Ahantzi zaharrak zantzu barritan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-04-26 12:04

Ez naz efemeride zalea; sarritan, efemeride nahiz egun seinaladuak ezelan be ahaztu ezineko datak dirala begitantzen jaku eta, jakina, beste horrenbestetan, ez jaku otuten efemerideok gogoratu beharreko egunak barik, ahaztu beharrekoak dirala.

Berbarako, hartu langilearen eguna: langileak zelango prekariedade-baldintzatan ibilten diran gogorarazotekoa; emakumeen eguna: oraindino bere, gizarte heteronormatiboa jaun eta jaube dala gogoratuten deuskuna; euskerearena: hizkuntzen arteko diglosia-egoerea, neurri handi batean, gerorrek ernetakoa dala dinoskuna; eta, zelan ez, erreparau jorrailaren 26ari, hots, Gernikako bonbardaketearen urteurrenari. Bestelan esanda, zentzu jakin frankotan, iraganean bizi garala dinoskun egun arraroari.

Iraganak gugan daukan pisua upelakoa da, autortuten dot. Hori bai, ezin leiteke iragana iparrorratz lez ibili, jente andaneak proposatuten daben moduan. Nire ustez, iragana atzera begiratuteko ispilua izan behar litzake, zeozer izatekotan. Beste berba batez, jazotakoetatik ikaspenak eta eskarmentua jaso behar dira, baina eskarmetu hori guztia gure errealidadera —hemen eta orain zehatz batera— aplikau behar da, iraganak inongo zentzurik izan daian, behintzat. Arestian bizitakoatatik ikasirikoa geure egunerokotasunera eroateko gauza ez bagara, ustez barruratutako horrek guztiak ez dau inongo pragmatikotasunik eta erabilgarritasunik izango eta, hortaz, galerara kondenauta egongo da, nahitaez.

1937ko jorrailaren 26 lanbrotsu baten pasau zana oroimenez, herriminez, pasinoz eta biziminez gogoratutea gauza itzela da, ados, baina aintzat izan behar da biziminak minbizia burrukatu behar dauela eta, zoritxarrez, gaur egun askotariko minbiziak daukaguz ingurumarian. Horretaz jaubetuteko, sikeran, ez daukagu zertan mende nahiz milurte bat atzera egin: begiak ondo edegitea nahikoa dogu. 1937 urrun baina geure hartan jazotakoa gogoan eta bihotzean baldin badozu, ez zarratu begiak, arpegi gogorrek azalerako krema politikoak zein instituzionalak lotsa bage ostuten dituenean; ez begiratu albora, masterrak beste barik lur idorretik erneten ikusten dozuzanean, magia balitzan; ez isildu, aurrekontu basati-krudelak edozelan onartuten deuskuezanean; ez izan pasibo, gaur egun ehundaka Gernika dagozanean, danak be sugar, errauts eta heriotza berberakaz.

Oraina ulergatxa da, iraganetik edaten ez badogu. Iragana ez da existiduten, orainean entzungor bagara. Gure gurasoei gerrearen seme-alabak izatea egokitu jaken, ez gaitezan geu lotsearen lobak izan. Ez arinago burrukatu barik, behintzat. Geure zirkulu txikerrenetatik, osotasunera. Gernikatik, mundura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu