Luzaroan bizi bitez!
2018-03-31 19:56Liburutegien aspaldiko erabiltzailea naz, baina autor dot gero eta gustukoagoak dodazala; esango neuke garai batean liburu-denden zaleago nintzala, baina denporeagaz, eta azterketatxu honetan zehar agirian ipinten saiatuko nazen bestelango arrazoiakaitik, biblioteken bandora pasau naz.
Agian, izango da liburutegiek (handiek, ertainek zein txikerrek) emon daben jauziagaitik, urte honeetan guztiatan, fitxategi astunen atzean (eta, sarri, funtzionario ez bereziki lagunkoien trabea egiteko jokerea zala-eta) gotortuten ziran erakunde nahiko hermetikoak izatetik, gizarteari begira gero eta edegiago jokatzen, eta erabilgarritasunaren esparrutik askoz bere espazio irisgarriagoak bihurtzen. Nik uste dot merezidu dauela liburutegia defendidutea, hau lako manifestu xume bat bide hartuta, sikeran. Beraz, itauna ondokoa izango litzateke: zergaitik egon liburutegien alde?
1. Liburuz beteta dagozalako. Hauxe da, zalantzarik bage, biblioteken alde egoteko arrazoi agirikoena, ni lako literaturazale baten aldetik. Baina ez bakarra, laster ikusiko dan lez. Kontua da, ganera, liburu horreez guztiez gan, beste gauza batzuez beteten hasi dirala bibliotekak, azken hamarraldi honeetan: filmak, diskoak, komikiak, artea, erakusketak, berbaldiak, irakurketa- eta idazketa-tailerrak.... Hori guztia, debalde, edo, gehien jota, prezio oso eskuragarrietan
2. Isiltasunaren gordeleku pribilegiadu diralako. Zarata uritarra, garrasi mailara goititutako alkarrizketa-tonurako jokera euskaldun/espainiarra, latazko musikearen nonahikotasuna (are anbulatorioetara heldu dana, hatza ahoan daukan erizainaren kartelak gora-behera) nahiz dezibelio-maila oro har altua nagusi diran gizarte-testuinguruan, bibliotekek isiltasuna —erlatiboa, ados, baina isiltasuna, azken finean— babesten jarraitzen dabe, haize kontra bada be. Isiltasuna oraindino nagusi dan gure gizarteko espazio publiko bakarrenetakoak bihurtzen dabiz, eta horregaitik bakarrik, besterik ez bada, funtzino inportante bat beteten dabe liburutegiek.
3. Gure gizarteen jite ekonomikoa gero eta baztertzaileagoa danean, guztientzako edegita dagozalako, eta kulturarako sarbidea eskaintzen deutsielako gitxi daukienei (bere). Aberastasunaren arrakaleak (baita pitzadura digitalak be) gero eta zabalagoak diranean, kapitalismo neoliberalaren fase honetan, bibliotekeak babesleku bihurtu dira; hori gauza handia da, eta, tamalez, gero eta beharrezkoagoa bere.
4. Aurrekoagaz lotuta, publikotasunaren ikurtzat jo leitekezelako. Egia da badagozala biblioteka eta artxibategi pribatuak be, baina, normalean, hareetarako sarbidea mugatuagoa da, berez: liburutegiaren irudi nagusia publikoarena da, erakunde publikoren bat (udala, aldundia…) nagusi modura daukan espazioarena, alegia. Pribatizazinoak, esternalizazinoak eta, oro har, publikotasunaren atzerakadako garaiotan, bibliotekek jarraitzen dabe ongizate-estadua lez bataiotu zan horren espirituari eusten, neurri baten, behintzat; eta ez modu pasiboan, ganera, liburutegi frankok erakutsi eben lez, ditxosozko kanonaren gatazkea jazo zanean…
5. Kritika literarioan ibilten diralako, zeharka bada be. Liburu-denda txikiak desagertzen dagozan testuinguruan (talde handien zerbitzuan dabizan kateen mesede, sarri), eta kritika literarioa nabarmen huts egiten dabilen une historikoan (propagandearen luzapen bihurtu dalako zein liburu-iruzkinetan adiskidekeria edo etsaikeria gailentzen dalako), kontua da biblioteketako behargin zein arduradunek egiten daben aukeraketea, mahaietan edo erakuslekuetan erabiltzaileen laguntzinorako eskaintzen dabena, kritika fidagarriagoa izan daitekeela gorago aitatutako agenteena baino. Garai baten, liburu-denda txiker batzuek egiten eben selekzino-lan hori, eta horregaitik bihurtzen ginan hareen bezero fidel; gaur, ostera, biblioteka batzuek beteten dabe, best selleraren tiraniari uko egiten deutsienean, bihi eta ahotz banatzailearen rol hori.
