Elebarriaren krisiaz
2018-04-16 15:59Lantzean behin berrazaleratzen dan gai horreetakoa da nobelagintzearen krisiarena; letra zaurituok denporea alperrik galtzen jarraitzeko asmau dogun errekurrentzia gazi horreetako bat.
Nobelea, azken finean, beti egon da krisian, sorreratik bertatik: On Kixote Mantxakoa-n bertan planteetan da generoari buruzko eztabaidea, eta, bidenabar, garaiko konsumoko literaturearen kritikea, zalduneriazko elabarriena, hain zuzen bere.
Neuk, literatur sasi-egile lez –hau da, interes guztiz gremiozko eta sasikoakaitik–, nahiago neuke benetan krisian egongo balitz, modu horretan nobelearen inperialismoa eta nagusigo absolutoa mugatutxuago geratuko litzakeelako, akaso. Baina ez dot holangorik ikusten: edozein liburu-denda edo liburutegi bisitetea besterik ez dago horretaz jaubetuteko.
Krisian egon leitekeena, akaso, nobela-mueta bat da: Eduardo Mendozak –nik hari irakurri neutson, behintzat– besaulkiko nobeleadeituten dauena, etzaulkiko edo are (areatzako) toailako edo eskuoiuhaleko nobelea dalakoagaz alderatuta, hau da, konsumo azkarrekoagaz eta horren osasuna, alde kuantitatibotik begiratuta sikeran, inbidiagarria dalako guztiz.
Iruditzen jat, gaur egun, hiru arrisku nagusi dituala goi-mailako nobeleak. Bata, ni-aren inflazinoarena izango litzateke, autofikzinoaren eta autobiografismoa lako jokeren zabalkuntza geldiezina, nobeleak beteten eban funtzinoetako bat –ingurumen sozialaren islea izatearena, fikzinozko unibersoen eraikuntzearen bidez– debaluatuten dauena. Literatura guztiak bezela, nobeleak –onek, behintzat– gure esperientzia zabaltzeko balio behar leuke, baina elabarriak zeozer eskaintzen badau –bere luzereagaitik, besteak beste– horixe modu zabalagoan eskuratzeko aukerea da, solipsismorako bidea hartutako nobelagintzeak nekezago emongo deuskun zeozer, alegia; Jorge Carrión-ek dinoan legez, are ni-aren poetiketan lehenengo personeak abiapuntu izan beharko leuke, ez helmugea: bistan da hori ez dala askotan beteten. Honetaz sakon pentsau dauen izakia naz eta, beraz, ez naz luzatuko.
Bigarren arriskua goi-mailako eta konsumoko literaturearen arteko nahasmenarena da, mugen lausotzearena, midcult edo erdi-mailako literaturearen nagusitzearena; honetaz bere hausnartu dot usu. Patria fenomenoa, neurri baten, parametro horreetan neurtu daitekeela iruditzen jat. Edo, eremu hispanikotik ez urrundutearren, esanguratsua da Cervantes Saria Sergio Ramírez lako idazle bati emotea, edo Letren Sari Nazionala Rosa Montero moduko bati, midcult-aren ordezkari bipilak, biak ala biak: aro baten, izan bere, halango karrera osorako sariak maila jakin bateko idazleentzat erreserbauta egozan –maiz ez ziralako idazle saltzaileak izaten, eta sariak baeukan, alde horretatik, justizia poetiko instituzionalaren kutsurik; gustuak gustu, aurreko urteetako saridunen zerrendea errepasetea baino ez dago horretaz jaubetuteko–. Bide batez, Eduardo Mendoza, gorago erabili dogun kategorizazinoaren balizko egilea erdiko esparru horretan mobiduten dala esango neuke, eta bera izan zan pasa dan urteko Cervantesaren irabazlea, hain zuzen…
(Ertz horretatik, esanguratsua iruditzen jat Laurence Cossé idazle frantsesaren Au bon roman nobelearen kasua, nik gaztelaniaz irakurri dodana [La buena novela, Impedimenta 2012]: haren tramearen erdigunean planteetan da, hain zuzen be, nobelearen krisia, liburu-denda ideal bat sortuz garaitu nahiko leukiela protagonistek. Hareen artean ezagun ez diran zortzi autorez osotutako komite sekretu baten laguntzaz osotuten da dendearen katalogo-funtsa eta hor, nobela onak baino ez dagoz, eta berariaz lan egingo dauena egungo nobelearen arrunkeriaren eta barritasunen uriolearen aurka. Liburu-dendak arrakastea lortzen dau berehala, eta horrek argitaletxe-negozioaren areriotasuna eta best seller egileen inbidia ekarriko dau, eta haren lan goraipagarriaren kontrako konspirazino bat… Eta horretan datza paradoxea, liburua bera, horren planteamendu interesgarria eta polemikoa garatzeko, nobela konbentzionalenaren tresnez baliatzen dalako, hau da, alde batetik, argumentu poliziako ezin arruntago eta artifizialago batez –batzordeko partaideen kontrako atentaduak jazoten hasten dira bat-batean…–, eta, bestetik, nobela sentimental guayenaren trikimailuez, erromantizismoaren eta erantzunik bako maitasun-sakrifizioaren topiko guztiez –Amèlie edo L’Élégance du hérisson bezalako lanen ildo arbuiagarrienean, alegia…–).
Aitatuko dodan hirugarren arriskua, gaurkoz azkenengoa, telesailen goraldiarena da. Zinemea sortu zanean, eta, are gehiago, telebistea, nobelearen krisiaren inguruko iragarpenak ugaltzen hasi ziran –beste behin–, baina, urte luzeetan zehar, ez zan ezer jazo; izan bere, nobelearentzat —nobela batzuentzat, behintzat— akulu eta garapenerako bultzadea izan zan zinemea –geure letretan, Pello Lizarralderen lana da horren isla bikain, besteak beste–. Eta, edozelan bere, pantailarako egokitzapen literarioak egiten ziranean, beti egoan botetea, erratzeko arrisku handirik bage, liburua hobea da…. Ez dakit hori esatea gero eta gatxago gertatuko ez ete dan hemendik aurrera, telesailen kalidadeagaz igokera orokorra, eta –iraultza digitaletik aurrera– ibilten diran bitarteko teknikoen hobekuntzea kontuan hartuta. Film bat, ganera, beti izaten zan nobelearen kimaketa bat, eta ez gitxitan kriminala, nobelearen aberastasuna birproduzidutea ezinezko egiten ebana; orain, atalen eta are denporaldien biderkatzearen bidez, errazago lortu leiteke hurreraketa hori.
Horrek, ondorioak izan leikez ez, soilik goi-mailako nobeletan, baita etzaulkikoetan bere. Izan bere, akaso horreetan eragingo ditu kalterik haundienak, goi-mailako nobelek eskaintzen daben plazer nagusia –hau da, plazerra lortzeko lana eginarazoten deutsuela, neurri baten pixka bat sufridu egin behar dala atsegin literariora ailegetako– nekez berregin ahal izango dabelako, sekula, ikus-entzunezko produktuek. Ez dabe film-sailek, akaso ez hil, baina bai murriztu gazteen artean, Eraztunen Jauna edo Harry Potter liburu-esparruen irakurketea, berbarako?
Beharbada ez dira horren albiste txarrak, nobelearen krisia desio dogunontzat…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!