Galtzerdi zuridun sandalien desenbarkoa
2018-04-10 16:32Atzo, turismoak geure herri askotako bizitzan daukan eragin ezkorraz jaubetu nintzan berbaldi interesgarri baten; zelan gabizan egiten herriak geroz eta gehiago kanpotarrentzat, eta geroz eta gitxiago geuretzat.
Hortxe dago, adibidez, herriak, zuzenean, kanpoko jenteari saltzearen kontua, Iparraldeko hainbat eta hainbat lekutan gertatzen dabilena, berbarako, Bidarten, Hendaian eta Zuberoan barrena. Ekialdetik honantza etorri ezkero, zer esanik ez Donostia megaturistikoaz, bere Kontxa parisinoagaz nahiz Kursaal sasi-austriarragaz. Hori bai, geurean bere badaukagu salera honen zantzurik, bai aztarren zinez argiak be: Bilboko urigunea, Mundaka, Lekeitio aldea eta, zelan ez, laster dirusaria kobrauko deuskuen Gaztelugatxe. Ez dira arazo txikerrak, eta berba gitxi egiten dogu hareetaz, geure ekonomia (ez neurea, baina tira) dalako. Kontu delikadua.
Turismoak dakarren arazo bistakoena, ostera, danontzat uda partean burukomin handia izaten dana, hau da, jente-uriolea: praka laburreko hankadunen desenbarkoa. Sinistu egidazue, kosta partean bizi naz, eta badakit zertaz nabilen. Erraz askoa da horren kontra egotea. Ni neu, egon, banago. Baina gero eta gutarrago sentiduten dodaz batetik bestera bururik bako oiloak lez dabizan izaki horreek, maiatzean geure bizitzan agertu eta irailera arte ia etxeko sukaldean bere sartzen jakuzanak, euren mapak eskuetan; zergaitik? Geu bere halantxe gabizalako, geroz eta gehiago.
Ondo gogoan daukat —eta, gaztea izateaz gan, ez nabil oso aspaldiko kontuez— udako oporrak, geure etxean, deskonektetako eta bizitzea hankaz gora ipinteko boladea izaten zirala. Jentea kalean topetan zenduan eta, asko jota, joana zan Kontxako hareatzara, eta kito. Astebete Torreviejan, suberteko ziranak; edo astebete pueblo-n, aitaita-amumak Espainiako halango eta holango herritan eukiezanak. Udea, berba baten esanda, ez zan bidaiatzeko garaia, telebista aurrean izozkiak jateko eta eperdia uretan sartuteko tenorea baino.
Gero etorri ziran 110 zaldiko diesel kotxe handi zein distiratsuak, Easyjet, Ryanair eta Vueling, eta, bat-batean, badirudi, gitxien-gitxienez udarako oporraldia London-en emon behar dozula, nonor izango baldin bazara. Eta halango alkarrizketak entzuten dodaz geure atean, ezkerreko (txantxea da) jentearen artean, gauaren babesean Refugees welcome, tourist go home! idazteko kapaz garenon artekoak. Ze, esan daigun argi, ez jaku gustetan alemanak etorri daitezan geure tabernak praka laburrez eta sandaliez betetera; baina, ahal dogun bakotxean, Thailandiara goaz, justu gauza berbera egitera, eta hangoen tabernak geure Ternua arropakaz betetera, hau da, nahasmen identikoa sortzera. Etxean geratzea dan gauza ederragaz!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!