6. Iraultza digitalari bizkarra emon barik, kultura analogikoari eusten deutsen lekuak diralako. Izan be, biblioteka franko zaharraren eta barriaren arteko nahasketa bitxia (eta erakargarria) bihurtu dira, kultura digitalaren alderdi desbardinen sarrera ahalbidetu daben neurrian. Baina, beti be, nire moduko zale amorratuok estimetan dogun euskarri fisikoaren (liburuaren, CDaren, DVDaren…) materialtasunari uko egin bage, zinez inportantea iruditzen jatana gero eta ez-materialagoa bihurtzen ei dagoan gure kulturea munduan.
7. Literaturazale edo irakurzale ez eze, liburuzale garenontzat espazioa aurreztuteko aukera ezin hobea eskaintzen deuskuelako. Onartu behar da, baldin eta aberaskumea ez bazara (edo atikoak opari jasoten dituen PP, PSOE, CiU edo EAJko politikari horreetako bat; ezabatu zure zirkunskripzino politikoari ez jagokona), istant bat heltzen dala, norberaren bizitzan eta hor erositako liburu guztiek ganezka egiten deutsue; orduantxe, bigarren edo hirugarren etxebizitza baten ezean, ez dago bat gehiagorako lekurik. Apalategien xahuketearen zale ez izatekotan (liburuzale askok sufriduten dabe Diogenesen sindrome bibliografiko hori), eta papelezko liburuagazko loturei eutsi nahi izan ezkero, biblioteketako mailegu-zerbitzua ordezko bikaina suberta leiteke.
8. Irakurketearen alderdi sozializatzailearen bultzagile nagusienetakoak diralako, irakurle-tailerren eta antzeko ekimenen antolatzaile lez. Irakurketea ekintza bakartia da; baina, niretzat, badauka zelanbaiteko gizarte-alderdi bat, normalean irakurketea amaitu ostean gauzatzen dana, eta ekintza beraren alor alienaezina dana. Bibliotekeak, liburuak gure eskura debalde ipinteaz gan, liburuaren inguruko talde-ekitaldi horreen antolatzaile nagusiak dira (ez bakarrak), eta horregaitik bere eskertuta egon beharra daukagula uste dot.
9. Ligetako leku mitikoak dira, alegia (ligetako, alabaina, bigarren puntuan aldarrikatutakoa gogora ekarriz, beti isiltasunean, begiradatxuen, keinuen eta mezu analogiko zein elektronikoen bitartez, eta abar, beti be kitzikagarriagoa bihurtzen dabena dana…). Mitikoak dirala dinot, niri ez jatalako egundo pasau, nahiz eta horren inguruko istorio andanea sarritan entzuna nazen…
10. Leku ordenaduak izanagaitik, aniztasunaren eta jakintzearen kaosaren ispilu diralako. Onartzen dot hau nahiko argudio personal eta, akaso, transferiezina dala, ni neu irakurle desordenadua nazelako, ez sistematikoa, gai batetik bestera, genero batetik bestera salto egitea gustoko dauena. Eta zerk emoten dau horretarako aukera handiagorik, biblioteka batek baino? Izan be, esan daiteke ez dagozala liburutegi bi guztiz bardin, ez funtsei ezta (lerro orokor eskergarri batzuk alde batera itxita) liburuen klasifikazinoari edo banaketa espazialari jagokonean be. Bibliotekak zorioneko kaos ordenaduak dira.
11. Liburutegiak maite dodaz ez dabeelako ezertarako balio, ez liburuek eta literatureak baino gehiago, sikeran. Gastu publikoa justifiketako berehalako erabilgarritasunari deiadar egiten jakon garaiotan (errepideak, abiadura handiko hondorik bako putzu burdinbidedunak, osasuna, pentsinoak, armadea…), kontsolagarria da gure plazerra eta jakintzea zabaltzea beste helburu ez daben erakundeetan dirua (gitxiegi beti) gastetan jarraitzea.
Esan daigun ozen: gora liburutegiak, luzaroan bizi bitez!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!