Nekrologia literarioaren testuliburua
2018-04-17 22:44Mundu zabalean aho batez onartutako egia da idazleen nekrologikak beste idazle batzuek idazten dituela, nahiz eta niri ez jatan, berez, guztiz ebidentea begitantzen –zergaitik ez irakurleei enkargau? Nonork sinisten jarraitzen dau edozein idazle, idazle izateagaitik bakarrik, irakurle trebe zein ibilia dala?–.
Baina, tira, idazle laguna, halangoak aldatzea oso gatxa danez, argi dago egunen baten edo bestean hildako idazle baten hilbarria egitea egokituko jatzula, edo, beharbada, bat baino gehiago. Izan bere, gaur eguneko literatur genero gorenetako bat da hilbarriena –ez alperrik, gero eta idazle gehiago dagoz munduan eta, ondorioz, maizago hilten dira, eta tentu handiz egin behar jako aurre, zoriari edo inprobisazinoari lekurik itxi bage. Hona hemen, beraz, gida labur bat, ataka horretatik urteten lagunduko deutsuna.
Lehenik eta behin, ahalik eta idazle gehien ezagutzen ahalegindu behar dozu, oraindino bizirik dagozala, jakina. Ez bakarrik euskaldunak –hori, oso erraza ez eze, ezin saihestuzkoa da, azken baten–, baizik eta, batez bere, atzerritarrak: hegoaldekooi, zalantza barik, samurragoa izango jaku, gure kokapen geografiko eta kulturalagaitik espainolak nahiz hispanoamerikarrak ezagutzea; baina saiatu, ahal dala, hortik kanpokoakaz topo egiten, orobat (azken liburua promozinonatzeko egiten dituen nazinoarteko birak, kongresu akademikoak eta festibal literarioak abagune egokiak izan leitekez horretarako). Ezagutza horrek, azken baten, ez dau zertan oso sakona edo barnekoa izan, beherago azalduko doguzan arrazoiakaitik. Idazlea zenbat eta entzutetsuagoa izan, esan barik doa, hobeto. Edozelan be, horretarako denporarik edo bitartekorik ez bazendu, lasai egon, komenigarria dalako, baina ez guztiz ezinbestekoa.
Ondoren –eta bitartean–, prestau fitxa laburrak idazleen inguruan, datu biografikoak eta obra nagusien bibliografia bertan jasoz: horretarako, Wikipediara jo daikezu, bildur askorik bage –ororen buruan, idazleak eurak dira, edo euren agenteak, edo euren agenteen morroiak, sarrerak erredaktetan eta osatuten dituenak–; ez ahaztu, bestalde, idazleagaz izandako zure esperientzia personal horren xehetasunak gehitzea. Hasi, dudarik bage, adin zaharreneko idazleen fitxak eratzen, baina gogoratu ordena kronologikoa ez dala beti fidagarriena, eta, badaezpada, tartekatu idazle gazteago batzuen txostentxuak bere: erreparatu egiezu horreen gaixotasunen, alkoholismoaren edo drogazaletasunaren inguruko zurrumurruei, eta baita erakusten daben itxura fisikoari bere. Egin kasu zure intuizinoari; ahalik eta fitxategi zabalena eta anitzena bildu.
Fitxa horreetatik abiatuta, idatzi egizuz hilbarri-artikuluetarako zirriborroak, tenorea heltzen danerako prest egongo diranak; hoba da guztiz amaitu barik ixtea, prestetan dozuzenatatik gertakari tristegarria gauzatu artean, eta leitekeena ez dan arren –aukeratu badozu, idazle horrek bere obrearen atal nagusia burututa izango dauen seinale…–, liburu funtsezkoren bat gehiago argitaratu ahal izango dauelako, edo –horretarako aukera gehiago dagoz– haren inguruko anekdotarioa zabaldu leitekeelako. Derrigorrezko sarrerearen ostean, bere obrearen eta bizitzearen zertzelada arin batzuk eskeintzeko probestuko dozuna, ez deitu egundo idazlea bere izen-deitura osoez. Izenaz baino ez egin; ahal dala, izen horren txikigarriren bat baliatu, aldakera samurgarri batez edo intimidadean erabilten eban ezizenaren bitartez –Txema, ez José María; Mariette, ez Marie; Gabo, ez Gabriel; Michou, ez Michel…–. Zugaz eukan hurretasuna azpimarratzeko ezinbestekoa da hori, eta zu eta idazle hila alkartuta agertuten zarien pasadizoa –edo pasadizoak– kontetako atari aproposa.
Gogoan hartu behar dozu egingo dozunaren jomuga esanguratsuena, azken baten, ez dala zendutakoa, zu zeu baino: hildako idazlea atxakia hutsa da zure izena eta izana azpimarratzeko eta, batik bat, zu zenbat miresten zintuan iradokitzeko –zuk, apal, horretarako batere merezimendurik ez zenduala gehituko dozun arren, zer esanik ez–. Horrexegaitik da komenigarria hautatutako idazleak ahalik eta gorago egotea auzo, uri, probintzia, erkidego, nazino, estadu zein nazinoarteko kanonean; eta horregaitik, ganera, beragaz zelan edo halan enkontru bat izateko gomendioa, aspaldian aitatu doguna baina, berba erdika azaldu dogun lez, ez dana guztiz ezinbesteko. Horretarako biderik ez bazeunke zure imajinazinotik urten leiteke, arazorik bage –ez daigun ahaztu zu bere bazarala, eta ez alperrik, idazlea–: hildakoak ezingo dau sekula halan jazo zanik ukatu.
Edozelan be, eta hauxe da gida labur honetako azken aholkua, lehenik eta behin idatzi behar dozun hilbarria zeurea da. Hau ezingo dozu, besteak bezela, guztiz amaitu bage lagau –suberte apur bategaz lantzean behin orraztu bat emongo deutsazun arren–, eta, halaber, modua aurkitu beharko dozu testu hori, arnas egiteari ixten deutsazun bezain pronto –inoz ez da jakiten noz…– inguruko egunkari eta komunikabideetara heldu daiten. Azken baten, nahiz eta beste idazle batzuek, adiskideak izan ala ez, zure heriotzearen probetxua atara –zure moduan, gida honetako aholkuen jakitun izango diralako–, hareen garaipena osoa izan ez daiten, zuk zeuk idatzitako hilbarria izan beharko litzateke lehena eta printzipala; horretan, eta bakarrik horretan, izan ahalko zaralako zu zeu protagonista nagusia eta, batez bere, bakarra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!