Over the Edge: Nashville-tik Gernikara

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-04-30 19:49

Autortu behar dot: lehen ez nintzan disko laburren oso jarraitzailea; lan luzeagoatan konfidantza osoa jarten neban, zeozelako osotasuna edo asebetetasuna topauko nitualakoan. 

Behinola, Oasis talde mitikoko kantariari ondokoa aditu neutsan: egundoko txuloputea izan behar zara, bizi garan aroan disko bikotx edo hirukotxak zein lan amaiera bakoak proponiduteko. Ba, garai haretantxe, Foo Fighters-en hiru orduko kontzertutzar antologikoak —Dave Grohl-en diskurso biblikoak eta guzti— edo hiruzpalau encore aspergarridun tributo-taldeen emonaldi monotono zein panfletarioak modan egozan eta, gura edo ez, danok edaten genduan musikearen noranzko cool eta trendy haretatik.

Dana dala, aroak aldatuten doaz eta, musikeak be bere bidea urratu behar dau; hori dala-eta, piloa baloretan dot bizi doguzan garaiotara moldatuteko saiakerea egiten daben taldeen ekina, beti be euren zutabe zein oinarriak galdu barik. Ez da inondik inora erraza gaur egungo fast zapping musikalaren (eta kulturalaren) abiadurara egokitutea, are gehiago kanta baten lehenengo hamabost segunduek konbentziduten ez gaituenean hurrengora salto egiten danean, ezelako pasino edo militantzia musikalik erakutsi bage. Horregaitik guztiagaitik hartu dot hain begi onez The Riff Truckers herriko taldearen azken lana: hemeretzi minutuko rock pilula zehatza da Over the Edge izenekoa, partikeretan edonora garraiatuteko moduko zeozer baina, aldi berean, ha ganoraz entzuteko eta aztertuteko denpora eta aditasuna eskatuten deutsuzana. Sinplea eta zuzena, baina sakona eta hunkigarria. Lan honek neronek musikeari guztiz derrigorrezkotzat joten deutsadazan lau premisak beteten dituala deritxot.

Taldearen izenak aurreratu lez, gernikarron soinuak gitarren riff-etan dauka potererik goraipagarriena; hortxe datza, izatekotan, euren musikearen baliorik esponentzialena. Esponentzialena beharbada bai, baina ez bakarra: rock giroko taldea izanagaitik, euren azken lanak —arinagokoaren sokatik tiraka— errepide usaina dauka (norbera, ha entzutean, AEBak ezker-eskuma igarotera daroana, basamortu-giro baten); errepidea eta rock-a, hau da, energia eta bibrazino positiboak, baina, zer gehiago?

Tira, hasteko, azken proposamenaren laburtasunak —bost abesti— ez dau galarazoten lehenengotik azkenengora halango bilakabide bat igartea. Beste berba batez, EP tankerako lan laburra da baina kanten artean aniztasuna nahiz aldaketea dira patroirik esanguratsuenak: argi-itzaldun obrea da, gorabeheratsua, oparoa eta, batez be, sensazino aldetik gauza oso desbardinak transmitiduten dituana. Eta, zelan ez, Gorka Roman Osman-en ahotsa barriro be doinuak definiduten dituan hari gidaria da. Orain, alabaina, kantatik kantarako erregistro ezbardinak igarri deutsadaz (beti be, neure amateurtasunetik eta musika-entzule burrukatuaren ikuspuntutik).

Adibidez, lana edegiten daben For Tommy-n garai bateko On Route maitera egin dot atzera salto eta, horregaz batera, Trucker kamiseta baltz zaharragaz pasealekura edo Rock&Rally jaialdira eurak ikusten joaten nintzanekoa, sarritan bakar-bakarrik eta, halandabe, ilusinoz ganezka; ondoren datorren abestiak, lanari izena emoten deutson Over the Edge deituradunak, gernikar kamioneroen esentzia hoberen gorde eta erakusten dauelakoan nago, rock&whiskey hutsa; osteko Tears in the Dust-eri, ostera, Red Hot Chili Peppers, The Black Crowes eta Lynyrd Skynyrd taldeen kutsua barruntau deutsat. Berba potoloak, akaso. Kantea bera be potolo askoa da eta, hortaz, arriskatu egingo naz. Aitagarria, bestalde, Osman-en ahotsak hau lako kanta mantso eta introspektibo batetik, ostean datorren You moduko rock dosi letal batera erregistroz aldatzeko daukan gaitasuna nahiz eraginkortasuna.

Baina zuri danak ez dira urunak, ezta baltz danak ikatzak, hori ondo dakigu, eta horregaitik, ezin neuke diskoa zarratuteko giro hoberik asmau, Marbellyn-egaz azaleratuten dana baino: errubera eta errepide saboreko aireak, dibersinoa eta country-a, atmosfera etilikoa eta ke zuridun zurrunbiloak.

Oro har, musika sureñoaren edo hegotarraren eragina dario lan osoari, blues-aren lengoaia egokiro gauzatua. Beharbada, azken lan honegaz gernikarrek ez dabe apurketa handirik egin, baina autortu behar jake euren ibilbidean aurrerapauso adierazgarria egin dabela, hautatutako musika-generoaren lanketea modu itzelean garatu eta, azken baten, hogei minutu eskaseko pack baten atmosfera trotoiak, zingiratsuak, tabernarioak, hillbilly-ak eta, batez be, homonimoak atondu dituela.

Kontu honen guztiaren onena, baina, zera da, bertute honeek danak zuzenekoetan biderkatu egiten dirala eta, horrenbestez, kalidadeari aktitudea eta jarrerea gehituten jakozala, emoitza bakar-bakarrak lortuteko.

Zuzeneko emonaldiak gozatuteko gogo bizitan, zorionak eta long life, Truckers!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu