Beti zorionaren bezperatan

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-04-19 16:14

Uda partean, Hegoaldeko geure eremuotatik lurraldeko ipar partera joten dogu, eguna zein astegoiena igarotera; zehatz esateko, Iparraldeko kostaldera hurreratzen gara.

Berbarako, Hendaiatik Igantzi herriko piszinara egiten dogu iges sarritan, Hendaiako jente uriolek ikaratuta. Horrek, alabaina, sarkasmo puntu bat dauka: udako promesean, Hendaiako negu mamutiarra sufriduten dogu, giro hotzagaz bertaratzen garen bakotxean; udea ailegaukeran, barriz, iges egin behar honek. Baina, dana dala, halantxe da.

Bagoaz, beraz, Igantziko potzura —erreka-bazterreko urmael tankeradun potzu ilun, misteriotsu, ixil nahiz lasaia—; han, mendi artean, belardi orlegien erdian, etxe zuri kaskarinen alboan, eulien konpainia beti gozagarrian ibili ohi gara.

Ugerlekuek badaukie sartzen zaranean, zeure baitara batzen lagunduteko zeozelako gaitasun berezi bat, itsasoko arriskuez libro, murgiltze horretan kontzentrauta egon zaitekezalako, itsas pizti edo marrazoen kezkarik bage. Itsasoa nahasmena da; bizitearen nahasmena. Arrain batzuk beste arrainen atzetik —bata bestea jateko, edo bata bestea ernalduteko—, espeziearen biziraupenerako lehia basatian. Bere urrian, baina, oso anitza da geure itsasoko faunea. Itsas-lehoirik ez dago, ados, baina hareen ordez beti kausituko dozu korkoiren bat eta, behar handiegirik bage, albotik pasauko jatzu, batek jakin zertarako; korkoi bat ete zaren egiaztatzeko, beharbada. Eta zu han zagoz, itsasoari buruzko kondairak entzun ostean; eta, alajaina, zer nahi dozu esatea... ez zagoz lasai; ez guztiz, sikeran.

Nire aburuz, aurrera so egitea da okerrena, hara, non infinitu urdin gero eta ilunagoa ikusten dan, itsasoaren tamainuaren berri halamoduzkoa emonaz. Hegazkinean igotean bezela, estadistikak errepetiduten dozuz zeure buruan: zenbat gizabanako hil ete dabe marrazo zuriek Kantauri itsasoan? Emoitzea begien bistakoa da, ostera: zero. Bale. Baina, horreek holan, zeu oraindino artega zagoz.

Ugerlekuak, beraz, badauka patxadarako aukera hori, han sartu eta likidotasun osoa zeure azalean sentiduteko aukerea emoten deutsuna. Nirvanaren Nevermind albuma datortzu gogora, umetxua ugerlekuan sartuta daukan ha, bai, bere dolar bileteak eta guzti. Han azpian, zelan edo halan, gelditasun bat dago; eta, era berean, masa likido hotz horren zeozelako kontzientzia, haregaz bat egiteko desira ezkutu bat, azalaren memoria amniotikoa piztuko balitz lez.

Baina, han zagozanean, begiak zabaldu eta zure inguruan dagozan baldosa karratuegi horreek ikusten dozuzanean, muga artifizial horreen presentziak esaten deutsu, seguru asko, gurago zeunkela ha sentiduteko beste marko ezbardin bat; esate baterako, itsasoa lako atrezzo bat: basatia eta primitiboa, jatorrizkoa, han non ez dagoan inongo hormarik, han non bizitea bat datorren bere izaki urtar eta arrisku guztiakaz, bere plazer bildurgarri eta guzti.

Beste berba batez, beti gura izaten dogula ez daukaguna, demontre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu