Rock progresiboaren uztako lau 'masterpiece'
2018-04-25 11:24Armairutik (behin betiko) urtetea erabagi dot: bai, gustuko dot rock progresiboa, edo, garai bateko rock sinfonikoa (eta zer?).
Gaur egun oso txarto ikusia dagoan arren (hainbeste ze, generoa gogora ekarri leiken egungo jokera musikal oro sormarka burutsuez bataiatuten da, post-rock edo esperimental bezela, adibidez), gogoratu behar da garai baten musika popularraren abangoardia izan zala, eta gaur talde indie-ei gordetan jaken miresmen bera eukiten jakela jokera horren jarraitzaileei. Funtsean, hirurogeiko hamarkadearen bigarren erdialdeko pop psikodelikoaren eta blues-rock-aren bilakaera bat izan zan progresiboa, eta rock-a arte bihurtzeko ahaleginaren nahiz sasoi hareetako baikortasun historikoaren ondoriotzat hartu leiteke. Metastasirako jokerea eukala, ostera, ezin ukatu: darwinismoaren legeen gupidabakotasunak eta petrolioaren krisiaren ondorio sozialek rock progresiboaren megafaunea zokoratutea ekarri eben, eta punk-a izan zan lan zikin ha (gogotik) egin ebana, jakina.
Yes, The Yes Album, Atlantic, 1971
Esan ei da rock progresiboaren lehenengo albuma In The Court of the Crimson King (1969) izan zala, eta akaso hori ipini behar neban hemen; baina Robert Fripp-en konboari atal berezi bat eskaini gura deutsadanez, ordurako itxiko dot (Pink Floyd-egaz gauza berbera pasetan jat, bide batez esanda). Yes taldearen fanek, alabaina, ez leukie LP hau hautatuko, bakarra azpimarratzeko eskatu ezkero: Fragile-k (1971) edo Close To The Edge-k (1972) fama handiagoa daukie —eta ez dakit ba nik merezidutakoa ete dan—. Baina niri hau gustetan jat: 1) Yes-en soinu klasikoa erabat eratuta agertzen dan aurrenekoa dalako (euren hirugarren albuma da: aurrekoak hiruogeiko hamarraldiko pop dotore estandarragokoak dira, oro har, ikutu sinfoniko geroz eta argiagoa erakusten eben arren); 2) Steve Howe gitarrista fina bertan agertzen dalako, lehenengo aldiz; eta 3) Starship trooper kantea dakarrelako, inoz konposatu eben onena, eta rock musikako klasiko bat. Ados, 1974tik aurrera erremediorik bako dinosauro bihurtu ziran, baina ezin da ukatu Yes-ek melodientzako eta egitura-aldaketetako eukan dohain berezia: musika-kritikari bati behin irakurri neutsanez, kanta bakar baten sartzen eben idea ezbardin piloagaz, talde batek disko oso bat grabetan dau egun (Perpetual change entzutea nahikoa da horretaz jaubetuteko). Bestela, Yes markearen ezaugarri tipikoak: Jon Anderson-en ahots zolia, zientzia fikzinozko istorio xaloak baizen itxaropentsuak, eta Akuarioren aroko giro ona leku oro. Beraz, gozada bat.
Emerson, Lake & Palmer, Tarkus, Island, 1971
Aho bete hagin ixteko lakoa: ez dago beste esakerarik Emerson, Lake and Palmerren musikea zehazeko. Eta, horretarako, elementu oso gitxi erabilten zituen: Greg Lake-ren baxu dotorea, Carl Palmer-en perkusino poteretsua eta, zelan ez, Keith Emerson-en organo eta Moog sintetizadore brutalak, gotorleku gero eta handiago bat osotuten ebenak euren kontzertuetan, eszenatokiaren ezkerraldean. Hareen famea rock musikearen historiako aurrenetariko supertaldeetako bat izatean zetzan (King Crimson, Atomic Rooster eta The Nice-tik etozen, hurranez hurran), eta baita hareen helburu musikalen handiustean bere (musika klasikoa rockizatu gura eben, Mussorgski-ren erakusketa bateko koadroak lako piezak egokituz, esaterako). Bai, ezin talde pretenziosoagorik topau Emerson, Lake & Palmer baino; dana dala, hareen Tarkus bigarren disko honetan, kontuak, era misteriotsuan, ondo funtzionetan dau —batik bat, izen bereko abestian, alde oso bat okupetan dauena, hogei minutu pasautxugaz). Kanta luze hori ez da patchwork hutsa, pieza konpaktu eta ondo egituratu bat baino, istorio antimilitarista alegorikoa baina eraginkorra kontetan deuskuna, benetan itzela magia eta aztikeriako nobelak irakurteko hondo lez, edo Game Of Thrones dialogorik bage entzuteko, bestela. Ganerako abestiek, batez bere rock estandarra egiten jarten diranean, ez dabe horrenbeste balio, baina bost axola: Tarkus kantearen zazpi sekzinoen handitasunak soberan konpensetan dau betelanerako jokera hori. Izan bere, Britainia Handiko albumen zerrendako lehenengo postura heldu zan 1971n, rock progresiboko album gitxik lortu eben jomugea.
