Fede kontua
2018-04-12 13:03Autortu behar dot: musika-festibalak gustoko dodaz. Ez naz gaur egungo festibalitisaren maitalea, baina festibalen giroa desbardina dala deritxot.
Primavera Sound-aren lehenengo urteak gogora etorten jataz, Bartzelonako Poble Español dalakoan egiten zanekoak, hain zuzen bere; orduantxe, nostalgia olatu batek inbadiduten nau, metafora hau erabili izanaren lotsearen tamainakoa, ia-ia. Fede katolikoa galdu genduan askorentzat —esango neuke— rock kontzertua (edo edozein musika-emonaldi, oro har) mezearen ordezko bilakatu zala, garai batean: erritual bat,, azkenean, benetako debozinoz parte hartuten genduana, eta benetako mezetan baino gehiago kantetan genduan (ez beti abestiaren mesedetan, ostera). Eta kontzertua mezea baldin bazan, musika-festibala erromesaldi lez irudikatu geinke, edo aste santu zein bederatziurren legez, nahi izan ezkero: bere meza nagusi nahiz meza txikerren kontzentrazinoagaz, eta espazio batetik bestera mobiduteko betebeharragaz.
Festibalek gauza deitoragarri asko daukiez, jakina, sarrerearen preziotik hasita, eta hornigaiak —likidoak nahiz solidoak— abusuzko prezioetan bertan erosteko nahitaezkotasunagaz jarraituta, denporeagaz erraldoikerirako garatuten daben jokera ia-naturala ez aitatzearren: antolakuntza kapitalistearen ohiko ajeak, hain zuzen. Baina, halanda be, atsegin dot bertan zabaltzen dan jentearen arteko giro —orokorrean— adeitsua, normalean inguruan ikusteko gatxak diran talde edo kantariak entzuleakana hurreratzeko daukien ahalmena, eta gauza barriak deskubriduteko eskaintzen daben aukerea.
Festibal horreen artean, kutuna bihurtu jat, azken urteotan, Donostiako Kutxa Kultur Festibala, Igeldoko parkean egiten dana irailaren lehenengo astegoienean: ez da lar handia, dezente intimo subertetan da eta marko konparaezinaren anomalia nagusienetako baten kokatua —munduko jolas-parke dekadenteenetako baten: nik uste Tabakalerak, edo Donostia 2016k, edo Euzkadi Buru Batzarrak Banksy gonbidatu beharko leukeela bertara bere Dismalad-aren euskal bersinoa gauzatuteko–. Ganera, hasikeran behintzat, antolakuntzea erdi-publikoa zanean, ez zan karua, hau da, ez eban klase-hesi altuegirik altzetan, pop ebento bat izateko —KutxaBank pribatizau eta Last Tour International sustatzailea sartu danetik, zer egingo deutsagu, ba…—.
Kutxa Kultur Festibalak beti buztartu izan dau nazinoarteko kartel-buru potenteren bat (Primal Scream, Dinosaur Jr., The Horrors…), indie nazionaleko goi-argiren bat (Love of Lesbian, Los Planetas, Vetusta Morla…), bigarren edo hirugarren mailako talde franko gehi tokiko musikari gazteak eta ez horren gazteak —askotan, interesgarrienak…—, oreka ez beti perfektuan. Aurtengo edizinoan inoz baino argiago ikusi dot hori: anomalia bat da Yo La Tengo lako talde bat, ibilbide oso sendokoa (14 estudioko disko, geroz eta hobeak) baina nahikoa minoritarioa, buru izatea, aire libreko agerleku handi bateko deserosotasun guztiakaz —kasu honetan, soinu-ezarpen zinez kaskarragaz— eta publikoaren zati nabarmen baten axolabakokeriagaz.
Tamalez, geroz eta ohikoagoa subertetan dabil, kontzertuetan zein festibaletan jentea berbetan ibiltea taldea joten dabilen artean —Ira Kaplan-ek, Yo La Tengo-ko kantariak, horixe itsustu eutson, ironiaz, lehen lerroan egoan morroi bati: bost axola izan jakon, jakina—. Musika-jaialdiak tabernetako zein kaleko festa-giro pintxopote iraunkorraren luzapen hutsa bihurtu izan balira lez.
Akaso musikearen nonahikotasunaren albo-kalteak besterik ez dira. Edo akaso, edea galdu dogula izango da, erlijinoaren ordezko erlijino horretan bere; nire kasuan, behintzat, hori zoritxarrekoa litzake, ez dakidalako beste ordezkorik topetako gauza izango nazen…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!