Begiradearen bidaiak
2018-04-23 12:07Andu Lertxundiri irakurri neutsan behin, bidaiariaren eta turistearen arteko dikotomia betierekoan, bataren eta bestearen arteko desbardintasuna, begiradea zala, intentzinoa.
Ez dakit kontzeptua lar ondo ulertu ete dodann, baina behin baino gehiagotan entzundako argudio bat jatort burura: mundua ezagututeko modu sortzailea badagoala, intimoa, beharbada; errespetuzkoa, akaso; beste lekuetara joan eta han desenbarkoa egitea baino interesgarriagoa, eta hor egon leitekeela, baldin eta balego, bidaiatzearen eta turismoa egitearen arteko aldea.
David Byrne-ren Cómo funciona la música liburua ekarri deust gogora ideak. Liburuan, hain zuzen bere, musikea entzuteko ustezko bide desbardinak ezbaian ipinten ditu Talking Heads talde mitikoko kantariak, eta egiteko modu horreen arteko desbardintzea eliteak betidanik nahita eta faltsuro egindako gauza bat dala salatzen dau, betibe jendaileagandik bereiztu ahal izateko, bakan eta singular sentiduz, hau da, ganetik. Musikea jarri —batez bere, jazz nahiz musika klasikoa—, begiak zarratu eta arimea beste nonbaitera doala sentiduten dau musikea modu berezi baten entzuten dauen horrek, izaki kultuak; horren ifrentzuan, musikea modu akritiko eta azalekoan entzuten dauen jente-moltso erraldoia dago, esaterako heavy musikea entzun eta besoa goratuten daben horreek: izaki estrafalarioak guztiak bere, fintasunaz ezebe ez dakienak.
Byrne-k, ostera, idea klasiko horren faltsutasuna salatzen dau, ez dagoalako besteak baino jasoagoa dan musikea gozeta ko modurik. Danak dira ezbardinak, eta danak zilegiak. Badago, beraz, Tailandiara heldu eta begirada berezi batez lekuko jentea ikusten dabenen kasua, hangoakaz enpatizauta, horreen idiosinkrasia ulertuz (bidaiariak); kontrara, barriz, badago safari erako prakak eta sandaliak jantzi, argazki kamarea hartu, eta, fintasunik zein sentiberatasunik bage, Tailandian sartzen dan jentea (turistak).
Guztioi jazo izan jaku, geure turista izakereari uko egin eta, heldutako lekuan, beste bat gehiago izan gura izatea, ahal dala, bidaiari ahalik eta etekin espiritual handiena aterateko. Helburu laudagarri horrek, baina, ez gaitu beste bidaiariakandik guk uste bezainbeste ezbardintzen: geure begietan gara bidaiari; besteen begietan, aldiz, turista huts.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!