Van Der Graaf Generator, Pawn Hearts, Charisma 1971
Hugh Banton teklisteak, Guy Evans bateriak, David Jackson saxofoijoleak eta (batez bere) Peter Hammill gitarrista eta kantariak osotuten eben izen luzeegiko talde britainiar hau, ziurrenik generoaren asmatzaileetako bat, lehen aitatutako King Crimson-egaz batera (bere lehenengo albuma, The Aerosol Grey Machine, 1969koa da). Eta, crimsondarrek lez, prestigio gehien gorde dabenak, rock progresiboaren kondena hipster ia-ia unanimea gorabehera: Sex Pistols-eko Johnny Rotten-ek gustetan jakozala aldarrikatu eban behin, eskandalu ez gitxigaz. Edozelan bere, Rotten, ziurrenik, taldearen bigarren etapa erraietikoagoari buruz ebilen, hots, 1975etik aurrera egin zituen disko ia pre-punken ganean: Pawn Hearts, alde horretatik, kanon progresiboan argiro instalautako diskoa litzake, bere abesti hiper-luzeakaz (LParen alde oso bat okupetan eban derrigorrezkoa, Itsasargizainen izurritea, hamar azpi-atalegaz, eta beste bi, Lemmings (Including Cog) eta Man-Erg, hamar bat minututik gorakoak), bere garapen konplikaduakaz (musika klasikoagazko gitxitasun sentimenduak eragindakoa, ziur asko) eta bere letra literario ulergatxakaz (surrealismora eta alegoriara zeharo emondako letragilea zan Hammill… baina, halandabe, beti da gauza mundu garaikideko angustia komuniketako); edozelan be, Hammill-ek eta bere lagunek gailur bat lortu ebela erabagi eta taldea desegitea adostu eben, disko honen ostean (1975ean, atzera alkartuko diranean, oinarri barrien ganean birfundauko dabe, iradoki dodan lez). Beharbada, zerrendatxu honetako diskorik gatxena da Pawn Hearts, baina generoaren zale orok ezagutu beharrekoa.
Genesis, Live, Charisma, 1973
Genesis da, rock progresiboko talde guztien artean, gehien maite dodana, Peter Gabriel-ek alde egin aurreko Genesis-az nabil, hau da, Phil Collins-en aldi luzeagoaren aldarrikapen orokorra heresia gorentzat joten daben horreetakoa. Horregaitik kostetan jat euren diskoen artean bat aukeratzea, eta horregaitik jo dot urtenbide salomondar batera, bilduma-helburuak bete ei dituan kontzertuen grabazino bategaz konformauta. Egia da Genesisen zuzeneko diskoek oso soinu ona izaten dabela (zuzeneko nahiko faltsuak diralako, ziurrenik, estudioan oso osotuak), eta kantak jatorrizko LPetan baino zailduagoak agiri dirala bertan. Hemen, bost luze besterik ez dagoz: Get them out for Friday eta The Knife gogortxu samarrak (hard rock-aren ertzean), Watcher of the skies handientsua, Musical box delikadua —eta pozointsua—, eta nire gogokoena: The return of the giant hogweed, ironikoa: esploratzaile victoriar batek XIX. mendean Kew Gardens-era atzerritik ekarritako landara inbaditzaile batzuk izartu eta sekulango sarraskiak egiten hasten dira Ingalaterran, Godzilla begetalak balira lez… Garai horreetan ipuinak kantetan zitualako gustetan jat Genesis (zuzenekoatan ipuin horreek antzeztu egiten zituan Gabriel-ek). Egia esateko, talde oso britainiarra zan, arte eskolatik urten barriak ziran klase ertaineko gazte batzuek osotua; eta, bai, igarten da. Batez be, euren teatrokerian eta —euren ibilbidearen karreran hastapenatan— gauza barriak probetako gurari ase ezinetan: hori bai, euren Live bikainek benetan egoki laburbatzen ditue bertute horreek danak. Lastimea gerora galdu izana…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!