Garezurrarena
2018-04-08 14:38Hainbat emakume bortxatu ondoren, eskuak lotu eta burua pirañaz betetako potzu baten sartu deutsie gizonari, albisteak dakarrenez.
Ez da iturri fidagarriegia, Facebook-en topau dot albistea, azken aldian sarritan gertatuten jatan lez. Interesgarria da jenteak Facebook-en gauzak jarteko dituan erespideei so egitea. Irudi hau, esaterako, zeinek gizon bortxatzailearen gorpu biluzia agiri dauen, eta, haren ganean, iltzauta legez, pirañek xehe-xehe garbitutako lepoa nahiz kaskezurra, okela zantzurik bage, kaskezurrek izan ohi daben irribarre zoro zein konprenigatx horregaz. George C. Romeroren film bateko irudia dirudi, baina ez da. Errealidadea da, auskalo munduko zein bazterretan; higuinari eutsiz argazkiari erreparetan badeutsazu, pirañen haginkadak ikusiko dozuz, zelan jan daben eskura eukien okelea, eta zelan ibili diran uretatik kanpo geratutako gorpuari okelea ostuten, akaso horretarako uretatik kanpora salto eginaz. Dana da hazur horixkea gizonaren lepotik gora, buru ganean izan ezik. Han goian, biziraundako ule batzuk dagoz, ustez pirañei gustau edo interesau ez jakezanak, edo iruntzi ezin izan dituenak. Burua aldatutako panpinea dirudi zendutakoak, baten batek jostailuzko panpinari kalabera baten burua jarri izan baleuskio lez; eta, buruaren ganean, ule xerlo bat baldar itsatsita. Baina, gorabeherak gorabehera, egiazkoa da; nire lagunen edo ezagunen batek jarri dau bere Facebook orrian, besteok ikusi, gozau edo sufridu daigun.
Bitxia da, guretzat ederregiak edo lohiegiak diran gauzak zenbatetan izaten diran morboaren mugen barruan dagozanak. Gustetan jakuz, zelan ez, musikari edo jantzari prodigioak, demagun kalean joten dabenak eta oso azkar joten dabenak, ados. Baina are gehiago gustetan jakuz gauza gore edo ikaragarri odoltsuak. Gustetea gitxi ez, eta besteakaz konpartiduten doguz, ustez besteek bere interes bereziren bat topauko deutsielakoan. Ez gara morboaren aldekoak; baina, konpartiduten hasita, ba, zelan esan, salbuespen bat egiten dogu.
Munduan etenbakoak dira halango kontuak. Eta, jakin, badakigu. Baina, beharbada, badogu zeozelango preminea jazoten diranak begien bistan ipinteko, gertatutakoa egiaztatuteko, geure kontzientzia zalantzakorrari gauzak zelan diran gomutarazoteko. Kontuz ibilteko. Zalantzan nago, ostera, bizirauteko sena ete dan, edo morbo hutsala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!