Erretratuez

Erabiltzailearen aurpegia Alex Uriarte 2018-04-06 15:58

Erretratuak daukaguz etxeetan, mesanotxean, armairuetako apaletan. Erretratuak dira manera bat denporearen potere ahalguztidunari aurre egiteko, logika kronologikoari iseka ironiko bat egiteko.

Erretratuak, berez, gauza antinaturalak dira, eta, era berean, kasik preminazkoak diranak. Gaur garena beti ez garela izan egiaztatuten laguntzen deuskue; beste berba batez, inoz izan ginela gazteago, izan ginela zinez zoriotsuago ezagutarazoten deuskue.

Nork bere erretratuen arkitekturea dauka, batzuk sare sozialetan artxibetan doguz eta beste batzuk, ostera, marko bategaz jantzi eta ohe ondotxuan ipini, etenbarik ikusi gura doguzalako, edo aldarrikatu beharra sentiduten dogulako; berbarako, kanpoko jentea etxera datorrenean, harro esateko koadroan dagoan ha geuretzat inportanteena dala adierazoteko —esate baterako, geure amuma Justina edo geure arbasoen baserria, edo, ganera, osaba Migeltxuren barkua, edo txakurrak, edo Edurneren ama biologikoa—. Nork bere literaturea eransten deutso argazkiari, eta nork bere atxikimendu emozionala dauka. Kontu intimoak dira horreek.

Badagoz beste batzuk, barriz, autortza herrikoiak diranak, herriak egiten dituanak: presoen argazkiak, gauaren babesean, oker eta baldar, ziztuan, ansiaz, arduraz, ikaraz eta hunkiduraz paretan diranak; jakina, garaiko autoridadeak (kolore eta jaka ezbardinez jantziak) debekatu egin zituelako. Lehenago, bortxaz eroan zituen autoridade horrek berak, geurean, tamalez, autoridade kolonizatzailea danak, jentea galeretara eroan izan dabena, ia-ia gaua danez geroztik.

Presoak eroan zituen, eta argazki batek ez dau hori konpontzen, jakina. Baina ezein erretratuk denporearen logikeari aurre egiten deutson moduan, presoaren argazkiak gatibututerakoan logikea desafiatuten da: eroan zenduezan, bai, baina hamen dagoz oraindino, geure kaleetan, pasetan dan ororen ikusgarri.

Oro har, herriak gomutarako daukan zilegitasuna autoridadeak zalantzan jartea ez da inondik inora harritzekoa. Zer ez dan erakargarri, izan bere, hareek hazur-haragi eroan zituen lez, hareen akordua be eroatea. Ankerragoa da, ostera, hareen akordua, nork bere herriak berak kendu gura izatea; zeren eta gaur izango baita niri edo zuri gustetan ez jakun horren erretratua, eta bihar izango da beste edonor. Kontua da lehena kendutea, ze, behin hasita, gero etorri leitekez beste asko, eta, ezusteann, arerioaren beharra egiten amaitzen dozu.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu