer da, ba, sakelekoa bera, edo segapotoa, gizarteratu zanean batzuen eta besteen trufak, burlak nahiz irain astunak jasotako deabruaren asmakeria, askok —benetan modu irmoa— ha ez erabilteko apustua egin ebena (genduana), moda bat ez bada?

Ez genduan laster pentsauko, Corrupción en Miami telesailetako mafioso zitalek autoetan eroaten zituen kablerik bako telefono kistch horreek, nork eta geuk, sasi-ezkertiar konbentzituok eroango genduzanik. Baina halantxe da; eta ez deutsiegu geure printzipioei uko egin (txantxea da).

Baina azkar ahazten dogu, eta, azkar ahazten dogunez, teknologiaren aldetik agertuten dan tresna barri oro, akabua irudituten jaku. Zer da, ba, Pokemon go dalakoa? CIAren asmakeria, gizateria behin eta betiko kondenauko dauen azken amarru teknologiko-poliziala… edo halango zeozer.

Kontua da plaza bat beteten bada, zertarako eta joko birtual baten parte-hartzeko (!), kapitalaren tirania, daborduko, gailendu dala, asmo utopiko danen ganetik. Badirudi, zelan edo halan, trokara zuzen gidatuten gaituan azken lorratzaren aurrean gagozala. Azken ebidentzia da, epaile jauna! Honezkero, ez dago zalantzarik: geureak egin dau.

Ez dot esango jokoa gustetan jatanik; baina gaztetan bagenduan Nintendo bat etxean, eta denpora nahikoa —eta soberan— pasetan genduan haren aurre-aurrean, Pokemon go baino dezente tontoagoak ziran jokoetan denporea galtzen. Eta, orduan, ez eban geureak egin; edo, beharbada, bai. Auskalo. Akaso danak hilda gagoz eta oraindino ez gara jaubetu.

Goizeon, txango bat egin dot Bermeoko haratzatik, bizikletaz. Harako bidean, ostera, auto-ilarak, eta jentearen keinu gogaituak hareen barruan. Mutiltxu koskorra hankea bentanatik aterata eta aita, barriz, hari agirika eginaz. Beste autoan, aldiz, senar-emazte bi, alkarri berbarik egin barik, batek jakin zein burutazino gaizto izkutatuz; danak hondartzearen joko kolektibo sano onartuan parte-hartzeko gogoz.

Ba neuri, egia esan, askozaz be entretenigarriagoa begitantzen jat Pokemon go, eta ez dozu zeure autoaren karbono dioxidoa beste inogaz konpartiduten: bada zeozer.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu